Anbiziozko bira bat Polonian

Euskadiko Orkestrak Varsovian, Wrocklawn, Krakovian eta Katowicen joko du datorren astean, Beethoven jaialdian. Ravel eta Mahler konpositoreen obrak interpretatuko ditu

Euskadiko Orkestrako antolatzaile eta musikariak, atzo, Miramongo egoitzan (Donostia). JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestraren nazioarteko oihartzuna gero eta nabariagoa da; hainbat herrialdetan erakutsi baitu bere lana. Nolanahi ere, inora bidaiatu gabe zegoen taldea pandemiaz geroztik. Datorren astean izango dute horretarako parada. Izan ere, Polonian izango dira lehen aldiz, hilaren 28tik 31ra bitarte: musika klasikoaren inguruan antolatzen den Beethoven jaialdi ezagunean. Lau hiritan joko dute: Varsovian, Wroclawn, Krakovian eta Katowicen, hurrenez hurren.

Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak azaldu du jaialdiko kartelburu izango dela orkestra, eta, beraz, taldearen parte hartzeak «ikusmin handia» sortu duela jaialdian. Are, jakinarazi du lau kontzertuetarako sarrera gehienak salduta daudela dagoeneko. «Gure orkestrarena izango da Beethoven jaialdiko ikuskizunik handiena, eta erronka handia da hori», adierazi du, pozarren. Hortaz, «anbizio handiko» musika programa bat prestatu du taldeak okasiorako —lau hirietarako berbera—. Hain zuzen, Maurice Ravel eta Gustav Mahler konpositoreen musika uztartuko dute emanaldian.

Ravelen lanik garrantzitsuenak biltzeko, bi disko monografiko grabatu ditu berriki Euskadiko Orkestrak, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Hain justu ere, horietako batekin abiaraziko dituzte Poloniako lau kontzertuak: Pavane pour une infante défunte izeneko diskoarekin. Aste honetan bertan Kursaal auditoriuma goraino bete duen obra bat interpretatuko dute ondotik: Boléro. «Taldeak azkenaldian aurkeztu duen begirada berritik interpretatuko dugu;Ravelen euskal alderditik».

Kontzertuaren bigarren zatian, Mahlerren 5. Sinfonia izango da protagonista. «Dimentsio eta zailtasun handiko lana da, baina Euskadiko Orkestrak oso ondo prestatuta dauka, duela zenbait aste denboraldiko kontzertuetan eskaini baitu».

Ehun musikarik osatzen dute Euskadiko Orkestra, eta, tartean, badira musikari poloniar batzuk ere. Horietako bik, Antoni Kosc eta Justyna Janiak-Krymer biolin jotzaileek, adierazi dute bira hau «oso berezia» izango dela eurentzat. Janiak-Krymer: «Hunkigarria izango da nire herrialdera itzultzea, nire sustraietara». Horrexek berak pozten du Kosc ere. «Aukera handia da gure hango lagunei eta senideei erakusteko zer lan egiten duen Euskadiko Orkestraketa nolako maila handia duen. Taldekideei gure hiria erakustea ere plazera izango da».

Varsoviarrak dira biak; musika ikasketak ere bertan egindakoak, gainera. Haur zirela, egunen batean Varsoviako Filharmonia Nadorowako auditoriumean jotzeko aukera izatea zuten desio, eta, hain justu, areto horixe izango du orkestrak lehen geltoki.«Oso areto ezaguna da, zoragarria. Datorren astean beteko dugu haurrak gineneko amets hura; gure hirian joko dugu, eta zorte handia da hori guretzat», adierazi du Janiak-Krymerrek.

Bira dela eta, pozarren agertu da Treviño, orkestrako zuzendaria. «Biran joatea oso garrantzitsua da kultur erakunde gisa, Euskal Herriko musika erakunde enblematiko gisa. Garrantzitsua da Euskal Herriarentzat balio kulturalak ez ezik musika balioak ere kanpoan erakustea eta hango jendearekin elkarrizketa eta trukea izatea».

Beethoven jaialdia

Krzysztof Penderecki konpositoreak —orain dela hiru urte hil zen— eta haren emazte Elzbieta Pendereckak sortu zuten Beethoven jaialdia, 1997an. Erakundekolehendakari da andrea egun, eta harengandik jaso du orkestrak gonbidapena.

Rochek azaldu duenez, Treviñok Pendereckarekin luzaroan izandako harremana izan da Euskadiko Orkestra jaialdira gonbidatzeko gakoetako bat. «Treviñori zor diogu jaialdian parte hartzeko aukera eduki izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.