begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zenbat minutu gizakia azaltzeko?

2025eko apirilaren 11
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ados Teatroak ez du amore ematen. Badira urte luzeak Giza Eskubideak Eszenara izeneko ekimenari eusten diola sutsu eta atzera egin gabe. Bertan eta bertatik darabilten asmoa, intentzioa, helburua, hauxe, beren esanetan: antzerkia zein zinema zein hitza gizartea eraldatzeko eta giza eskubideei buruzko gogoeta egiteko tresna bilakatzea, bazterketa arriskuan dauden kolektiboekin buruz buruko lankidetza emankor batean.

Konpromiso handia hartu duten komiko horiek ari dira egun Giza Filmoteka izenburuko artxiboa eraikitzen, ez-desiraturiko bakardadearen ingurukoa. Ederki asko frogatzen dute labur-laburrak diren pelikula horiek gizakia azaltzeko ez direla beharrezkoak ez hitz potoloak ez orduak eta orduak filmatuko dituzten kamera aurreratuenak. Bost minutu eta hamazazpi segundo baino ez dute irauten pieza horiek eta askotan sakelakoaren aplikazioekin dira hartuak bai irudiak bai protagonistaren hitzak.

Filmoteka horren hiru artxibo-erretratu aurkeztu berri dira Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Jose Antonio Vitoriak, Jone Zabalak eta Beñat Revueltak jaso dituzte metraje txikiko eta anbizio handiko lan horietan Gustavo, Manuel eta Cruzen testigantzak. Hirurek bizi dute alboan inor ez edukitzearen barruko eta kanpoko bertigo gaindiezina. Hirurak dira benetako zinema mota baten protagonistak, non kamerak, mikrofonoak eta muntatzeak pertsona babesten duten, non gidoiak errealitate zauritu baten berri ematen duen.

Gizakiok gizaki garenetik, mila eta bat urte, mila eta bat liburu, mila eta bat film, mila eta bat saiakera, mila eta bat erlijio, mila eta bat filosofia joera, mila eta bat gerra, kanpoko (eta barruko) espaziorako mila eta bat bidaia, mila eta bat indusketa, kobazuloetan pintaturiko mila eta bat marrazki, museoetan gordetako mila eta bat koadro eta eskultura, mila eta bat sarraski, mila eta bat borroka izan dira, omen, bide, antza, noraezekoak garen hori azaltzen, konprenitzen saiatu ahal izateko.

Alta, gure izaera, gure nahiak, gure minak, gure ametsak zertan dautzan ulertzeko beste biderik, beste modurik badela deskubritzen dugu Giza Filmoteka horretan; nahikoak dira bost minutu eta segundo batzuk gizabanako baten berri emateko, sentitzeko. Berri zehatza, berri osoa, berri mingotsa, berri alai-tristea.

Hala eta guztiz ere, esandako, idatzitako, filmatutako guztiak bere kontrakoa, bere kontraesana dakar beti barrenetan. Ez izan dudarik horretan. Horrelakoxeak dira gure diskurtsoak, kontraesankorrak arras, goian botatakoak bezain sendoak diren beste froga batzuk birrintzeko errazak.

Adibiderik nahi? Beste muturrera egin genuen bidaia atzo. Donostiako Tabakaleran hiru ordu irauten duen Alexander Horwarthen Henry Fonda for President eman zuten bertako pantailan, Giza Eskubideen Zinemaldiak programaturik. 185 minutu beteak ezinbesteko suertatu zitzaizkigun bart herrialde baten historian murgildu ahal izateko.

Saiakera sekulako, itzel, markaz kanpoko baten aurrean gaude. «Ezertarako erantzun onik» ez zuela uste zuen Fonda bihurtzen da, gure harridurarako, historian barna egindako bidaia luze horren gidari

Zinema historiagilea eta zinema museoen zein Vienako Zinemaldiaren zuzendaria den Horwarthek Ameriketako Estatu Batuei buruzko saiakera pertsonal bat egin du The Grapes of Warth-en protagonistaren bizitzan eta obran zehar. Saiakera sekulako, itzel, markaz kanpoko baten aurrean gaude. «Ezertarako erantzun onik» ez zuela uste zuen Fonda bihurtzen da, gure harridurarako, historian barna egindako bidaia luze horren gidari. Herbehereetatik artean New York ez ziren lurretara iritsitako arbasoak erreferentzia moduan harturik, Estatu Batuetako amildegi guztietara egingo dugu jauzi. Hamarkadak zeharkatuko ditugu, borroka guztien, garaipen guztien, porrot guztien testigu izango gara, beste askoren gainetik dagoen filmografia bat errepasatuz...

Gizaki bat bost minututan azal daiteke, ez izan zalantzarik. Gizaki bat bidelagun harturik, 11.100 segundo iraungo duen historia txango bat egin dezakegu. Zineman denborak ez baitu ez izanik, ez hasierarik, ez bukaerarik, ez axolarik.

(ID_14852391) (/EZEZAGUNA) fonda
Alexander Horwarthen 'Henry Fonda for President' filma. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.