Urteak daramatza Ander Lipusek bai antzerkian, bai antzerkigintzan, bai eta antzerkiaren inguruko ikerketan ere. Urte horietan guztietan, euskarazko eduki teorikoen hutsunea sumatu izan du, eta, hutsune hori betetzeko asmoz, eduki edo corpus teoriko horiek berak sortzea erabaki du. «Askotan, kexu gara ez daudela nahikoa eduki, baina guk geuk egitea da aukera bakarra», adierazi du Lipusek. Susa argitaletxeak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarrekin plazaratzen duten Ganbila bilduman kaleratu ditu Antzerkiaren labirintoan I eta Antzerkiaren labirintoan II liburuak. Antzerki testuei eskainitako sailaren 22. eta 23. zenbakiak dira. Lipusek bere ibilbide artistikoa izan du ardatz liburuak idazteko orduan.
Oier Guillan Ganbila bildumako editoreak iritzi dio ibilbide bat egina duen antzerkilari orok autobiografia bat edo bere ibilbide artistikoaren inguruko gida bat argitaratu beharko lukeela; «Lipusek biak egin ditu». Editorearentzat, obra bakarra osatzen duten bi lan dira. Lehenengo liburuak Bitakora koadernoa azpi-izenburua darama, eta egilearen bizitzaren errepasoa egiten da hartan, baita inguruan duen kulturgintzarena ere. «Artista baten bilaketaren deskribapena da; tarteka dibertigarria, tarteka poetikoa».
Bigarren liburua bi atalek osatzen dute. Lehenengoa gida moduko bat da; Guillanen hitzetan, gida teoriko-praktiko-poetiko bat. Antzerkia egin, ulertu edo ikusi nahi duenarentzat «opari bat» dela uste du editoreak. Minotauroa labirintoan da bigarren atala, eta Lipusek bere ibilbidean argitaratu dituen artikuluen bilduma bat da.
Ikerketa
«Aspalditik nuen gogo bat gauzatzea lortu dut», aitortu du Lipusek. 18 urte zituela, Madrilera antzerkia ikastera zihoanean, aitak Konstantin Stanislavskiren Aktore bat prestatu egiten da liburua oparitu zion. Egileari bitxia iruditu zitzaion antzerkiaren inguruko liburu bat egotea, garai hartan ezer gutxi baitzekien mundu horretaz. Harrezkero, aktore lanbidean aritzeko beharra ez ezik, «maisu handiak» irakurtzekoa ere ikusi zuen. «Antzerkia egiteaz gain, beharrezkoa da haren inguruan gogoeta egitea eta ikertzea ere». Aldarrikapen hori are beharrezkoagoa iruditu zitzaion euskaraz ikasteko aukerarik ez zegoela eta.
«Nigandik idatzi eta kontatu ditut antzerkiaren inguruko gogoetak». ANDER LIPUSAntzerkilaria eta liburuaren egilea
Duela bost urte hasi zen bi liburuak sortzeko proiektuarekin, baina, kontatu duenez, hasieran ez zekien ongi nondik jo. Guillani laguntza eskatu, eta hark «beldurrik gabe idazteko» aholkatu zion. Bi erreferente aipatu ditu Lipusek: Stanislavski bera, eta Juan Ibarzabal bertsolaria. Biek lan teorikoak sortu zituzten euren ibilbidean oinarrituta, eta gauza bera egitea bururatu zitzaion. «Nigandik idatzi eta kontatu ditut antzerkiaren inguruko gogoetak», azaldu du.
Bitakora koaderno moduko bat sortu du horrela; 1971. urtetik hasi — Lipus jaio zen urtea— eta 2021era artekoa. «Hainbat teoriari eta pertsonari buruzko mapa bat osatu nahi izan dut». Euskal Herriko eta atzerriko artisten eraginak azaltzen ditu Lipusek liburuetan. Euskal erreferenteak euskal kulturari buruz hitz egiteko baliatu nahi izan ditu. Bertso mundua eta musika ere izan ditu ardatz bere lanak ontzeko orduan. «Halaber, arte bisual eta plastikoetan aritzen den jende asko agertzen da. Mundu horiek erakutsi nahi izan ditut, oso mundu desberdinak direlako».
Corpusa sortzeko «beharra»
Antzerkiaren inguruko corpus teoriko bat sortu du antzerkigileak, uste baitu «ezinbestekoa» dela. Euskaraz jasota ez dauden hainbat elementu eta hitz bildu ditu, horietako batzuk euskaraz teorizatu gabeak. Egileak uste du azaldutako terminoak baliagarriak izan daitezkeela aktoreentzat.
Lipusi «zoragarria» iruditu zaio liburu bat osatzeko idazkera lantzea. Hala ere, egileak oso argi zuen arren zer kontatu eta nola, garrantzia eman dio irakurleak kontzeptuak erraz ulertu ahal izateari: «Gure ustez, lortu dugu lan atsegin bat sortzea irakurlearentzat». Gainera, liburuetako kapituluak solte irakurtzeko modukoak direla gehitu du.