Ismael Manterola
BEGIZ

Xabier Saenz de Gorbea

2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Lankide bat hil zaigu. Hala ere, Xabier Saenz de Gorbea lankide bat baino gehiago zen: Euskal Herriko artearen protagonistetako bat, Arte Ederren Fakultateko historian oinarrizko zutabea, 70eko hamarkadetako arte ekimenen protagonista, 80ko eta 90eko arte kritikaren iritzi emaile sendoena, 2000. urtetik aurrerako lehenbiziko bi hamarkadetako heldutasunaren ahotsa.

60ko hamarkadako azken urteetan eta 70ekoan Bartzelonan ikasitakoa Euskal Herrira ekarri zuen, eta hainbat eta hainbat belaunaldiren erreferente izan da, Bilboko Arte Ederren Eskolan lehendabizi eta Fakultatean gero. Zenbat ikasle pasatuko ziren haren klaseetatik? Zenbat artista belaunaldirentzat izan ote da azken artearen berriemaile? Zaila da jakitea, 30 urte baino gehiago unibertsitate hezkuntzari emanda bizi izan baita.

Horrekin batera, zenbat erakusketa antolatu ote ditu? Komisariotza lan izugarria egin duela esateak ez luke ondo adieraziko Saenz de Gorbearen lana; hain zuzen, azkenak aurreko urteko bukaeran egin zituen Bilboko Rekalde aretoan, Donostiako San Telmo museoan eta Koldo Mitxelenan Nestor Basterretxeari eskainitako erakusketarekin.

Zenbat arte kritika idatzi ote ditu? Deia egunkarian astero-astero argitaratutakoak kontaezinak badira, beste hainbeste topa ditzakegu aldizkari, katalogo eta beste argitalpenetan. Zer esanik ez, irratirako egindako kolaborazioak eta telebistarako egindako programak.

Nik, hala ere, eta honelako artikulu nekrologikoetan topiko xamarra bada ere, bere alderdi humanoa azpimarratuko nuke, laguntzeko beti prest ikusi dudalako. Ez nuen inoiz entzun artistek eskatutako katalogoetarako testuei ezetz esaten.

Azkenik, bere konpromisoa ere azpimarratu nahi nuke. Integritate ideologikoa. Lehen aipatutako artisten aldeko eskuzabaltasun bera izan zuen herriarekiko, eta, horregatik, memoriaren berreskurapenean eta zabaltzean izugarrizko ahalegina egin zuen, oroitzeak hobeak izaten laguntzen digulako eta horrek justiziaren aldeko urratsa egin dezakeelako. Horregatik, ez nuke bukatu nahi Xabierrek artearen dibulgazioan egindako lan izugarria aipatu gabe. Arte irakasle ezeren gainetik, artearen ikerlaria eta dibulgatzailea, euskal kulturaren munduak arte historialari ona galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.