Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Patrick Alfaya. Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendaria

«Anbizioa izan nahi badugu, ezinbestekoak dira aliantzak»

Bihar hasiko da Donostiako 79. Musika Hamabostaldia, eta Patrick Alfaya zuzendaria gustura ageri da osatu duten egitarauarekin. Jendea ari da sarrerak erosten, eta jaialdia egonkortuta ikusten du.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitaraua xehe-xehe azaltzeko arazorik ez luke izango Patrick Alfaya zuzendariak (Madril, 1971), ondo ezagutzen baititu jaialdiaren 79. edizioak biltzen dituen 93 ikuskizunak. Kontent ageri da programazioarekin, negoziatu behar izan duen arren: «Nik A nahi badut eta zuk Z, tarteko zerbaitekin konformatu beharko gara, N-rekin edo». Harromintzo da jaialdiak elkarlanean ekoitzi dituen lanez, eta argi dio hori dela ibili beharreko bidea, inguruko eragileekin lankidetza. Dena dela, kezkatzen dute kultur kontsumoaren aldaketek —gazteengan, batez ere— eta erakundeen inplikaziorik ezak.

Gustura zaude aurtengo programazioarekin?

Beti daude hobetuko zenituzkeen mila kontu, eskura dituzun denboraren, espazioaren eta, batez ere, diruaren arabera. Jakinda zein baliabide ditugun eta beti gerta daitezkeela gorabeherak, esan dezakegu nahiko gustura gaudela. Batik bat, hemen sortutako gauzak eduki ditzakegulako. Aukera daukagu opera bat egiteko hainbaten artean, Jon Maia dantzariarekin hitz egin eta Adio martxan jartzeko Arantzazun, haurrentzako emanaldi bat antolatu eta Donostiako hainbat eragile tartean sartzeko. Hori gustatzen zait niri, eta hori da ibili beharreko bidea.

Ekoitzitako eta eskatutako proiektu asko daude: Italiarra Aljerren opera, Buenos Airesko Colon antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo jaialdiarekin [Espainia]; Itsasotik eskolara haurrentzako ikuskizuna, Donostiako hainbat eragilerekin elkarlanean; Adio Kukai dantza konpainiarekin...

Gauza batzuek zentzua dute baldin eta hemen hasten badira. Adio-k, esaterako, edo Amoria-k, Labeque ahizpen proiektuak. Hemen sortu, hemen aurkeztu, eta ondoren kanpora eraman; horrek du zentzua. Ederra da opera edo Adio gure ekoizpenak izatea, baina nahiko genuke Adio beste tokiren batean erakustea ere. Kontua da Arantzazurako lan bat prestatzeak oso baldintza jakinetan aritzea dakarrela, eta zaila izan daiteke handik mugitzea.

Nola doa sarreren salmenta?

800.000 euro jaso behar ditugu denera, eta joan den astean 715.000 genituen jasoak. Iritsiko garela espero dut! [barrez] Kontzertu batzuetarako sarrerak amaitzen ari dira: La Fura dels Bausen Kreazioa-ren lehen emanaldirako amaitu dira dagoeneko, eta bigarrenerako ere segituan amaituko dira. Aste honetan jaitsiera bat igarri dugu Jazzaldia dela eta: hirian pisuzko beste aktore bat badago, publizitatean indar handia egiten duena, nabaritu egiten da. Eta guk hori babestu behar dugu gainera, anai-arrebak baikara.

Jende bera joaten al da bi jaialdietara?

Jazzaldiko entzuleen batez besteko adina txikiagoa da, eta espazioak bereizi behar dira: hondartzako kontzertuek ez dute zerikusirik Kursaalekoekin edo Trinitate plazakoekin. Bestalde, gazteei gero eta gehiago kostatzen zaie sarrerak erostea. Arrazoi ekonomikoak daude, noski, baina baita aldaketa kultural bat ere, ikuspegi antropologikotik. Ni gaztea nintzenean, ez zegoen ezer deskargatzerik, ordaintzera behartuta geunden. Orain, doako eskaintza izugarria dago, eta kosta egiten da jendeak ordaintzea. Huts larria da, ez kulturan soilik, zerbitzu askotan ere bai, eragin handia baitu lan baldintzetan.

Jende guztiaren artean, berebiziko kuriositatea dut La Fura [dels Baus] ikustera etorriko direnengatik. Hamabostaldiko entzule asko egongo da, jaialdiko abonuan zegoelako, baina musika klasikoaren jarraitzaile ez direnek, musika klasikoa entzutera urtean behin joaten direnek, sarrera asko erosi dituzte. Gauza bera gertatu da Amoria-rekin.

