begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zeruko atean joaz, erantzunik ez

2025eko urtarrilaren 10a
04:00
Entzun

Itsumustuan botatako gainbegirada batez, edo belarriak itxiak dituzula luzatutako azaleko entzute batez, Heretic filmak zera ematen du: zaletuok horren usatuak gauden beldurrezko pelikuletako beste bat, neska gazteak antzeman, zelatatu, engainuz erakarri eta, katuak arratoiarekin nola, beraiekin (eta beren izuarekin) dibertitu ondoren akabatzen dituzten serieko hiltzaileak protagonista dituzten barrabaskeriaren bat. Besterik ez. Alta, gutako askok saldukeria horiek begiko ditugunez, dastatzeko prest abiatu ginen kasik tropelean aretoetara, Errege Magoei eskerrak emanez. Izan ere, eskertzekoa da Heretic bezalako filmak uztea pantailetan erregalu, eta ez Hegoaldera iritsi berria den (auskalo nork eskatua, nork ekarria) Bambi, L'histoire d'une vie dans les bois.

Edozer irensteko prest geundela, argiak itzali eta pantaila piztu bezain azkar konturatu ginen Erregeek moko fin jo izan zutela gurekin. Betikoa zirudien pelikulak beste itxura askoz interesgarriagoa, askoz aztoragarriagoa hartu zuen ziztu batean. Lehengo eta behin, filmaren ekoiztetxea islatzen duen logoaz ohartu ginen: A24! Pareko gutxi dute zinema ero hauek zeluloidezko munduan barna. Moonlight, American Honey, It Comes At Night eta Everything Everywhere All at Once pelikulak gehi Sean Bakerren, Kelly Reichardten, Sofia Coppolaren, Greta Gerwigen nahiz Alex Garlanden atrebimendu eta balentriak lagundu dituzte aretoetara, baita sariak banatzen diren luxuzko jauregietara ere. Beraiek babesturiko lan guztiek dute nortasun indartsua, kasik igualak ematen duten beste askotatik bereizten dituen ezkutuko zeozer. Har ezazue frogagiri karteldegian den We Live in Time tragikomedia erromatiko azkar eta listoa.

A24-ren ekoizpen baten aurrean geundela jakitun, Heretic filmaren egileak zeintzuk ziren ikusi genuenean jaso genuen beste ustekabe galanta: Scott Beck eta Bryan Woods! A Quiet Place izenburuko hitzik, kasik soinurik gabeko zientzia-fikziozko-terrorezko kontakizun markaz eta mugaz fuerakoa idatzi zutenak...

Eroso eta aldi berean erne, zelatan sentitu ginen gure besaulkian, gelaren iluntasunean bilduta, pantailatik sei zentzumen gureak apartatu ezinean...

Kuriosoa egin zitzaigun, deigarria bezain tentagarria suertatu, saileko hiltzailearena egiteko Scottek eta Bryanek aukeratu aktorea: joan den mendeko komedia britainiarretan hainbestetan ikusitako Hugh Grant gizon edadetu baina sasoiko eta beti dotorea, alegia.

Bere biktima izango zirenak ere ez ziren beste serieko eraile arruntek nahiago dituzten horietakoak. Jehovaren lekukoak baizik. Jehovaren lekuko misiolariak. Gazteak, fedeak harturik baina, era berean, bastante modernoak, haien artean sexuaz ere mintzatzen ausartzen bide diren horietakoak.

Ez dituzte, agian, Voltaire eta Robert Frost ezagutuko, baina Bibliako bertsetez landara, Zingiraren Gauza (Swamp Thing) eta Spider-Manek esandako esaldi bat baino gehiago ekar ditzakete hiltzailearekiko solasaldira, aipamen horien bitartez moralki zein intelektualki zorabiatuz...

Izan ere, arerioa ez da labanaz, aizkoraz, suz, eskopetaz armaturiko gaizkile arrunta. Bere jokabide maltzur eta adimentsuak gogora ekartzen digu, dardara eztitsu batez, Hannibal Lecterren dotorezia, nahiz eta kasu honetan Reed jauna ez izan kanibal gourmeta. Alta, maila intelektualean, antzekoak dira biak. Gure pozerako, gure plazererako.

Izan ere, arerioa ez da labanaz, aizkoraz, suz, eskopetaz armaturiko gaizkile arrunta. Bere jokabide maltzur eta adimentsuak gogora ekartzen digu, dardara eztitsu batez, Hannibal Lecterren dotorezia, nahiz eta kasu honetan Reed jauna ez izan kanibal gourmeta.

Espero ez genuena eman zigun Erregeek pantailetan utzitako zeluloidezko erregaluak. Zinemarekin zorretan ez geratzearren, aitor dezagun egia: azken-aurreko momentuetan pelikula pixkatxo bat aldrebesten da, maskaldu egiten da. Ez da, hori ez, gehiegikeria handiegitan erortzen, baina bai, sekuentzia batzuetan iparra (edo) galtzen du. Ez izan, otoi, penarik, agudo berreskuratuko baitu.

Filmean bada hiru goi mailako arerioren arteko lehia filosofikoa, erlijiozkoa, humanistikoa. Hirurak dabiltza Goiko edo Beheko Jaunaren bilaketa desesperatuan. Bata heriotzaren bitartez; beste biak pelikulak dudatan jarriko duen fedearen bidez.

Kontu jakina da, baina, terrorea pizten denean denok garela berdintsuak: fededunak, fedegabeak, Egia, ustez, aurkitu dutenak eta oraindik bila dabiltzanak. Beldurrezko pelikula on baten aurrean denok gara, zinez, heretiko zorionekoak. Eta bai, bukaerako kredituetan Knockin' On Heaven's Door kanta entzuten da, baina inork ez du atea irekitzen. Infernukoa bai, irekia dugu.

(ID_14564240) (/EZEZAGUNA) heretic
Hugh Grant aktore britainiarrak serieko hiltzailearen rola jokatzen du 'Heretic' filmean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.