Ikasturte honetako azken Zimiteriorako nire ikono ezinbesteko bat aukeratzea beste erremediorik ez zait geratu: Jose Luis Cuerdaren Amanece, que no es poco filmeko esaldi ospetsua parafraseatuz, gurean Paul Wellerrenganako dagoen debozioa benetakoa eta zinezkoa da (Faulknerri dioguna baino handiagoa, bistan denez). Aitzakia badago, gainera, oraintxe bertan argitaratu berri duelako estudioko azkeneko diskoa, 66 (Polydor, 2024), bere bakarkako karrerako hamazazpigarrena, alajaina, zeinaren izenburuarekin, hirugarren adineko Adele bat bailitzan, aurten betetzen dituen urteei egiten baitie erreferentzia (eta agian baita pop musikaren historiako 1966ko annus mirabilis hari ere, Wellerrengan hainbesteko eragina izan duena, orduan bere musikaren hainbat erreferente argitaratu baitziren, hala nola The Beatlesen Revolver, The KinksenFace to Face, Otis Reddingen Dictionary of Soul, The Whoren A Quick One edo The Supremesen A' Go-Go). Hamazazpi estudioko disko zeintzuei The Jam taldearekin argitaratu zituen seiak eta The Style Councilen laurak (edo bostak…) gehitu behar baitzaizkie. Musika berria ekoizteko ahalmen miragarri horrekin dago lotuta, neurri batean, pop munduan daukan estatusa: Modfather ezizena irabazi arazi zion, bere mod sustraiak gogoan, Britpoparen garaiko taldeen gainean izan zuen eraginagatik, figura babesle gisa. Nahiz eta azpimarratu behar den izar izate hori kontu europar bat dela, nagusiki: Ameriketako Estatu Batuetan ez da sekula gailurrera iritsi, britainiarregia delako ziurrenik. Edonola ere, ezagutzen ez baduzu, azken lana, aipatu 66 hori, ez da hasteko leku txarra, azken lau hamarraldietan landu dituen hari guztien bilduma bat delako, neurri batean. Gaurkoan, hemen, bakarkako ibilbide horren beste hiru urrats aztertuko ditut: tentazioa izan dut, noski, haren karrera osoa lantzeko, 1977tik hasita, baina, alde batetik, erredukzionistegia litzateke, eta, bestetik ez diet uko egin nahi The Jamen eta The Style Councilen inguruko balizko monografikoei, etorkizunean…
wild wood
Go! Discs, 1993
1990eko hamarraldiaren hasieran Paul Weller jokoz kanpo zegoen guztiz. Polydor majorrak uko egin zion The Style Council taldearen azken albuma argitaratzeari, eta xaguen kritika karraskarira jaurti zuen (arrazoi osoz, gero konprobatu ahal izan genuen bezala,Modernism: A New Decade hura seiluaren biltegitik erreskatatu eta argitaratu zelarik, ia hamar urte geroago: terriblea zen, eta da). Taldea desegin, diskoetxe independente txiki batekin sinatu (Weller izan zenarekin!), eta bakarkako ibilbideari ekin zion batere aldekoa ez zuen gurutze-bide musikal batean, Estatu Batuetatik zetorren grungeak, britaniar rave kulturak eta Madchesterren indar neopsikodelikoak zedarritzen zutena hain zuzen. Testuinguru horretan lehen album homonimo eta dudatsu bat argitaratu zuen (Go! Discs, 1992), balekoa, baina ez oraindik nahikoa fokatua. Hurrengo diskoak, Wild Wood honek, ordea, ituan jo zuen bete-betean: Style Council garaiko soul-pop sofistikatua (eta letra politikoak) abandonatu, eta 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970ekoaren hasierako rock britainiarrera itzuli zen inspirazio bila: rythm’n’bluesa, psikodelia eta progresibismoa nahasten zuten Traffic bezalako taldeen soinuaren lorratza ezkuta ezina da lan honetan (ironikoa dena, The Jam-en eztanda, punk aroaren hasieran, musika horren aurkakoa izan zelako, neurri batean). Rock izerditsua (5th Season, The Weaver, Shadow of the Sun) eta abesti pastoralak (Wild Wood ederra,All The Pictures On The Wall, Foot On The Mountain, Country), nahasketa orekatu batean. Eta Wellerren niretzat kantarik onena, zeina, kasualitaterik ez, albumaren hasieran ipini baitzuen, Sunflower urduri eta berehalakoa: «I don't care how long this lasts / We have no future, we have no past».
HEAVY SOUL
Island, 1997
Zalantza arrazoizkoa da: ez nuke honen aurreko diskoa, Stanley Roadarrakastatsua (1995), aukeratu beharko hemen, Heavy Soul honen ordez? Duela hamabost bat urte galdetu izan bazenidate, ziurrenik hala egingo nukeen, disko hura inguratu zuen giro nostalgikoak bultzatuta (izenburuak erreferentzia egiten zion Weller hazi zen kaleari, langile klaseko Woking hirian, Londres Handiaren aldirietan, The Jam osatu zen lekua). Baina aukerak norbere garaiko kumeak dira, eta egun gusturago entzuten dut disko hau, agian konpaktuagoa delako. Edonola ere, hala disko batek nola besteak esanahi historiko antzekoa dute: Britpoparen gailurrean gaudela adierazten duten lekukoak dira biak; izan ere rock britainiar klasiko guztiaren amalgama den mobida errebibalistaren fundatzailea eta patroi handia Weller izan zela argudiatu daiteke, ez Oasis edo Blur. Alde horretatik Paul Weller, hamarraldiaren hasieran ez bezala, guztiz bat eginda zegoen Zeitgeistarekin, talde eraginkor bat zuen inguruan (Steve White bateria jole fidela, Ocean Colour Sceneko Steve Cradock…), eta apenas gorabeherarik gabeko soinu sendoko LP bat ondu zuen, Heavy Soul (Part 1) pisutsutik hasita, amaierako Mermaidsdelikatuagoraino. Erdian, ia aitzakiarik gabeko beste hamar kanta: AEBn eratu den rock sustraidunak americana genero-izendapena merezi izan badu, agian hemen aurkezten zaigunerako britanniana asmatu beharko genuke… Eta gainera, sentitzen dut, hemen dago Peacock Suit, janzteko modaren bitartezko auto-berrespen kanta, gozoki musikal bat dena guztiz (ez esan inori, baina etxean, erdarakada permititzen bazait, Atildadín deitzen diogu Wellerri, betiere apain-apain eta ile guztiak ondo kokatuta agertzeko bere obsesioagatik, mod jaio eta mod hilko den bati dagokion bezala…).
22 DREAMS
Island/ UMG, 2008
Homogeneitateak, ordea, bere mugak ditu, eta Britpop aroan nagusitu zen rock hipermaskulinizatu horren errepikaren errepikak agortzera eraman zuen Weller: produkzio-erritmoa handia bazen ere, edo horregatik hain zuzen, elepeen errendimendu beherakorrak gero eta nabarmenagoak ziren (super-produktibitate horretan, dena esan behar bada, ziurrenik zer ikusia izan zuten arrazoi oso lurtarrek, orobat: dibortzio bat eta hiru harreman apurturen ondoriozko bost seme-alaba, garesti samar atera ohi dena…). Jiteari 22 Dreams diskoarekin eman zion buelta, amets(ar)en inguruko album itxuraz kontzeptual bat: 21 kantak etenik gabe elkarlotuta daude, zenbait reprise daude, eta Simon Armitage poetaren testu batek osatzen du 22 ametsa, lana biribilduz. Zerbaitek arreta ematen badu hemen aniztasuna da: rock indartsua dago, noski (Push It Along, Echoes Round The Sun), baina baita Nick Drakeren oihartzunak (Light Nights, Sea Spray), musika beltzarekiko aspaldiko maitasuna berriz ere gogora ekartzen duten pasarteak (22 Dreams,Empty Ring…), jazz ukituak, pianoan oinarritutako baladak, orkestra-pasarte handientsuak (azken urteotako diskoetan gero eta gehiago esplotatzen ari den ildoak, bide batez). Guztia psikodelia arin batek zeharkatuta eta ezin hobeto kateatuta: Wellerrek oso zaila dirudien zerbait lortzen du, batasuna ematea material benetan anitz bati. Eta esperimentatzea, The Style Councilen garaitik egiten ez zuen bezala, baina ulertezintasunera iritsi gabe. Joera esperimental horretan insistituko du hurrengo albumetan (Wake Up The Nation, Sonik Kicks krautrockzalea,Saturns Pattern…): batzuetan asmatuko zuen, bestetzuetan ez hainbeste, baina bere buruaren tributu-banda ez zela bihurtu erakutsi zuen, atzera.