Ismael Manterola
Artea. Begiz

Zergatik ez dugu eskultura nahi?

2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Fakultateko lankide batek Bilboko egunkari ezagun batean argitaratutako berri baten kopiak pasatu dizkit. Kazetariak dioenez, TrapagarangoZugaztietako parkean jarritako eskulturak kentzeko eskatu dute bertako biztanleek, eta argazkian ikusten denaren arabera, eskatu baino gehiago egin dute, eskultura bat bultzatzen ageri baitira hiru edo lau lagun.

Ez omen daude oso kontent parkean jarritako eskulturekin. Meategiak izan ziren tokian, egun dauden zelai eta ur putzuetan, beste mota bateko eskulturak egokiagoak omen dira. Figurazioaren eske etorri da Zugaztietako biztanleen elkartea. Haien iritziz, meatzarien, baldeen, barrenatzaileen edo antzekoen eskulturek hobeto islatuko lukete garai bateko izaera.

Telebistaren arazoaren aurrean planteatzen den arazo beraren aurrean gaudela iruditzen zait. Zaborra ikusi nahi dugu edo zaborra ikusten dugu eskaintzen zaigulako. Arte publikoaren kasuan gauza bera gertatzen da: artearen munduan interesa duena jendaurrean erakutsi behar da, edo publikoak nahi duena jarri behar da kalean.

Zaila da asmatzea. Alde batetik, toki batean bizi den jendeak eskubidea du nahi duen eskultura mota ikusteko eguneroko ibilbideetan, nahiz eta arte aldetik interesa ez izan (artisautzak ere bizirik behar du, bide batez). Bestalde, arte munduarentzat interes handia duenak ez du derrigorrean jendearen onarpena izan behar, eta horregatik, ez dakit kalean egon behar duen. Baina, gustua ere heziketaren ondorioa da, eta gaur egun gustatzen ez zaiguna bihar oso gustukoa izan daiteke, jar ditzagun Donostiako Haizearen orrazia, Gasteizko Foruen Plaza edo Bilboko Puppy adibide modura.

Hala ere, egunkarian argitaratutako berrian kazetariak jasotako Larreinetako biztanleen azken esaldiak konponbiderako arrastoan jarri nau, honela dio: «Beste modu batera egin zitekeen. Lehendabizi, eskulturak jarri zituzten, eta gero erakutsi ziguten ideia». Agian, hasiera on batek onarpen handiago ekarriko zion arte proiektuari. Eskultura publikoaren gaia oso delikatua da, eta askotan esan badut ere, hobe da biribilgunetan lore politak landatzea eskulturak jartzea baino. Kulturaz jantziago gauden itxura ematen du eskulturak, baina dekorazioa nahi badugu, hobe landareak edo beste zerbait.

Arte proiektu publiko batek tokiaren ezagutzatik hasi behar du, bertako biztanleekin lan egin, eta gero, agian, zerbait jarri beharko da; zerbait fisikoa diot, edo agian ezer ez, nahiz eta proiektua behin- behineko forman geratu edo betiko beste formatu batean geratu. Eta azken emaitza egurrezko baldeak jartzea bada, hala izan beharko du, ez du korten altzairua baino arte balio gutxiagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.