Gipuzkoan hondakinen gaia puri-purian dago. Hondakin horien artean plastikoa dago, ustez kalterik batere eragiten ez zuen material miragarria. Plastikozko zakarrek hondakinen gehiengoa osatzen dute, eta ekoizpena areagotzen ari da etengabe; XX. mende osoan adina plastiko ekoitzi da azken hamarkadan.
Maiatzaren amaieran, Plastic Planet (Werner Boote, 2009) estreinatu zen zinema aretoetan, eta ekainaren 9ko La noche temática saioan, Océans de plastique (Sandrine Feydel, 2009) dokumentala emititu zuten. Arazoaren larritasunaz jabetzea ezinbestekoa da, eta, horregatik, zientzialarien ikerketen berri eman nahi izan du Feydelek. Ozeanoak zabortegi erraldoiak bilakatu dira, eta, hortaz, zaborrak mundu osoko itsasoak kutsatzen ditu. Plastikoa ez da deskonposatzen, gero eta zati txikiagotan zatitzen joaten da, baina ez da inola ere desagertzen. Itsasoko izaki bizidunen habitatari erasotzeaz gain, espezie anitz arrisku bizian daude. Foka eta itsas lehoien gorputz atalak ebakitzen ditu, eta hori gutxi balitz, itotzeko eta hiltzeko arriskua daukate. Bestalde, Nazio Batuen arabera, egungo itsas espezieen erdiaren dietan berebiziko garrantzia duen janaria izatera iritsi da. Atun eta izokinek arrain txikiek sabelean gordetzen duten plastikoa jaten dute. Elikadura katearen oinarritik hasi eta kontsumitzailearen sabelera ailegatu arte plastikoaren presentzia erabatekoa dela ez dago esan beharrik. Itsasoak ez ezik, hondartzak eta kostaldeak kutsatzen ditu. Plastikoak mundu osoa kolonizatu du, eta zabor artean bizitzera kondenatu ditugu datozen belaunaldiak. Birziklatzea hil ala biziko arazo bihurtu da, beraz. Gainera, plastikoek dituzten substantzia kimikoek giza espeziearen eboluzioan eragin zuzena dutela frogatu dute. Haurdun dauden emakumeentzat kaltegarria izan daitezke, mutikoen sexu aparatuaren garapena eragotz baitezakete. Ura pozoi bihurtzen da plastikozko botilaren barruan.
Zinema. Fantasien gatibu
Zarama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu