begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zuek hor, aretoa ezin eskobatu

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Joandako garai ez hain urrunetan, pelikula bukatu bezain fite egiten zuen jendeak alde saloi zinematografikotik. Hiltzailea edo amoranteen zoria zein zen jakin orduko zutitzen ziren ikusleak, eta aretoa abandonatu. The End, Amaiera, Fin, Koniec hitzak pantailan agertzen zirenean egiten genuen ospa.

Pertsonaiek esandako azken esaldiak (denborak eta nostalgiak mito bihurtuko zituzten horiek, alegia) entzun, eta pizten ziren argiak. Inork ez zien amaierako kreditu tituluei erreparatzen. Batzuetan, ez ziren ezta agertzen ere, joandako garai bastante urrunetan pelikulan parte hartzen zutenen berri hasieran ematen baitzen, musika hantu batez lagundurik.

Gaurko egunotan, aldiz, zeharo aldatu dira kontuak. Lehenengo eta behin, sarri, maiz, askotan, pantailan hizki bat ere ikusi barik hasten da pelikula. Ez dizute egilea nor den, antzezleak zeintzuk diren, ezta dirua nork jarri duen ere azaltzen. Ezer ez dut kontra; autore makina batek ikuslea filmean lehenbailehen, kasik boteprontoan, sar dadila nahi du. Agertuko dira gero, kontakizunaren erremate gisa, tituluak, titulu amaiezinak, titulu deliziosoak. Aipatzen dira bertan garbitzaileen, segurtasun guardien, sukaldarien eta kamioien gidarien izenak ere, denak baitira ezinbestekoak filmaketa aurrera atera ahal izateko.

Jendeak gustu hartu dio bukaerako tituluak leitzeari. Eta zineman aritzen direnak konturatu. Egun, kontakizuna bukatu deneko irudiek, grafismoak, soinu bandak ere jarraipen ikus-entzungarria jartzen diote filmari. Ohartu dira aretoak kudeatzen dituztenak ere, eta, pelikulak bere osotasunean merezi duen begirunea erakutsiz, argiak ez dira bat-batean eta aktoreak pantailatik desagertu ondoren pizten. Ikusleek ere onartu izan dute bukatu orduko filmak jarraitu egiten duela, eta titulu garrantzitsuenak irakurri arte besaulkietan geratzen dira izenei begira eta azken kanta entzuten.

Badira, ordea, pantailatik den-dena (abizen mila, babesleen logoak, legeak agindutako oharrak...) desagertu arte beren lekutik mugitzen ez diren zale amorratu batzuk. Normalean, superheroien pelikuletan gertatu ohi da. Superheroien pelikuletan, eta bizpahiru lauzpabost bertsio berri izango duten horietan.

Usatua da industria ikusi dugun horren hurrengoaren irudi batzuk ematera, film horiekin flipatzen den jendaia fina kontent uzteko eta datorrenarekin bertan harrapatzeko. Irudi horiek minutuak eta minutuak pasatu ondoren agertzen dira. Ordurako, ehunka zinema profesionalen deiturak dakizkigu. Baita hornitzaileenak ere; ahaztu gabe finantzaketa zein banketxerekin burutu den. Ezin sinetsi zenbat ikasten den zinemaren barruko kontuez etortzear den pelikula baten aurrerapen apurren zain eta esperoan zaudela.

Alta, egoera bitxiak sorrarazten ditu batzuon zorioneko, besteen ditxosozko itxarote honek. Har dezagun, kasurako, gehiengoak zapuztu duen Venom: The Last Dance amarrutsu eta ganberro hori, hots, bere saga propioaren hirugarrena. Multibertsotik deserritua, gure planetara iritsi zen alienigena da Venom. Nahitaezko du gizaki batekin sinbiosia egitea bizirik iraun nahi izanez gero. Umoretsuak dira biek partekatzen dituzten abenturak, eta, iragarkiei kasu eginez gero, bazirudien hirugarren hau azkena izango zela. Baina zaletuek sekula ez ditugu ontzat hartzen horrelako abisuak. Ederki dakigu Hollywoodek beste bat gehiago emateko modua bilatuko duela. Beraz, hor geunden, laugarrenaren nondik norakoa azalduko zuen zeozeren zain, gure besaulkietatik mugitu gabe. Ez ginen asko, baina geundenak, ginen.

Aretoaren ardura zuen langilea ere zain zegoen lekua noiz hustuko, eskobatu ahal izateko. Argi batzuk (ez denak) piztuak zirela, libre ziren lerroak hasi zen garbitzen, beste inor molestatu gabe. Baina, jakina, horiek jaso ondoren, gurekin egin zuen topo, eta ezin aurrera jo. Beraz, eseri egin behar izan zuen, eta gurekin batera itxaron, izango den Venomen hurrengoaren inguruko zertzeladak jaso genituen arte. Arraroak gara gero frikiok. Xelebreak.

Espero dut bart Gau Beltza izugarria pasatu izana. Santu Guztien Eguna denez gaur, ez galdu Terrifier 3, eta Iparraldeko txiki-txikitxoentzat, Mon premier Halloween. Zaitezte gozo aukeratutako zuen infernuetan.

(ID_14388702) (/EZEZAGUNA) venom
'Venom: The Last Dance' filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.