‘Emakume baten borroka eta metamorfosia’
Egilea: Edouard Louis. Euskaratzea: Harkaitz Cano. Zuzendaritza: Fernando Bernues. Antzezleak: Eneko Sagardoi, Vito Rogado. Lekua: Gernika-Lumoko Lizeo antzokia. Eguna: Irailak 28.
Eneko Sagardoiren izenak beti erakartzen ditu ikusleak —merezimendu osoz, gainera—, eta horrela gertatu da oraingo honetan ere Gernika-Lumoko Lizeo antzokian.
Emakume baten borroka eta metamorfosia izenburu ez bereziki laburra ekarri du proposamenak, eta hitz horiek daukaten karga izan da niretzat antzezlana ikusteko motibo nahikoa. Emanaldia ikusten genuen bitartean, testua liburu batetik etorri izanaren sentsazioa gero eta sendoagoa egin zaigu, eta ekoizleen aldetik beste informaziorik ez dugunez jaso, Internetera jo dut argibide bila etxera ailegatu bezain laster.
Hona hemen aurkitu dudana: seguruenik, esandako izenburu horren atzean Edouard Louis-en (Frantzia, 1992) En finir avec Eddy Bellegueule (Eddy Bellegueule amaitzea) eleberri autobiografikoa dago. Gero, jakin beharra dago Bellegeule ezizena egileak asmatutakoa dela eta mutur (aurpegi) ederra esan nahi duela. Lehen nobela hartan (2014) bere izaeraren berreraikitze emozionala eta soziala aurkeztu zuen, haurtzaroan eta gaztaroan jasandako bazterkeriak aletuz eta amaren figurarekin izandako harreman korapilatsua narrazioaren muinean beti presente dagoela.
Beranduago, beste liburu birekin osatu zuen trilogia bat, baina behintzat lehendabizikoan pobrezia larria, bere homosexualitatea, sendian emakumeek pairatutako indarkeria fisikoa eta berak bizi izandako beste kontu arantzatsu batzuk aletu zituen. Eta rol horretan ibili da Eneko Sagardoi, sinesgarritasuna ematen bizitza horren metamorfosiari, amaren figura ia estatikoa besaulki batean zegoela, noizbehinkako interbentzioak egiten. Rol hori Vito Rogadok jokatu du, oso txukun bere pertsonaian, zoriontasun ezinezkoaren bila beti, eta bere aurpegiaren aldaerak agertokiaren atzeko aldean proiektatu dira etengabe.
Fernando Bernuesen diseinuan dena izan da beltza —argumentua nahiko beltza ez balitz bezala—, baina aringarri legez komeni da jakitea jatorrizko muntaia beste era batekoa zela. Hona hemen Kulturklik-en aurkitu dudana: «Ikusleak hurbil eta bi aldetara [ematen] dituen agertoki estu eta txiki batean [alboetan egongo dira] (apur bat goraturiko oholtza luze eta estua)». Hau da, Jean-Marie Broucareten Kaukasiar kreazko borobila mitiko hartan ikusi genuen moduko agertokia. Sentitzen dut esatea Lizeo antzokian ez dela horrelako moldaketarik egin, eta era guztiz frontal eta urrunean ikusi dugula emanaldia, horrek sortu duen hoztasunarekin. Nik ez dakit nori zegokion kontua, baina argi dago antzokira hurbildu garenok ez dugula jatorrizko muntaiaz gozatu.