Andoni Imaz
Lauhazka

Zinema hobe bat

2025eko otsailaren 23a
04:00
Entzun

Halako batean lortu nuen filma ikustea, hortik zehar topatutako kopia eskas batean, eta ni ere sorgindu ninduten uretan islatutako ilunabar gorriek, mitxoleta zelaiek, haurra baino handiago ziren eguzki loreek; nik ere ezin nuen sinetsi bi zaldi —bi zaldi proletario!— aditzea hizketan, oroiminez gogoratzen lanik egiten ez zuten garaia, hegoak zeuzkatenekoa; nik ere sentitu nuen elementu horietako bakoitzak, iragandako denbora bat irudikatzeaz gain, berarekin zekarrela mundu berri baten promesa.

Etxean ikusi behar izan nuen Julia Solntsevaren Zacharovana Desna (Desna sorgindua, 1964), hutsune batek horretara bultzatuta. 2022an, Ikuspuntu zinema jaialdian, sekula ikusi gabea nuen zerbait gertatu zen: proiektatuko ez zen film bat sartu zuten propio programan. Ohar batekin: «Azken orduko miraririk ezean, Desna sorgindua ez da Iruñean proiektatuko. Aurkitutako kopia bakarra 70 mm-ko positibo bat da, eta 70 mm-ko proiektoreak gaizki banatutako ondasun bat dira, gero eta urriagoa. Ez dugu programatik baztertu, leku ordezkaezina duelako han, eta merezi duelako ezagutzea eta errekonozitzea, nonahi banatzea».

Keinu miresgarri hura Miriam Martinek egin zuen; azken lau urteetan, Manuel Asin zuzendari artistikoaren aldian, urtero ziklo bat antolatu du festibalean, ziklo popular bat, jauregitik kanpora, Golem Yamaguchi zinemetan. Urte hartan, hutsunea betetzeko-edo, Martinek Arga sorgindua izeneko ibilaldi bat antolatu zuen ibaiertzean, inguruko bizilagunen konpainian. Eta, bide batez, proiektatu ezin zuen filma kontatu zuen. Filmak kontatzea: ez al da hori ariketa kritikorik oinarrizkoena eta sofistikatuena?

Urte hartan, hutsunea betetzeko-edo, Martinek Arga sorgindua izeneko ibilaldi bat antolatu zuen ibaiertzean, inguruko bizilagunen konpainian. Eta, bide batez, proiektatu ezin zuen filma kontatu zuen. Filmak kontatzea: ez al da hori ariketa kritikorik oinarrizkoena eta sofistikatuena?

Jaialdi egunetan, Martin filmak aurkezten aritzen da arratsaldez eta ibaiertzetik paseatzen da goizez. Arratsaldeetako emanaldiak ezagutzen nituen, gogoangarriak izaten dira, baina iaz izan nuen ibilaldien berri, elkarrekin atera ginenean paseora, ostiral eguzkitsu batez, ibaian gora. Bezperako saioaz hitz egin genuen: Otar Iosselianik filmatutako lore kantari eta zapalduak; Kanadako zuhaitz kiskaliak eta suhiltzaileak; Turkiako basoetan babesgabe lanean ari direnen orbainak eta dantzak; Finlandiako baso ustiatzaileek ekoitzitako lan hezigarri hartako gomazko motozerrak; Amy Halpernen film esperimental batek palmera bat berpizteko duen ahalmena. Denak batera komentatu genituen, ikusi bezalaxe, filmei ere mesede egiten dielako elkarren konpainiak.

Horrelakoak izaten dira saioak, askotarikoak, jolastiak. Baina film horiek oinarri bera dute, zabala eta moldakorra: esan daiteke dokumentalak direla. «Tradizio dokumentaletik, zera iruditzen zait inportanteena, ekoizpena. Hori da oinarrizkoa: zinema merkeago bat da», esan zidan. Eskura dagoen horrekin egiten direlako dokumentalak. Hala ere, hortik aurrera, ezin diote uko egin zinemak eskainitako aukera bakar bati; «pozoi estetikoari», Martinen hitzetan. «Pozoi estetikoa da oharkabean pozten zaituen hori. Emozioa ez dizunean beste emozio batek ematen, pertsonaia baten emozioak, adibidez; emozioak ezaugarri ia magiko hori duenean, hori da pozoi estetikoa».

Bide bazterreko zaldiei begira geratu ginen tarte batez, eta iruditu zitzaigun ez dagoela deretxorik zuhaitzak horrela kimatzeko, muinoi itxura uzteraino.

Martin zinemagilea ere bada, bi film zoragarri ditu eginak; «film txiki bat», esaten die berak, edo «pelikulatxo bat». Ezin du pentsatu beste eskala batean: «Neure buruari hitzeman diot inondik ere ez dudala egingo etxe batek adina balio duen filmik. Ze ni alokairuan bizi naiz. Eta Vuelta a Riaño [bere filmik berriena, Riañoko urtegiak urperatutako herriari buruzko muntatze lan zorrotza] kostatu zen filma egin nuen hilabeteetan alokairua kostatu zena. Film txikiak egin behar dira, bizitzari laguntzen diotenak». Hobeto bizitzeko filmak, zertarako bestela.

Ibaiertzeko paseoan pentsatu dut egun hauetan, pena ematen didalako jakiteak aurtengoa izango dela azken zikloa —Ikuspuntuk, inguruko programaziorik ederrena ez ezik, antolamendurik txukunena ere badu: zuzendaritza lau urtean behin berritzen da, lehiaketa publiko bidez; euskaldunak aintzatago hartzea besterik ezin diot eskatu—. Aringarria da, hala ere, pentsatzea datorren astean, zinematik gauez atera eta oharkabean bueltako biderik luzeena hartzera eramango gaituen elkarrizketa bizi horietako baten erdian, argi izango dugula zer merezi dugun: zinema hobe bat, denontzakoa, zaldiei entzuten eta zuhaitzei begiratzen dakiena, gure mundua sorgintzeko gauza dena. Sinisteko gu ere bagarela gauza hobeto bizitzeko.

(ID_14688127) \'VUELTA A RIAÑO\'
Miriam Martinen Vuelta a Riaño filma. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.