Andere Arriolabengoa aramaioarrak irabazi zuen atzo Trebiñun Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-zortzirena, 192,5 puntu lortuta. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Xabi Igoa (191), Asier Rubio (176), Irati Anda (175,5), Danel Herrarte (174) eta Oier Arbina (172,5). Gai-jartzaile lanetan Lierni Altuna aritu zen.
Joan den ostiralean abiatu zen Arabako XV. Bertsolari Txapelketa, eta asteburuan jokatu dituzte lehenengo faseko hiru saio. Amurrioko lehen saioan Iñaki Viñaspre nagusitu zen, 202 puntu lortuta. Eta honako hauek geratu ziren haren atzetik: Unai Anda (191), Paula Amilburu (190,5), Xabier Antia (168,5), Eukene de los Aires (162,5) eta Aitor Najera (151,5).
Herenegun, berriz, Manex Agirrek irabazi zuen Biasteriko final-zortzirena, 185 punturekin. Haren ondotik, honela geratu zen sailkapena: Asier Otamendi (180,5), Manu Bendala (178,5), Aitor Ugarte (167), Ander Aranburu (161,5) eta Unai Gomez (159,5).
Legutioko (apirilak 8) eta Langraizko (apirilak 9) saioek emango diote amaiera lehen faseari. Parte hartuko duten 30 bertsolariek behin bakarrik kantatuko dute fase horretan, eta saioaren irabazlea zuzenean sartuko da hurrengo fasera. Gainerako bertsolariak, berriz, lortutako puntuen arabera sailkatuko dira.