santi leone
Literatura

Zein unetan izorratu zen Vargas Llosa?

2025eko apirilaren 14a
17:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere bizialdian, Mario Vargas Llosak gutienez bi ikuskizun eman zizkigun: bere obra literarioarena, lehenik, eta, bigarrenik, bere ibilbide biografiko-ideologikoarena.

Latinoamerikako boomaren parte izanik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan argitaratu zituen bere lanik ospetsuenak. Ipuingintzan abiatu zuen bere zeregin literarioa —1959ko Los jefes (Buruzagiak) liburuarekin—, baina geroztik nobela eta saiakera izan ziren gehien landu zituen generoak, nahiz eta 1967an ipuinetara itzuli zen Los cachorros (Zakurkumeak) liburuan. Ordukoak dira, 60ko eta 70eko urteetakoak alegia, perutarraren eleberri entzutetsuenak ere: La ciudad y los perros (Hiria eta zakurrak, 1962), La Casa Verde (Etxe berdea, 1966), Conversación en la catedral (Solasaldia katedralean, 1969), Pantaleón y las visitadoras (Pantaleon eta bisitariak, 1973). Nolanahi ere, Vargas Llosak ez zion sekulan idazteari utzi, eta bere liburu guzietan erakutsi zuen ofizioa ederki ezagutzen zuela.

Eta gero haren bilakaera ideologikoa dugu. Iduri luke idazleak obra eta hari loturiko ospea eraikitzeko adinako grina izan duela gizonak ospe hura, kolpez kolpe, asmoz ta jakitez hondatzeko. Ez denboraren poderioz marxismotik neoliberalismora pasatu zelako —guziok baitugu, nik uste, aldatzeko eskubidea, nahiz eta beti tristea den boteretsu eta dirudunen aldera lotsagabeki lerratzea—, baizik eta hondar urteetako ideologiaren defentsan horrelako intelektual batengandik espero ez izatekoak ziren sinplekeriak bota zituelako. Gehitu horri gaia edozein zelarik ere maiz ex cathedra mintzatzeko hartua zuen manera zurrun jainkotu hura, eta aise ulertuko da anitzendako zergatik bihurtua zen hain figura antipatikoa.

Iduri luke idazleak obra eta hari loturiko ospea eraikitzeko adinako grina izan duela gizonak ospe hura, kolpez kolpe, asmoz ta jakitez hondatzeko

Solasaldia katedralean-eko lerro famatu hura parafraseatuz, zein unetan izorratu zen Vargas Llosa? Zaila da asmatzea. Baliteke betidanik eraman izana halako gizonkeria bat bere baitan. 1965ean, Seix Barralen Biblioteca Breve saria Manuel Puigi ematearen kontra bozkatu zuen Vargas Llosak, argentinarrak egiten zuen literatura «Corin Telladorenaren estilokoa» zelakoan. Alta bada, urte batzuk geroago argitaraturiko Pantaleon eta bisitariak nobelak —narratzailerik gabea, dokumentuen zuzeneko aurkezpenaren gainean eraikia— gogora ekartzen du Puigen nobelen teknika. Faulkner ez zen Vargas Llosaren eragin bakarra.

2010ean Nobel saria eman ziotelarik, «uste nuen Akademia nitaz atzendua zela» adierazi zuen. Harrokeria jasanezinarekin batera, liburu sorta ederra utzi digu idazle perutarrak. Aspaldian, munduko klasiko batzuk biltzen zituen Biblioteca de Plata (Zilarrezko liburutegia) bilduma zuzendu zuen Círculo de Lectoreserako. Albert Camus-en L’etranger (Arrotza) nobelari paratu zion aitzinsolasean, idatzi zuen ez zuela Meursaultengatik negarrik eginen. Nik ez dut inoiz inoren heriotzaz pozteko ohiturarik izan, baina, egia aitortzeko, ez dut Vargas Llosa gizonarengatik malko anitzik isuriko. Badut, berriz, haren liburuak irakurtzen segitzeko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.