Inigo Astiz
ANALISIA

Zer galtzen den areto bat galtzean

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun

Orbel sasoi betean, baina hasi da Loraldia Bilbon. Ia urte erdiko atzerapenarekin eta euripean, baina egin dute Literaturia Zarautzen. Maitaldia ere joan da Miarritzen. Eta, desagertze sasoi baten ostean, badoaz han-hemenka kultur ekitaldiak agertzen. Baina argi izpi horien salbuespenarekin, zabalagoa da ilunpea, oraindik ere. Bihar azalduko dute Durangoko Azoka fisikoa egiteko aukerarik izango den. Beste datarik aipatu gabe atzeratu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Estualdi betean daude kultur programazio finko bat eskaintzen duten aretoak. Lehendik ere prekaritatean ziren sortzaileak are prekarioago daude. Eta giro horretan eman du Durangoko Plateruena kafe antzokiak ateak ixteko erabakiaren berri. Entzun da ate kolpea, eta galdera handiago baten mehatxua sentitu ahal izan da datu oihan horren hondotik sigi-sagaka pixkanaka gerturatzen: euts diezaioke kulturak urtebeteko geldialdiari? Eta are zehatzago: euts diezaioke urtebeteko geldialdia euskal kulturak?

Estu zebilen lehenagotik ere proiektua, eta pandemiak eman dio azken kolpea. Durangaldean kulturgintza egiteko modu baten amaiera dakar Plateruenaren itxierak. Bigarren jaiotzarik izan ezean, euskalgintza eta kulturgintza loturik bizi dituen gune bat galduko du Euskal Herriak; arigune bat, Euskaraldiak proposatu berri duen hiztegiarekin esatearren. Gogoratu beharra dago Berbaro euskara elkartea izan dela proiektuaren sostengu nagusietako bat. Eta kontuan hartzeko moduko datua da hori.

Noiz etorriko kolpea, gainera, eta ariguneak inoiz baino beharrezkoago bilakatu diren sasoian. Pandemiak ezarritako apartatze eta bakartzeak, besteak beste, argi utzi baitu euskara erdigune duten guneen hauskortasuna. Ikastetxeen, unibertsitateko kafetegien zein kultur aretoen faltan, ezin malkarragoa bilakatu zaie gazte zein heldu askori euskararainoko bidea. Egungo testuinguruak azaleratu duenez, euskaraz osatutako harreman sare ikusezin baten galera ere ekartzen baitu gune fisiko horietako bakoitzaren galerak. Eta galera handia da galera horietako bakoitza, erabilera hauspotzeko erronkan dabilen hizkuntza batentzat.

Lehenagotik zetorren Plateruenaren itxieraren soka. Urteekin, eraldatuz joan dira kultura kontsumitzeko moduak. Emanaldiak nabarmen joan dira makrotik mikrorantz azken hamarkadetan. Aldi berean, aretoetatik pantailetarantz joan da publikoa. Eta bilakaera hori ikusteko ere toki pribilegiatua izan da Plateruenaren ia bi hamarkadako ibilbidea. Talaia horretatik eman ditu azalpenak Beñat Gaztelurrutiak ere, hamar urtez Durangoko kafe antzokiko zuzendari izandakoak. «Urtez urte antolatutako ekitaldi kopurua ez da askorik jaitsi, baina ikusle kopurua bai. Eta ez da arrakastarik izan ez dutelako, baizik eta bestelako arrakasta izan dutelako».

Eta etorkizuna irudikatzeko pista sorta bat ere utzi du Gaztelurrutiak BERRIAri emandako elkarrizketan. Ostalaritzaren eta kulturgintzaren tandemaren ahultzeaz, adibidez. Herritarren parte hartzeari buruzkoak, kasu baterako. Erakunde publikoen eta herri ekimenetik sortutako egitasmoen arteko bizikidetzaz esandakoak, tartean. «Herritarren parte hartzea gero eta eskasagoa dela esaten gabiltzan sasoi hauetan, halako ohitura eta lan moldeak galtzea penagarria litzateke».

Ariguneen antonimoak

Diru kontuek bultzatu dute itxiera. Baina euskaran ardaztutako antzoki batek ateak itxiko dituen honetan, arazorik gabe jarraitzen dute zenbait erakunde publikok euskarazko inolako eskaintzarik antolatu ez, eta euskal sortzaileak ikusezin bihurtzen tematzen diren kultur ekitaldiak babesten. Bilbon, esaterako, Ja festibalak euskaraz aritzen den mago baten ekitaldia baino ez du txertatu gainerakoan literatura eta zinema nagusi dituen hamar eguneko programan.

Zein da arigune baten antonimoa? Bila hasi gabe ere, batzuk ateratzen direlako.

Kulturarentzat da orokorrean kezkagarria Plateruenaren moduko grabitazio eta igurtzi gune bakoitzaren itxiera, baina are kezkagarriagoa da galera euskal kulturaren kasuan. Izan ere, Kulturaren Euskal Behatokiak iaz egindako ikerketaren arabera, igurtzi hori baita euskaldunek euskal kulturara gerturatzeko aipatzen dituzten motibo nagusietako bat. Ikerketaren aurkezpenean nabarmendu zituzten bi faktore nagusietako bat izan zen behintzat. Euskararekiko konpromisoa aipatu zuten, batetik, eta konpainian joatea, bestetik. Eta, bistan denez, erabat zaildu du bigarren hori koronabirusak.

Zuzeneko arteen kontsumoan izandako gorakada nabarmendu zuen Behatokiaren iazko ikerketak. %85eraino altxatu zen euskal kultura kontsumitzen zutela adierazi zuten euskaldunen kopurua, adibidez, eta, horrekin batera, begi bistakoak ziren antzerkiaren eta bertsolaritzaren gorakadak. Ia laukoiztu egin da teatro kontsumoa 2008koarekin alderatuta, esaterako, eta ia bikoiztu bertso saioetara joaten direnen ehunekoa. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren eragina aipatzen zuten ikerlariek datu horren azalpentzat, 2017ko txapelketa egin eta hurrengo urtean egin baitzuten datu bilketa hura.

Horra, Nafarroako Bertsolari Txapelketarik ez egiteak duen inpaktuaren ispilua. Horregatik aipatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunek txapelketa atzeratzeak utzitako «hutsunea» konpentsatu beharra. Kontrako esfortzu guztiekin ere, neurri batean, txapelketa ez dagoenean, hutsunea dagoelako.

Sasoi baten sor-marka daraman proiektua da Plateruenakoa. Arduradunek eurek inoiz onartuta, kredituak merkeagoak zirenean eta dena posible zela uste zenean sortutako gune bat izan da Plateruena. Herritarrek sustatutakoa, noski, eta ez esfortzu gutxiz, gainera, baina baita hazkunde sasoian sortutakoa ere. Horregatik, agian, jadanik joan den garai batean sortutako amets bat erori da Plateruenaren itxierarekin, baina itxiko duten areto horretan bertan ikusten dute amets berriak sortzeko aukera Durangoko kafe antzokiko arduradunek. Bigarren jaiotza baten beharra aipatu zuen Gaztelurrutiak, adibidez, BERRIAn. Ezinbestekoa izango da horretarako egungo publikoaren joerak eta errealitatea kontuan hartzea, baina bestelako errealitate eta joera linguistiko eta kultural batera heltzea izan beharko da helburua beti. Eta, amets horri forma berriak bilatzeko prozesuan, erakunde publikoek jokatuko duten rola izan liteke orain arte jokatu izan dutena baino lagunkorragoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.