EUSKADIKO ORKESTRA
Zuzendaria: Juanjo Mena. Klarinetea: Mark Simpson. Egitaraua: W. A. Mozarten Klarinete eta orkestrarako kontzertua K 622 eta F. Schuberten 9. sinfonia D.944, Handia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroaren 4a
Klarineterako kontzertua Mozartek bere bizitzan idatzi zuen azken orkestra-obra osoa izan zen. Instrumentu horrentzat idatzi zituen beste hainbat obra bezala, bere lagun eta kide masoia zen Anton Stadlerrentzat konposatu zuen, ondo menperatzen baitzituen corno di basetto-a eta klarinetea. Bere emazteari idatzitako eskutitzari erreparatzen badiogu, kontzertua 1791ko urriaren 7an amaitu zuela pentsa daiteke: bi billar partida jokatu, bere moxala 14 dukaten truke saldu, kafe beltza edan eta «tabako-pipa paregabea» erre ostean, Stadlerren rondoa osorik orkestratu zuela kontatzen dio. Hori da, hain zuzen, K622 kontzertuaren azken mugimendua.
Mozarten obra ia guztietan bada halako zailtasun ironiko bat: aise entzuten dira barne-jolasak, baina ez dira erraz ebaztekoak. Haatik, Mark Simpson bezalako musikariak bakarlariari eska dakizkiokeen tasun guztiak biltzen ditu, eta hasieratik sumatu zen hori Kursaalean: erregistroa guztiz menderatzen du, espresioa eta fraseatzea une oro egonkor mantenduz, eta dinamika guztiz ederrak zabaltzen ditu malgutasun harrigarriaz —oraindik ez dakit nola diren posible pianissimo fin eta lotu horiek—. Euskadiko Orkestra, Juanjo Menaren batuta adimentsuaz lagunduta, oreka apartan aritu zen harekin, musika mozartiarrak eskatzen duen arintasun seriosaz betea.
Schuberten 9. sinfonian ere, konplexutasun formala handiagoa izan arren, azaleratu ziren Mozarten kontzertuan dotorezia klasikoaz janzten diren norabide zentzu argia eta gaien trataera gardena. Zeinen soinu samurra erakutsi zuten tronpek Andante con moto-an, zeinen beteak hari baxuak eta biolontxeloen tremolo goxoa azken kodaren aurretik, zeinen borobilak haizeak. Musikarien interpretazio apartaz gain, Menaren irakurketa biziak zein zuzendaritza doi eta arretatsuak kontzertuaren bikaintasunaren eragile nagusiak ez galtzea bermatu zuten: orkestrako sekzioen arteko oreka, soinu-mailen kontrola eta ideia musikalen gidaritza garbia. Horrelako zimenduen gainean gozamen ziurra da edozer eraikitzea.