Atzo hasi zen Tolosako 50. Abesbatza Lehiaketa, Esloveniako Vokalina Akademija Ljublijana VAL gizonezko talde entzutetsuaren kontzertu bereziarekin.
Lehiaketak 50 urte, nire kasuan bizitza osoa kasik. Nire haurtzaroaz ditudan oroimenetatik, etxeko ingurumarian urte sasoia azpimarraturik bizi izan dugu beti, aita eta izeba-osabak buru-belarri aritu izan baitziren antolamendu lanetan, eta gu ze suma. Urte osoko bileren oihartzunen ostean, santu guztien eguna hurbildu ahala zetorren zurrunbiloa eta etxeko salan ohe tolesgarri haietako bat beti prest epaimahaikide edo gonbidaturen batentzat. Leidorreko saio arteko aperitiboak zigarro kez girotuak, batetik eta bestetik etorritako jende interesgarriak zioenari jakin minez so.
68ko diktadura garai grisean loraldi aroa zen gure jendartean, birsortzeko eta ernaltzeko beharra; hala, Tolosan talde batek Euskal Herrian hain errotua zen koru zaletasunaren bidea jorratzeko deliberoa hartu zuen. Festivales de España antolamenduan zirrikitua bilatu eta Euskal Kantuaren Abesbatzentzako Lehiaketari ekin zioten oztopo guztien gainetik. Guztien diodanean esan nahi baitut traba besterik ez zutela beren grinari parez pare. Dena zegoen egiteke; Euskal Lurralde osoan zeuden koruak astindu eta erakarri, antolatu, suspertu. Euskal musikaren esentziaz eta beste hamaika gaiez jardun eta eztabaidatu. Abesbatzen federazioak izango ziren erakundeen hazia jarri. Herri osoa horretan murgiltzea lortu zen ilusiozko garai gogor haietan. Aurrerago, estatuko musikari askotarikoen bilgune bilakatu, eta urte gutxiren barruan, Europako talde loriatuenak euskaraz kantatzen jartzea ere lortu zen. Gaurko ikuspuntutik beharbada ulertzen zaila dakiguke orduan honek guztiak eragin zuen lilura. Mendebaldeko Europatik iritsi zen haize berriaren mugak hautsi eta berehala iritsi zitzaizkigun mendebaldeko herrialde «komunistetako» abeslari trebatu eta askatasun grinaz asegaitz zirenak. Bitartean, bertakook ikusi, modu askotara txoratu, gozatu eta ahal zen neurrian ikasteari ekin genion.
Hurrengo jauzian ipar herrietako jakinduria eta folklore koloretsu eta aldi berean hurbileko zitzaizkigunak iritsi ziren kultur garapen aberatsez. Filipinak, Kuba eta Amerika osotik pausoz pauso gure ondareak kolore gehiago eta askotarikoagoak eskuratu zituen Elkanoren mundu biran gertatu eta ia bostehun urtera. Herri mailan askorentzat ahantz ezin, memorian iltzatuak geratu dira bizipen hauek guztiak.
Egun badirudi eszelentzia bihurtu dela lehiaketaren bizkarrezur, musikagintza ustezko «elitearen» kontu bilakatu balitz bezala; nik bederen ez dut lanbide hau horrela sentitzen, besteen artean katebegi bat gehiago baizik, gainontzeko ofizioekin elkartrukean bizirauten duena. Gure ingurumariari zor gatzaizkio eta berarekin kontaktua mantentzen eta probesten saiatu beharra daukan kolektiboa —lehiaketa, kasurako— abiapuntu honetatik aldendu xamar ez ote dabilen esango nuke. Salbuespenak salbuespen, eta dimentsioan esponentzialki txikiagoa izanagatik, Donostiako Zinemaldiarekin alderatuko bagenu, jabetuko ginateke honek ikusleenganako hurbiltasuna mantentzeko egiten duen ahaleginaz. Are eta gehiago ekimen hauek herritik sortuak direla kontuan izanik. Komunikabidetan daukan presentziaz ere, beste hainbeste, klasikoak edo teknologia aurreratuenak barne, lausoa deritzot. Eta geroari begira, ondorengoei txertatu nahiko geniekeen ondareari buruz hutsune nabarmena daukagu haur eta gaztetxoei begira eskaintzen diren egitasmoei dagokienez. Garai bateko mahai-inguru haien oihartzunik ere aspaldian ez zaigu iristen, eta aberasteko ideien elkartrukerako guneak sortzea, naiz gaurko errealitateari birmoldatuak, aurrera begirako ikuspuntu anitzen topaleku eta laborategi aberats bihurtuko lirateke itzuliko balira. Iradokizun hauek behar bada lortuko lukete erakundeekiko harremana hobetu eta honelako egitasmo bakan, garrantzitsu bezain ederrak —gaur egun politikariek dioten hitzetan, estrategikoak— beharrezko duen babesa handiagotzea.
Zorionak aurtengo egitarau oparoa prestatzen milaka ordu eskaini dituztenentzat, eta berrogeita hamar aurrekoetan ere beren ilusioa eta ekimena proiektu bikain honen mesedetan jarri dutenentzat.
IRITZIA
Zorionak 50 urteko lanari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu