Atzoko artikuluan esandakoa: epaimahaiak lan zaila zuen. Oro har, aurtengo lehiaketan parte hartutako filmak txukunak izan dira. Balorazioa egiteko garaian, horixe da alderdi positiboena, iaz bezala, maila oneko Sail Ofiziala izan baitu Zinemaldiak. Aukeraketa batzordea lan ona egiten ari da. Horri eustea da kontua.
Gatozen sarietara. Zurrumurrua zebilen azken orduko ezustea izango genuela, kinieletan ageri ez zen batek etxeratuko zuela Urrezko Maskorra. Eta hara, azkenean halaxe izan da: atzo neronek kaskartzat jotako Schussangst filmak etxeratu du sari nagusia. Niri ez zitzaidan gustatu Dito Tsintsadze georgiarraren filma. Epaimahaiari bai. Zineman maiz gertatzen den bezala, nik ikusi gabeko zerbait ikusi diote. Ojos que no ven (Lombardi), Girl with a pearl earring (Paul Webber), The station agent(Tom McCarthy) eta Te doy mis ojos (Iciar Bollain) egokiagoak iruditzen zitzaizkidan sari nagusirako, edozein. Baina esaerak dioen bezala, Zenbat buru, hainbat aburu.Silvia Munt epaimahaiko presidenteak sari-emate ekitaldian esandakoan dago aukeraketa harrigarri honen gakoetako bat. A mailako zinemaldietan, araudiak ez du baimentzen film berari bi sari baino gehiago ematea. Lerroartean, hori kontuan hartzeko eskatu zuen Munt-ek.
Ematen duenez, soluziorik gabeko buruhaustea izan du epaimahaiak: Iciar Bollainen Te doy mis ojos filmarekin nola jokatu, hain zuzen. Laia Marull eta Luis Tosar aktoreei Zilarrezko Maskorra emanda, automatikoki Urrezko Maskorra ukatu behar zioten filmari. Urrezkoa ematekotan, ordea, bi aktoreetako bat saririk gabe utzi behar. Zein ordea? Marull eta Tosar, jipoitua eta jipotzailea, biak bikain ari dira genero botizkeriari trikimailurik gabe begiratzen dion filmean. Biek merezi zuten, eta ondo emanda daude sariak. Epaimahaiaren aipamena jaso du nire begiko The station agent politak. Zuzendari onenaren Maskorra B. Joon-Ho korearrak(Sa-lin-eui chu-eok). Lehendabizikoak, bereziki, askoz gehiago merezi zuen.
ANALISIA
Zenbat buru, hainbat aburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu