Artea. Begiz

Zuloagaren ondorengoak

Ismael Manterola
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Orain gutxi arte nire herrian ikus nezakeen koadroa Londresen saldu da Sotheby's enkante etxe famatuaren eskutik, azaroaren 22an.

Madame Souty sofan etzanda da Ignazio Zuloagak 1921ean pintatutako koadroaren izenburua. Artista eibartarrak Parisen zuen modelorik gogokoenaren biluzia oihalen artean argi eta garbi azaltzen da. Bere biluztasunean espainiar erara irudikatuta dagoela esan daiteke, buruan peineta baitu eta sorbaldan mantoi beltz gardena.

Ez da nire gustuko koadroa. Zuloagaren koadroren bat aukeratzekotan ez nuke Sotheby'sek saldutakoa etxera eramango, baina amorrua hartu dut, Zumaiako Zuloaga museoan hainbeste urtetan gordetako koadroa erraz asko saldu daitekeela konturatzean.

Ondarea zaintzeaz hain arduratuta gauden garaian, zaila da onartzea zein ahula den esku pribatuen borondatean dagoen artelan multzoa. Ez dago zalantzan jartzerik Zuloagaren ondorengoek aitonak lagatako ondarea saltzeko duten eskubidea. Jabego pribatua bizitza baino gehiago baloratzen duen sistemak ez du zalantzarako zirrikiturik lagatzen.

Hala ere, Zuloagak Zumaian museoa sortzeko hartu zuen erabakia une batetik bestera pikutara joan daitekeela jakin behar dugu, ondorengoek hala erabakitzen badute. 1956an pintorearen familiak Grekoren San Joanen Apokalipsiaren begitazioa izeneko koadroa saldu zuen. Koadro berezia zen, Picassok Zuloagaren Parisko estudioan ikusi zuelako eta, itxuraz, Les demoiselles d'Aviyno-n eragina izan zuen.

1920an Zuloagak Santixoko ermita ondoan museoa sortzea erabaki zuenean, urtetan jasotako artelanak bilduma bakar batean elkartzeko asmoarekin egin zuela dirudi. Bilduma horri Zuloagak berak pintatutakoak gehitu zizkioten pintorea hil ondoren. Orain Gipuzkoako ondareak galera izan du; ez bakarrik Madame Souty sofan etzanda koadroa saldu delako, baita bildumaren zati bat Euskal Herritik irten delako, bilobek pintoreak lagatako ondasunen banaketa egin ondoren.

Gipuzkoa burujabe bada ondasun kontuetan, zergatik atera daiteke ondare baliotsua Espainiako herri batera eramateko? Berdin gertatuko litzateke, adibidez, Donibane Lohizunera eraman nahiko balute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.