Gorroto bizia diet ikuslea kontakizunean kokatzeko, sentimendu- edo Historia- testuinguruaren berri eman nahian, zinemagile alproja hainbatek beren filmetan hasi orduko edo bukaera aldean jartzen dituzten kartelei, afixa horiei. Sortzaile ezgauza horien irudiko, ilundu berri den pantailaren gainean zuriz idatziriko informazio hitz horiek sinesgarritasun handiagoa emango diote irudiz azaldu berri den horri. Horrela pentsatzen dute, nik uste, zineman sinesgarritasuna beste modu, bitarteko, baliabide eta, baita ere, iruzur, engainu eta tranpen bidez lortu behar dela ahaztu dutelako. Ala, agian, sekula jakin ez dutelako.
Maite ditut, ordea, biziki maite ere, zinemak hitzik ez zitueneko garaietan, mugimendua zuten irudietara artean usaturik ez ziren ikusle haiei, denen lilurarako agertzen ziren film primitibo haien nondik norakoaren gaineko zertzeladak ematen zizkieten kartelak, afixak, tarte-titulu haiek. Dar-dar egiten zuten pantailan, eta, nolabait, arreta, harridura eta pelikularekiko atxikimendu erreala areagotzen zuten...
Pasatu dira, baina, urteak, hamarkadak eta mendeak, eta kartelak ez dira, nire pentsamendurako, beharrezkoak. Aitzitik, traba egiten diote ikusleak filmarekin sortuko duen harremanari.
Zerbait askoz okerragoa gertatzen da sarri. Sarri eta tamalez. Egileek euren burua defendatzeko, babesteko edo zuritzeko erabiltzen dituzte, gaur, afixa horiek. Filmaren hasieran. Edo amaieran. Horrek min handia ematen dit. Min eta pena. Zergatik duzu ba zeure burua azaldu behar bi lerroko manifestu hutsal eta huts baten bidez? Ez al zara kapaza izan kontatu, erakutsi, salatu nahi zenuen hori agerian uzten eta ikuslearen arimaren tolestura guztietan sartzen, iltzatzen zizelkatzen? Zergatik, zertara zatozkigu orain karteltxoekin?
Zergatik duzu ba zeure burua azaldu behar bi lerroko manifestu hutsal eta huts baten bidez? Ez al zara kapaza izan kontatu, erakutsi, salatu nahi zenuen hori agerian uzten eta ikuslearen arimaren tolestura guztietan sartzen, iltzatzen, zizelkatzen? Zergatik, zertara zatozkigu orain karteltxoekin?
Bi etsenplu besterik ez. Donostiako Urrezko Danborra jasoko duten Marco-ren egileek zera adierazten dute, hizkien bidez, filmaren amaian: kontatu dutena, agian eta omen, ez da errealitate biribila, ez eta egia berdaderoa ere, asmaturiko artefaktua baizik, fabrikaturiko asmakeria baino ez. Alferrikakoak ditugu, ordea, adierazpen horiek. Badakigu kontzentrazio esparruetan izan ez zen pertsonaiak heroi baten gisa saldu ziola bere burua begira zuen munduari. Alferrikakoa, beraz, afixa. Are, ez du egia osoa esaten. Sinesten dute ikusleek zein lankideek estimu handitan dituzten euskal zinemagile horiek zinemaren armak erabili izan dituztela pelikulan, historiaz harago, kameraz harago doan zerbait eraikiz. Ez naiz ni iritzi berekoa. Marco oso film laua, izkinarik gabekoa da, eta ez gutako askok laket ditugun konstrukto zinematografiko horietako bat.
Txarrena ez da hori (pelikula Venezian zein Donostiako Zinemaldian izan zen laudatua), baizik eta ikusleak jasotzen duen inpresioa: saiatzen ari al dira sortzaileak euren burua zuritzen, aitzakiak bilatzen? Eta hala bada, zer dela eta?
Askoz larriagoa da Alemaniako Joachim Langek bere Führer und Verführer (El ministro de propaganda, Hegoaldean) lanaren aurrean erakutsitako jarrera kasik kikila. Barkazio eske datorkigu pantaila piztu aurretik. Batere ausarta ez den film honetan, munduak ezagutu duen prentsa-propaganda-komunikazio bururik ospe handikoenaren moduak agertzen zaizkigu. Egun ere, askok eta askok erabiltzen dituztenak. Pixka bat leundurik, jakina, baina ortodoxia politikoa alde batera utziko bagenu, kezkarik gabe aitortu beharko genuke Joseph Goebbels publizista guztien patroi infernuzkoa dela. Berak, Leni Riefensthalen pelikula ikaragarriekin batera, mantendu zuen Hitler gailurrean. Baita Alemaniako herria engainu erabatekoan ere. Egia esatearren, herritar franko batek gustura, gozo, arduragabe onartutako engainuan...
Horrela kontatua, interesgarria ematen du filmak. Denok jakin nahiko genuke nola konkistatzen den herri oso bat Gaitzarentzat. Alta, zuzendariak beldurra hartu dio bere kamera aurrean zabaltzen zen amildegiari, eta kartel baten bidez azaltzen du, izuti, badakiela gaizkilearen, bilauaren, kriminalaren ikuspuntutik historia kontatzea ez omen dela gizalegea, baina, hala eta guztiz ere, hori dela berak, Joachim Langek, egindako hautua eta eusteko prest dagoela...
Zelako adierazpen ergela! Mendeak daramatza zinemak istorioak gaiztoen aldetik kontatzen. Ez al da Joachim The Zone of Interest-ekin akordatzen? Ez al ditu bi Joker-ak ikusi?
Beltzaren gainean zuriz idatziriko adierak, hainbat debilidade, beldur eta ikusleekiko mesfidantzaren seinale. Ez egin kasurik, otoi.