Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

Zorionaren definizioa

2014ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gogoan dut telefono konpainia batek duela gutxi kaleratu zuen iragarkia. Neska gazte eder bat udako musika jaialdi batean. Inguruan duen jendea bere modukoa da: gaztea, ederra eta hedonista. Donostiako Zinemaldian Keler karpan topatu dezakezun jendearen modukoa. Gente guapa. Gorrotogarria zait esamoldea. Gorroto dut gente guapa sentitzen dena. Gorroto ditut gente guapa bihurtzea helburu dutenak. Gorroto dut guztia Eivissa bihurtzeko hartu dugun joera. Zizare baten morfologia duen gorroto hitza maite dut ordea.

Itzul gaitezen iragarkira. Neska eder bat musika jaialdiko ikusleen artean integratuta. Saltoka eta zoriontsu. Off-eko ahots batek zera esaten du: «Bere bizitzako unerik zoriontsuena bizi berri du». Bat-batean jabetzen gara gure neska eder eta zoriontsuak eskuan telefonoa duela. Bere bizitzako unerikzoriontsuena grabatzen ari dela. Semea edo alaba jaiotzen denean bideokameraz grabatzen dabilen aitaren moduan. Nork nahi du, ordea, bere jaiotza irudietan gordea izan? Debekatua beharko luke. Jaiotzaren une intimo hori irudietan ez gordetzeko eskubidea bermatu beharko litzateke. Eta horren moduan beste hainbat. Gutxiago grabatu eta gehiago begiratu beharko genuke. Bizitzak, ilargiak bezalaxe, alde ilunak behar dituelako. Garcia Marquezek zioen gizaki bakoitzak hiru bizitza dituela: bizitza publikoa, bizitza pribatua eta bizitza sekretua. Lehen biak aspaldian galdu genituen. Orain, hirugarrena ere ukatu nahi zaigu.

Baina itzul gaitezen beste behin iragarkira. Neska ederra, musika jaialdian, telefonoa eskuetan, «bere bizitzako unerik zoriontsuena» grabatzen. Eta, bat-batean, bere inguruko jende guztiak ere telefonoa eskuetan duela ikusten dugu. Guztiak ari dira beren «bizitzako unerik zoriontsuena» grabatzen. Baina gure neska ederra lasai dago; off-eko ahotsak berehala argituko digu: «Berak 4G konexioa duenez, besteek baino lehenago igoko ditu irudiak sarera».

Horra hor zorionaren definizioa: irudiak grabatu eta beste inork baino lehenago sareratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.