Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Zopak

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gure amak batzuetan barre egiten zuen, baina sarritan senetik ateratzen zuten aitatxi eta amatxiren kalamatrikek. Eta ama ernegatzen zenean, arriskutsua zen, edozer agintzen baitzizun. «Hartu erratz handia eta garbitu atartea!». Nire aurreko anaia zaharragoari oilar-airea sartu zitzaion, bederatzi urte egitean. Bederatzi zenbaki handiagoa iruditzen zitzaion hamar baino. Ama betilun sumatzen bazuen, ezabatu egiten zen. Baina gure amak bazuen guk adina malezia, eta buelta batean ez bazen, bestean, laster harrapatzen gintuen zepoan, batez ere anaia hori. Atartea garbitzen jarri zuen, eta han zebilen mutikoa, erratza eskuan eta hortzak gastatzen, marmarrean: «Ez dagoena garbitzea gogorra da gero!».

Gurean neurriz jan behar izaten zen, neba-arreba mordoa baikinen. Aitatxi-amatxiak, gurasoak eta senide zaharrenak mahai batean (altuagoa berau), eta lau edo bost gazteenak beste batean esertzen ginen. Mahai honetatik, anaia marmartiak oihu egin zuen: «Ama! Zopak nahi ditut!». Amak erantzun zuen: «Ez daukagu ogirik, ume». Eskatzaileak ez zuen dudarik izan: «Berdin dio! Nik ogi gabe jango ditut». Eta halaxe jan genituen zopak. Gure ama harrotu izango zen, beharbada, ume konformistak zituelako, baina ez bide zen gehiegi pozten, gerora entzun genionetik: «Umeei ogirik ez daukazula esatea gogorragoa da norberak harria jatea baino».

Gure anaia marmarti hura handitu zen noizbait —ustez—, eta bere lehen gaupasatik eguna argituta itzuli zen. Isilik eta gordean etxeratu nahi zuen, baina askaurre beti ere ilunean, esne-marmita hutsak jo zituen, eta hankaz gora joan ziren bera eta ontziak, burrunba handian. Aitatxi agertu zen galdez: «Zer gertatu da?». Gure anaiak, amorruz, aitatxik ontziak apropos ipini zizkiolakoan, mehatxu egin zuen: «Jotzen bazaitut!». Eta aitatxik isekaz: «Aurrena altxatu egin beharko duk, ba!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.