Stefania Caroren Pómulo y lejanía liburu gomendagarrian, irakurketa derrepente eten zidan pasadizo bat irakurri nuen, Theo Angelopoulos zinegilearekin loturikoa. Han kontatzen denaren arabera, Angelopoulosek, ez zekienez idazten ari zen filmaren blokeotik nola irten, Andrei Tarkovskiri deitu zion laguntza eske. Hark Tonino Guerra lagun eta idazlearekin hitz egiteko gomendatu zion eta, hala, Erromarantz jo zuen greziar zinegileak Guerrari bisita egitera. Elkartu zirenean, berehala kontatu zion arazoa; Voyage to Cythera filma prestatu nahian zebilen baina ez zekien eszena bat nola ebatzi: filmeko protagonista etxera itzuli da hogeita hamar urteko erbestealdiaren ondoren eta atean zain du emaztea. Hor sortu zitzaion ezina Angelopoulosi, ezin zituen aurkitu emazteak senarrari hiru hamarkadaren ondoren esango zizkion hitz egokiak. Azkar eman zion soluzioa Guerrak. Senarra etxera ailegatu eta emazteari begira geratu zaio, isilik. Emazteak hausten du, orduan, isiltasun deserosoa: «Bazkaldu al duzu?». Carok gogorarazten digu beste film berriago batean, Oliver Laxeren O que arde-n, antzeko egoera bat agertzen dela, ziur aski Angelopoulosen filmetik aterea.
Kontua da oso antzekoa den beste pasadizo batekin akordatu nintzela hori guztia irakurri nuenean. Nik gogoan nuen pasadizoan Koldo Mitxelena da protagonista. Gerrara gudari joan, Santoñan atxilotu eta ondorengo kartzelaldia amaituta, Burgosko kartzelan aske geratu ondoren Donostiara iritsi da, bere hitzetan «ovni bat izango banintz bezala». Handik Errenteriara, jaioterrira, joan da trenez eta, zazpi urteren ondoren itzuli da amaren (ordurako adindua) etxera. Eskailerara atera zaio ama eta halaxe jaulki dio: «Ze, etorri al zara?». Mitxelenak, kontakizunari sinesgarritasuna emateko, gehitzen du: «Literala da».
Bi pasadizoen arteko konexio agerikoa ulertu nahian, hasieran honakoa pentsatu nuen: noski, Mitxelena oso zen zinemazalea; Angelopoulosen filma ikusi eta bere esperientzia dotoretu zuen literatura pixka bat gehituz. Amak esandakoa ez zela hain literala izango, alegia. Baina ezinezkoa da hori, filma 1984koa baita eta Mitxelenaren pasadizoa Eugenio Ibarzabalek 1977an atera zuen elkarrizketa-liburutik ezagutzen dugulako. Orduan? Tonino Guerrak lapurtu ote zion ideia Mitxelenari? Esan ohi denaren kontrara, sinesgarritasuna bukatzen denean hasten da literatura.
Balizko soluzio bila Donostiako Zinemaldiko artxibo digitalera joan naiz, jakitun Mitxelena urteetan jaialdiko filmen kritikari ibilitakoa zela. Bilaketa azkar baten ondoren, argazki batean jarri dut arreta: 1978ko epaimahaia ageri da prentsaurreko batean Viktoria Eugenia antzokian. Ezkerretik eskuinera: Francisca Fernandez Valles, Koldo Mitxelena, Sandor Sara, Miguel Littín, Luigi Comencini, Krzysztof Zanussi, José Luis García Sánchez eta interpretea. Gaurko prentsaurreko aratzen aldean, prentsaurreko kaotiko samarra da: mahai inprobisatu bat, zigarro piztuak, hautsontzi errautsez beteak… Epaimahaiko guztiak gizonezkoak dira, eta ageri den emakumezko bakarra moderatzaile lanak egin zituena da. Mitxelena da mahaitik pixka bat aldenduta ageri dena, besoak mahai gainean bermatu ez dituen bakarra. Honaino iritsita, ezinbestez, aieruen eremura jauzi egin behar dugu auzia ebazteko. Ingelesek dioten bezala: what if?

Comencini 1978an hurrengo filmaren proiektuan murgilduta zegoen, L'ingorgo izenekoan, zeina Julio Cortazarren La autopista del sur ipuinean oinarritu zen. Hamarkada bat lehenago, beste zinegile italiar ospetsu batek, Michelangelo Antonionik, Cortazarren beste ipuin batean (Las babas del diablo) oinarritutako filma estreinatu zuen: Blowup. Nor izan zen Blowup filmeko gidoilaria, Antonioni berarekin batera? Bingo, Tonino Guerra.
Orduan, 1978ko Zinemaldiko hitz-aspertu eta otordu oparoen artean Mitxelenak Comenciniri kontatu bazion bere amarekin izandako pasadizoa? Ez litzateke hain arraroa; izan ere, hilabete gutxi zen Ibarzabali libururako kontatu ziola. Eta Comencinik, era berean, Guerrarekin hitz egin izan bazuen gerora, bera ere Cortazar zinemara eraman nahian zebilelako, eta honetaz eta hartaz ari zirela, Donostian ezagutu zuen hizkuntzalari euskaldun haren pasadizoa kontatu izan bazion? Eta kontakizuna Guerraren burmuinaren zokoren batean geratu eta urte gutxi batzuen buruan Angelopoulosen blokeoa askatzeko baliatu izan bazuen? Eta gerora Laxek bere filmerako baliatu bazuen? Eta, azkenik, Caroren liburura jauzi egin badu?
Ziur aski, ez dugu inoiz jakingo, baina ez dirudi fikzioa eta errealitatea nahasten dituen nobela baterako (beste bat, hau izurritea!) abiapuntu txarra.