Eneritz Zabaleta.
ANALISIA

Zerbait bagara

2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Arribatu da eguna. Azaroak 12. Baionako Lauga. «Aupa, hi!», «Nolatan hemen?», «Ez adiorik!», «Hasiko da». Oholtzan sei bertsolari, haiei so 2.000 pare begi. Salle des sports Lauga, gure Exhibition Center. Ahots soila da, izan dardarati ala mindu, koloretsu ala sendo, gure espektakuluaren muina. Eta bi milakoa bildua zaigula.

Ez da gaizki, alabaina! Euskara hutsezko ikusgarri batean, eta Baiona batean elkartzeko anitz dela! Baina zenbat ziren Madalena de Erauso pastoralaren entzuteko jinak? Ala Makeako edo Sarako kabalkadak ikusi zituztenak? Hiru lurraldeetako zenbat plazatan jokatuko da Francoren bilobari gutuna? Guti ez, prefosta! Eta, anitzen ustez, euskaldunak hilzori gara Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan.

Arraroa usu alde honetako eskualdunei gertatzen zaiguna. Gure herrikideentzat hilotz gara janeko, eta, estatuko kideentzat, azkar eta sendo. Batzuentzat hilik, besteentzat bizirik. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, erran zuen Xalbadorrek. Xahar batentzat hamabortz gazte heldu direla ondotik, Ahetzeko Mattinek. Kontu horretan bihotza ez zaigu geldituko, usteak uste. Euskal Herri honetako paradoxak. Beauvau plazan ere, naski, mehatxu ikusten dute gure osagarria eta mintzaira. Ainsi soit-il!

«Jakin nahi nuke zonbat diren hegoaldetik jinak», erranen dit batek baino gehiagok. Ontsa futitzen gara! Ala ez? Egiazko üska ments zaigun garai honetan, egiazko eskualduna nor den neurtzen hasi behar gara DNIari (gorria eta ttipia) ala CNIari (urdina eta handia) begira?

Axolarik ez dute afera horiek, kantuan azkaindar-zaldibiar bat, hendaiar-zumaiar bi, urruñar barakaldotar bat, hendaiar-lasartear bat eta urruñar-lekeitiar bat ari direlarik. Horiek bai mugaz gaindiko harremanak. Gureak bai mugarik gabeko bertsolariak. «Errefuxiatuak, ongi etorri», dio kanpainak. Horretaz badakigu zerbait hemen ere. Aturritik Ebro bitarteko hau Euskal Herri izan dadin, gisa horretako euskal elkargo gehiago behar dugu.

Eta saioa zer? Eijerra, earra, pullita. Hots, ederra. Bertsorik bertso, gorena ematen. Ederra Baionakoa. Baina ederrak ere Donibane Lohizunekoa, Muskildikoa, Baigorrikoa, Aiziritzekoa, Isturitzekoa eta Larresorokoa. Ederra Panpili Trekuren besarkada. Ederrak Bernat Etxepare lizeokoen garagarno eta taloak. Ederra Zizpa gaztetxeko gaualdia. Gogor da beste hitzik atzematen, gisa horretako arratsalde bateko zurrunbilotik.

Deblauki errateaz ez naiz lotsa. Euskaldunak gure hiru lurraldeetan bagara zerbait. Bertsolariak, hiru lurralde hauetan, bertsotan bagara zerbait. Bagare, bagire, bagira. Bagera eta bagara. C'est pas mal. Ez da gaizki. No está mal. A, biba hi, Sustrai! Xapeldun handi. Biba zuek, Amets, Maddalen, Odei, Miren eta Xumai! Bertsolari handiak. Gora Lapurdi! Segi Nafarroa! Biba Zuberoa! Biba bertsoa eta biba Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.