Andoni Egaña finalean hil zenekoa

Patxi Gallegok eta Xabi Payak bertsolaritzaren munduan girotutako komikia ondu dute 'Bertsolari' aldizkariaren 100. zenbakirako.Umorea eta satira erabili dute genero beltzari jarraitzen dion istorioa kontatzeko

Maialen Lujanbio, Jon Maia, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus, Andoni Egañari begira, Patxi Gallegoren irudietan. PATXI GALLEGO.
mikel lizarralde
Donostia
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Andoni Egaña hil da/ Baina hik zer dionk!?/ Jesika, Aguazila/ Amaia, Bertsokop!/ Argitu ezazue/ Istripua zein konplot/ Nola hil den edota/ Nork hilko lukeen? Nork!?». Bertso bakarrean laburbil daiteke Patxi Gallegok eta Xabi Payak lau eskutara ondu eta Bertsolari aldizkariak 100. zenbakira iritsi dela ospatzeko argitaratu duen Nork komiki liburuaren abiapuntua. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala Barakaldoko BECen. Eta parte hartzaileen artean Egaña, lau aldiz txapeldun izandakoa eta ustez lehiatik kanpo gelditzeko asmoa zuena. Baina ez. Finalean da, eta finalisten artean bera nagusi. Txapela jantzi eta agurreko bertsoa kantatu behar duenean, ordea, mikroa ukitu eta ziplo eroriko da. Elektrokutatuta.

Hortik abiatuta, lau ikertzaile, lau detektibe, jarriko dira buru-belarri Egañaren heriotza ikertu nahian: Amezketako aguazila, Jesika Fletxeberria, Amaia Ezpeldoi eta Bertsocop. «Horietako bakoitzak arketipo bati erantzuten dio», Paya gidoilariak azaldu duenez. Amezketako aguazilak ikuspegi kontserbadorea ordezkatuko luke, «purista eta garbizalea», Fletxeberriak ikuspegi emotiboa, bertsozale amorratuarena —Kontxi Belandia galdakaoztarra du oinarrian—, Amaia Ezpeldoi Itxaro Bordaren lumatik ateratako detektibeak «ikuspegi periferikoa, lesbiana eta Iparraldekoa den heinean», eta Bertsocop robot bihurtutako bertsolariak pragmatismoa.

Haiei egokituko zaie Egañaren heriotza ikertzea, eta bidean «euskal iruditeria konpartitu bat» osatzen duten hamaika pertsonaiarekin gurutzatuko dira. Apenas inor falta den: Unai Elorriaga, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Juan Mari Arzak, Porrotx, Ramon Saizarbitoria, Maialen Lujanbio, Ainhoa Arteta, Uxue Alberdi, Kontxu Odriozola, Iban Zaldua... eta baita Olentzero eta Mari Domingi sexualki aktiboak ere. «Gaizka Arangurenek behin esan zuen euskal iruditeria konpartitu bat behar genuela, eta nik ere borondate hori nuen». Hain zuzen ere, zineman bezala, pertsonaia horiek cameo-ak egiten dituzte istorioan. Gallego: «100 bat pertsonaia marraztu behar izan ditut»

Ia hiru urteko lana

Gallegok eta Payak egin dute lana, baina ideia —komiki bat egitearena—, Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariaren zuzendariak helarazi zion 2013aren hasieran Gallegori. «Nik ezin ezetz esan», azaldu du marrazkilariak. Bertsolaritzaz ezer gutxi dakiela aitortuta, gidoia idatziko zukeen norbaiten bila hasi, eta Xabi Payaz eta haren anaia Frediz oroitu zen. «Azkenean Xabirekin bildu eta adostu genuen».

Gaur egun Nork izenburuarekin argitaratu duten komikiaren 144 orrialdeetatik 28 bat Bertsolari aldizkarian agertu dira 2013tik hona Hamar bertsolaritxo izenpean. «Lan handia izan da», Gallegok dioenez, eta lan karga hori areagotu egin dute Payak egindako proposamenek: «Pentsatzen nuen sinpleagoa izango zela, baina eginarazi dizkit gauza oso zailak!».

Nork-en hamaika pertsona ezagun agertzen da, baina herri kultura unibertsalari eginiko erreferentzia eta keinuak ere ugari dira. Simpson familia, Gadget inspektorearen etsaia, Big Bang Theory telesaila, Marveleko komikiak nahiz mangak.... «Badu nolabaiteko helburu pedagogiko bat. Erreferentziak, zitak....», Payak azaldu duenez.

Umorez, komediaz eta satiraz landua badago ere, komikiak genero beltza, zientzia-fikzioa, errealismo magikoa eta bestelakoak nahasten ditu, eta jakina, bertso asko ere biltzen ditu bere barnean.

Eta Andoni Egañak irakurri ote du Nork? Gallego: «2013an hasi ginen ateratzen Bertsolari-n, eta, dirudienez, grazia egin zion!». Orain izango du aukera jakiteko nork eragin zion heriotza 2013ko abenduaren 15 hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.