KRITIKA. Haur eta gazte literatura

Anbibalentea

'Armiarma oso lanpetuta dago' liburuaren azala.
'Armiarma oso lanpetuta dago' liburuaren azala.
2024ko maiatzaren 12a
05:10
Entzun

'ARMIARMA OSO LANPETUTA DAGO'

Idazlea: Eric Carle. Ilustratzailea: Eric Carle. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Batzuetan gertatzen zait monotoniak itsu bihurtzen nauela. Ofizioz hainbat liburu pasatzen dira nire begien aurretik, eta zentzumenak sorgortuta amaitzen dut. Zorionez, irakurketa mintegi batean parte hartzen dut (eskerrik asko, Galtzagorri!) eta bertan egindako berrirakurketetan begietako lausoa kentzen zait, kasurako Eric Carleren lan honekin, hausnarketa zorrotzak plazaratu zituzten Elena eta Itsasoren laguntzaz. Bihoakie nire esker ona.

Kontakizuna ingurune naturalean eraikitzen da, etxe abereak nagusi diren leku batean, baina armiarma bezalako protagonista deseroso batekin. Egilearen ofizioa lagun, azalean armiarma anbibalentea dakusagu, izugarria, bai, baina baita irrigarria ere, hanka iledun horiekin eta mozolo aurpegi horrekin.

Baldin eta ilustrazioen papera fundamentala bada albumetan, Carleren lanetan are eta gehiago, emozioak birbideratzeko gaitasuna lortzen duelako formak eta testurak guztiz baldintzatzen dituen bere collage-teknika ospetsuarekin. Armiarmaren irudiarekin nabarmen geratzen da: irudia hondo neutro (zuri) batean eraiki da, aldez aurretik kolore bizi eta distiratsuetan margotu eta estanpatu diren txatalekin, garbi antzemateko moduan, nagusiki angeluzuzena den emaitza sortuz. Irakurleak har dezake, beraz, ikono baten aurrean egotearen distantziazko jarrera lasaigarria, piezak agerian dituen eraikuntza bat naturalismotik oso urrun dagoelako, eta aldi berean forma eta kolore horien estetika berdingabearekin atsegin hartu. Horra maisulana.

Esaten ari ginen kontakizuna natura-ingurune batean gertatzen dela, zehazki hurrenkera honetan agertzen diren hamahiru pertsonaia hauekin: eguzkia, armiarma, zaldia, eulia, behia, ardia, ahuntza, zerria, txakurra, katua, ahatea, oilarra eta hontza.

Armiarma amarauna iruten hasten denean abiatzen da ipuina, errepikapenezko dinamika batean. Orri biko bakoitzean, banan-banan, abereengandik jasotzen dituen eskaintzei ez entzunarena egiten die, harik eta oilarrak armiarmak entzun nahi duen hori esaten duen arte: «Euli gogaikarri bat harrapatu nahi?».

Eskema errepikatu honetan, lehenik animaliak bere hotsa egiten du, jarraian narratzaileak azpimarratzen du, eta azkenik jarduera proposatzen du, halatsu: «Iiiiiii! —irrintzi egin zuen zaldiak—. Itzuli bat egitea nahi?». Ematen du haur irakurleak mekanika ikasi ahala onomatopeiak esateko grinaz ariko dela.

Hainbeste albumetan erabili izan den egitura honi ezohiko amaiera eransten dio egileak, aldarrikatu nahi duen ideia azpimarratzeko edo: oilarrarekin kontakizunaren gailurra erdietsi arren, hontza agertzen da haren ostean, armiarmak berriz ere errefusatuko duen proposamen batekin. Izan ere, ipuintxo honen mezu nagusia jarraikitasunari egiten zaion gorazarrea da, ahaleginari eta ondo egindako lanari eustea, distraitzeko tentazioa ezentzunez.

Amaitzeko, kasu egin armiarmaren hariari, tinta puztu batez markatua dagoelako, hatz muinekin erraz antzemateko moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.