KRITIKA. Literatura

Zebra-bideak gurutzatzen

'Zebrak eta bideak' liburuaren azala. BERRIA
'Zebrak eta bideak' liburuaren azala. BERRIA
2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

'Zebrak eta BIDEAK'

Egilea: Nerea Loiola Pikaza. 

Argitaletxea: Erein.

Zebrak eta bideak du izenburua Nerea Loiolak Erein etxean argitaratu berri duen ipuin liburuak. 2021ean argitaratu zuen Epizentroa obrarekin batera, hizpide duguna da Loiolaren bigarren ekarpena helduen literaturan, eta bigarren horretan ere ipuinen alde egin du autoreak. Genero literarioak ez ezik, perspektibak ere elkartzen ditu bi-biak; kontakizun guztietan, eguneroko liskar eta gertaera txikiek eragiten dituzten arrakalak edo bidegurutzeak agertzen zaizkigu, eta interferentzia horietan katigatuta dauden pertsonaiak, batik bat emakumeak. Zebrak eta bideak osatzen duten sei kontakizunek, hain zuzen ere, eguneroko gai horietara eramango dute irakurlea. Gaiok arrotzak ez diren arren, eta tematikoki originaltasunik gabeko konposizioak izan arren, esango nuke sei istorio horiek kontatzeko autoreak hautatu duen begiradak ematen diola, zehazki, berezitasuna liburuari.

Izan ere, begirada hegemonikoak ikusten ez dituen pertsonaiak dakartza obrak, heterozuzentasunari pultsua egiten diotenak: haurraren zaintzari uko egin nahi dion ama bat, psikologikoki hondoa jota dagoen emakume bat; harremanaz kanpoko desira sexualak dituen emazte bat; ezlekuetan sentitzen diren pertsonaiak, besteak beste. Horien bizitzak eraikitzeko, gainera, kontatzea baino, iradokitzea nahiago duela erakutsi digu Nerea Loiolak. Elipsiak ugariak dira, eta diskurtsoaren ekonomia linguistikoak, gainera, hutsune horiek areagotzen ditu; kontatzeko modu sinplea darabil, baina ez sinplista, hitzak ondo aukeratuta daudela nabaritzen baita. Tropoen erabilerak ere badu garrantzirik, autoreari pertsonaien alderdi psikologikoaren soslaia osatzen lagundu dioten heinean. Aipaturikoak ez dira inondik ere ezaugarri berritzaileak, noski, baina idazleari bere ahots propioa eraikitzen lagundu diote, eta estilo propio hori identifikatu ahal izatea estimatu dudan alderdia izan da.

Ipuin guztietan, hala ere, ez dut lortu ahots horrekin guztiz konektatzea. Askotariko baliabideak erabili ditu Loiolak istorioak kontatzeko, eta aniztasun hori, gainera, ipuinen luzeretara ere eraman du; igartzen da autoreak esperimentatzeko gogoa izan duela. Jokook liburuaren osotasunari bizitasuna eman badiote ere, ez dakit ez ote den intentzio hori nabarmenegi geratu zenbaitetan. Inpresioa izan dut, lehenengo pertsonan kontatutakoetan, batez ere, naturaltasun edo bat-batekotasunaren mesedetan, ahozko erregistrotik oso hurbileko paisaia bat sortu nahi izan duela, baina, kasu horietan, ahozkoa antzeratzen duten baliabideen erabilera gehiegizkoa iruditu zait, nabarmenegia, esaterako, Inoizko ipuinik onena-ko narratzaile autodiegetikoaren ahotsean, edo neurri txikiago batean, Ardi galduak ipuinekoarenean.

Edozelan ere, Zebrak eta bideak ipuin liburuan alderdi interesgarriek horrenbeste konbentzitu ez nautenek baino indar handiagoa izan dutela aitortu behar dut. Duda barik, ipuingile bezala bere bidea egiten ari den autorea dugu Nerea Loiola; lehenengo ipuin liburuarekin bide hori ibiltzen hasten ikusi badugu ere, esango nuke bigarrengo honekin lortu duela berak ere zebra-bidea guztiz gurutzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.