Jon Eskisabel.
Ilarak

Zalearena

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Barkatuko didazue kontu zaharrekin zabaltzea txoko berri hau, eta iazko Durangoko Azokara atzera egitea. Urrun harrapatu ninduen, baita haren kanpainaurre luzeak ere. Azken hamar urtean lehen aldiz, liburu eta disko aurkezpenek azoka aurreko asteetan ezartzen duten eguneroko agenda estu eta nekagarritik kanpo jarraitu ahal izan nuen nobedadeen plazaratzea, eta ez nuen lan bakoitzari orriotan lekua egiteko burua hautsi beharrik izan —urteak igaro ahala, gero eta txikiagoa izaten zen kezka, hala ere; hori ere ikasten da—. Tarteka, sarearen bidez erreparatzen nion egile izen eta obra izenburuen zaparradari. Faltan izan gabe, egia esate aldera. Baina aitor dezadan nostalgia iheskor batek hartzen ninduela aldian behin, erredakzioan ez egoteagatik. «Interesgarri zetorren, bada, aurtengoa!», esaten zidan barruko kazetari ahotsak. Izan ere, ohiko irakurlea konturatuko zen inoiz: norbere gustuak bizi gaitu kazetariok ere, eta argitaratzen denaz editoreak adina kezkatzen garela esatea agian larregi bada ere, nobedade zerrenden zain irrikaz egoten gara gu ere, bertan bere egile kutunen izenak aurkitzea espero duen edozein zaleren modu berean. Horrela gertatzen denean, gusturago egiten da lan. Zergatik uka. Ezeren aurretik horixe baikara —edo izan beharko genuke—, zaleak. Informatuagoak akaso, baina zaleak.

Kontua da, zalea naizen aldetik, azken urteetako erakargarriena begitandu zitzaidala iazko azokan bildutako uzta, izenei erreparatuta bederen: Harkaitz Cano, Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Koldo Izagirre, Berri Txarrak, Itxaro Borda, Lisabö, Rafa Rueda, Joxean Agirre, Inoren Ero Ni, Inazio Mujika Iraola, Jabier Muguruza, Markos Zapiain... Bai, horiek denek elkarri txanda hartu zioten kultur orrietan eta albistegietan bizpahiru hilabetean. Ahaztu gabe Juan Gorostidiren Lau kantari saiakera laudatua, Telezailak lan kolektiboa, Denonartean-en itzulpen liburuxkak, kaleratu diren lauzpabost komiki lanak… Horiekin bakarrik denbora puska on baterako daukat nik. Eta horietako batzuk urtebete barru gogoratuko ditut seguruenik, oraintxe Willis Drummond, Zea Mays eta Estankonaren diskoak, Autopsiarako frogak, Biodiskografiak, Mea culpa edota Zamaontzia eta, esparrua zabalduz, Errautsak, Urte berri on, amona!, Bertsolari edota Gure bide galduak gogoratzen ditudan bezala. Oraintxe sinatuko nuke 2012a horrelakoxea izatea.

Gustuak gustu, Pernandoren egia da azken 20 urtetik hona literatura eta musika sorkuntza asko hazi dela eta emaitza askotarikoa dela. Ia edonor asetzeko modukoa. Horren seinale da hutsune espezifikoak betetzeko eskaera fasean gaudela: dela euskarazko rapa, dela nobela beltza, direla produktu hibridoak... Beste diziplina batzuetan gorabeheratsuago dabiltza, babesgabeago. Antzerkian garai batean dena zen komedia, eta kexu ginen, baina arriskua zuten formatu handiko proposamenak taularatzen hasi zirenean erantzuna eskasa izan zen. Aldiz, zineman urte gutxian pasa gara ia ezer ez izatetik kalitatezko lan esperimentalak (Bi anai), ausartak (80 egunean) eta komertzialak (Urte berri on, amona!) estreinatzera. Baina eutsiko al diogu? Gogoan dut Asier Altunak irratian agertutako kezka —ia SOS dei baten larridura zuen—, Bertsolari ez zelako esperotako harrera izaten ari zinema aretoetan. Zer eta bertsolaritzari buruzko dokumental bat! Esanguratsua.

Duela 30 urteko egoera, kultur gose hura, irauli egin den susmoa daukat, herritar xumeok garela orain sortzaileen atzetik gabiltzanak. Ez dago arrazoi bakar eta argirik. Agian, interesa galdu dugu, edo galarazi digute; agian, konformagaitz bihurtu gara globalizazioak dena eskura jarri zigunetik; baliteke aurreiritzien zama gainetik kendu ezinda ibiltzea oraindik, edo dena lortuta dagoela pentsatu eta laxatu gara. Nire irudipena da hartzaileak elikatu ditugula urteotan, ematen zaiona esfortzu handirik gabe hartzeko prest dagoen jendea, baina ahantzi dugula zaletasuna, sortzen diren gauzak modu kritikoan baloratzeko eta aldiro gauza berriak bilatzeko jakin-min hori lantzea.

Nik neuk galdetzen diot neure buruari: euskarazko egunkari bateko kazetaria izan ez banintz, zenbat euskal kultura kontsumituko nukeen? Hartzaileen edo zaleen ilaran jarriko nintzatekeen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.