Kursaalean, Rossiniren opera bat programatu duzue haren heriotzaren 150. urtemugan.

Rossinik gauza asko eskaintzen dizkigu: hasteko, urtemuga bera ospatu beharreko zerbait da. Halaber, Kursaaleko orkestra zuloa ez da erraldoia, eta hor sartuko diren orkestrak behar ditugu. Alde horretatik, Rossinik ez du emateninolako arazorik. Eta, Rossini bufoa, komikoa, zaila da jendeari ez gustatzea. Agertokian etengabe gertatzen dira gauza komikoak.

30 urte dira Italiarra Aljerren Donostian egiten ez dela. Operarekin arrakasta lortu zuen Rossinik, eta bitxia da: gizon kontserbadorea zen, baina emakumezkoa da obrako pertsonaia nagusia. Garai hartako operetan, emakumezkoak bigarren mailako pertsonaiak izan ohi ziren, erreginak edo jainkosak, edo senarraren heriotzagatik negarrez ari ziren alargunak. Rossiniren operan, ordea, emakumea bera da erdigunea, bera da autoritatea. Kristauen eta musulmanen arteko harremana ere lantzen du operak, eta azpimarratu guztiok pertsonak garela guztiaren gainetik. Erlijioari garrantzi handia ematen zitzaion orduan, eta gerora ere berreskuratu du, gaur egun arte, baina obrak argi uzten du pertsonak garela, ideologien eta sinesmenen gainetik.

Yannic Nezet-Seguin zuzendari entzutetsua hirugarrenez izango da Hamabostaldian, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin emango duen azken kontzertuetako batean. Orkestrak 100 urte beteko ditu abuztuan, gainera.

Yannic gaztea, hala deitu izan diogu lehenengoz etorri zenetik, baina urteak aurrera doaz [barrez]. Oraindik ere, orkestra zuzendari guztiak 60 urterekin baino gehiagorekin irudikatzen ditugu; Yannicek, gaztea den arren, 40 beteak ditu. Rotterdamgo orkestra utzi, eta New Yorkera joango da, Metropolitanera. Jaialdian lanean hasi nintzenean, neuk egin nuen lehen eskaera izan zen zuzendaria ekartzea, eta, ordutik, makina bat aldiz izan da gurean. Rotterdamgo orkestra oso eroso sentitzen da hemen, eta guretzatere garrantzitsua da horrelakoak ekartzea. Bitxiak dira Herbehereak: gutxik aipatuko dizute hangokonpositore bakar bat, baina sekulako orkestrak daude.

Viktoria Eugenian denetatik egongo da: pianoa, musika zelta eta dantza.

Lehenengo, Alexandre Tharaud pianista frantziarra izango dugu gurekin. Musikari bikaina da, eta zineman ere lan egin izan du, Michael Hanekeren Amour filmean (2012), esaterako. Kontzertu berezia egingo du: joko ditu Beethoven eta horrelakoak, baina aipatzekoa da Erik Satieren obrak ere joko dituela; XX. mendearen hasieran konbentzio asko hautsi zituen musikagileak. Musika modernoa egiten zuen orduan, eta modernoa da gaur egun ere. Inor axolagabe uzten ez duen musikari horietako bat, zalantzarik gabe.

Carlos Nuñez eta Jordi Savall ere ariko dira Viktoria Eugenian. Nuñezek musika zeltaren sukarra igaro du dagoeneko, eta Savall Kataluniako musikari ezagunenetako bat da nazioartean. Bakoitza bere mundutik dator.

Herve Koubi Dantza Konpainiak emango du Viktoria Eugeniako hirugarren kontzertua. Dantza nahasketa bat egiten dute, Wagnerren musikatik Afrikako musika tradizionaletara saltoka arituz. Indar handiko ikuskizuna izango da.

Haurrentzako kontzertu bat ere ekoitzi du Hamabostaldiak, aspaldiko partez, eta Viktoria Eugenian egingo da hori ere. Hamabostaldi Berdearen filosofiarekin bat egiten duen proposamen batekin, gainera: material berrerabiliekin egin dute ikuskizuna. Emauseko jendea ere badago tartean, eta Easo abesbatza ari da proiektua gidatzen. Ondoren, hemendik kanpora eraman nahi dute, baina pausoz pauso egingo dugu: aurrena egin, grabatu, eta ondoren ekoizpenaren mugikortasuna aztertu. Ez dut uste arazorik izango duenik. Hori da bilatu nahi genuena: hemendik urte batzuetara berriz egiteko aukera eskainiko digun zerbait izatea. Haurrentzako egindako gauzek abantaila hori dute: haurrak hazi egingo direla, baina etorriko direla beste batzuk. Lasai asko errepika daitezke emanaldiak urte batzuen buruan.

San Telmoko ostegun musikalekin hasi zineten iaz, eta errepikatu egingo duzue aurten.

Krisi garaian, ganbera musika programaziotik kendu behar izan genuen, baina beti genbiltzan berriro txertatzeko gogoarekin. Kursaaleko ganbera aretoa handiegia da, ordea, nekez bete genezake, eta San Telmok eskaintzen duen espazioa oso egokia da guretzat. Aparteko tokia da San Telmo museoa, hiriaren erdigunean egon arren, baduelako halako sosegu bat. Hor dituzu hiriko zarata, hondartza, turistak... Baina San Telmora joan, eta, bat-batean, txorien kanta entzuten duzu ia. Gainera, museoko jendea oso langilea da.

Museoak antolatu duen erakusketarekin batera egin dugu gure lana, haiek eskaintzen dutena osatzeko. Beti da errazagoa gu haienera moldatzea alderantziz baino. Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak erakusketa ikusgai dago San Telmon, eta mitoak eta tradizioak ardaztu dituzte han egingo ditugun emanaldiak ere. Kontua da ganbera musikak XIX. mendean indar handia hartu zuela burgesiari esker, baina burgesia ez zen ari mitologiari begira. Barrokoko erregeak eta jauntxoak bai, eta hala justifikatzen zuten haien boterea, baina XIX. mendeko lanen artean miatzea nekezagoa izan da. Halere, erreskatatu ditugu gauza batzuk. Azkenean, mitologia eta tradizioa etengabe nahasten dira: mitologiak tradizio batzuk sortzen ditu, eta badira tradizioetatik sortutako mitoak ere. Zirkuluan bizi diren ideia horietatik abiatu gara kontzertuak erabakitzeko.

Kolaborazioetatik sortuak dira jaialdiko egitasmo ugari. Iaz, elkarlan handia egon zen Santanderko jaialdiarekin [Espainia], balorazioan zuk zeuk aipatu zenuenez, gehiegizkoa akaso. Aurten, nabari da jaitsiera.

Denoi komeni zaigu elkarlana: ez da gauza bera talde bat bi kontzertutarako edo lautarako kontratatzea. Zenbat eta kontzertu gehiago lortu talde batekin, orduan eta errazago negozia daiteke. Posible da iaz Santanderko jaialdiarekin gauza gehiegi partekatu izana. Urte luzeetako harremana daukagu, eta hemen sortutako proiektu askok kanpora joateko aukera dute harreman horri esker. Baina kontuz ibili behar da,batzuetan jaialdiaren identitatea galtzeko arriskua ere egon daitekeelako. Aurten, elkarlan txikiagoa izan dugu, bai, baina ikuspegi artistikoagatik, bakoitzak bere aldetik joatea erabaki duelako. Litekeena da hemendik urte batzuetara egoera berarekin topo egitea. Artistikoki anbizioa izan nahi badugu, bi bide daude: ekonomikoki asko haztea —izugarri zaila—, edo aliantzak jostea, ezinbestean.

Administrazioaren babesa ere handitu zen iaz. Nabaritu al da jaialdia indartu dela?

Urte txarrak igaro ditugu. Ustekabean, esan ziguten: «100 eurotik ez zarete 90ekin geratuko, 79rekin baizik». Eskerrak sarrera asko saltzen ditugun: ehunekotan, Europa osoan sarreren salmentatik diru gehien ateratzen duen jaialdietako bat gara; aurrekontuaren %40. Baina murrizketek ezegonkortasun handia eragin zioten jaialdiari. Guk hartzen ditugun konpromiso asko bi edo hiru urteko aurrerapenarekin hartzen ditugu, eta zaila da azken unean bertan behera uztea. Jaialdiaren izen ona dago jokoan, eta jende pila bat mugitu behar duzu, gainera. Orain ez da horrelakorik gertatzen, egoera ekonomikoa aldatu egin da, eta egonkortu egin gara. Oraindik ere urruti gaude 2004ko zenbakietatik, baina, tira, nahiz eta aurrekontua alda daitekeela jakin, badakigu aldaketa hori txikia izango dela. Azken batean, jendeak sarrera asko erosten dituelako gaude hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.