Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Aurreratuegiak (beren garairako)

2024ko maiatzaren 26a
05:10
Entzun

Badaude musika-proiektu batzuk, eta, ondorioz, disko batzuk guztiz ondo egokitzen ez direnak beren garaira, eta hobe egingo zuketenak, halakorik posible balitz, baldin eta hamarkada bat edo bi geroago sortu izan balira, arrakasta gehiago edukiko baitzuketen (akaso) denbora-lerro ukroniko horretan. Izan ere, oso estilo edo ildo antzekoekin askoz ere sona handiagoa lortu zuten, jatorrizko horietatik irakaspenak ondo jasota, originaltasun maila gutxiagoko proiektu gazteagoek, injustizia poetikoa bere antonimoa baino ohikoagoa izaten dela berresten duena, bide batez esanda. Zorte pixka batekin, aro zuzena iristean, proiektu horiek aitzindari bihurtzen dira, eta bigarren bizitza bat izan dezakete, berrargitalpen moduan edo are, taldeak edo bakarlariak bizirik iraun badu (edo «berpiztea» erabakitzen badu), gutxiengo nostalgikoentzako kontzertuen zirkuituan. Baina izan zitekeenarekiko kontrasteak handiegia izaten segitzen du, eta batzuetan, zer esanik ez, beranduegi da, Nick Drake dohakabearen kasuak ondo baino hobeto erakusten duenez, ez baitzuen jaso bere estiloaren jarraitzaile berantiar bezain ugariek eskuratutako arretaren portzentaje ñimiñoena ere (akordatzen ari naiz Jose Gonzalez, Bon Iver, Kings of Convenience edo Sun Kil Moon bezalakoez, besteak beste). Kasu gehiago daude, noski: Silver Apples elektronikoek areago dirudite 1970eko hamarkadako amaierakoak 1960kokoak baino (atarramentu handiagoa aterako zioketen Kraftwerk edo synth-popa nagusi ziren garaiari Maitasunaren Uda hippyosoari baino, zer esanik ez); The Free Designen garai bertsuko sunshine pop konplexua hobeto ahokatuko zen Stereolab edo Broadcast gisakoek 1990eko hamarkadatik aurrera sortu zuten giroarekin; Shack taldea (The Pale Fountains zoragarrien oinordekoa) soilik bospasei urte geroago hasi izan balitz diskoak argitaratzen britpoparen olatura behar bezala igo ahal izango zen, eta ez zen agian horren hirugarren lerroan geratuko. Eta abar. Bada, hona halako beste hiru adibide posible.

Gang of Four

Entertainment!

EMI, 1979.

Gang of Four
Gang of Four

 

 

Deklarazio bat: disko hau ez baduzu ezagutzen, ziztu bizian joan lortzera, edozein bilduma duinen parte izan beharko lukeelako. Eta hau esaten dut, lotsa pixka batez, neuri ere eskapatu egin zitzaidalako bere garaian, eta arretaz entzun nuenean, azkenik, post-punkaren azken aurreko revivalaren aroan (aitzindari gisa aldarrikatzen zelarik, noski), burmuina eztandarazi zidalako: kontu asko ulertu nituen bat-batean. Punkaren osteko punka da: ertz askotarikoa, bihurria, dantzagarria, funkak infektatua. Taldearen soinuaren alderdi ezagungarriena Andy Gillen gitarra zorrotz ebakitzaileak osatzen zuen, Jon Kingen ahots aldarrikatzailearekin batera. Oso politizatutako taldea zen, marxista bezain situazionista, eta larritzeko motiboak baino ez ditu ematen konprobatzeak zein gaurkotasun gutxi galdu duten At Home He's a Touristedo5.45kantek, egun aplikagarri izaten segitzen dutenak. Eta maitasunaz hitz egiten zutenean pop kanten ohiko sentimentalismoari ederki ematen zioten buelta, Contract edo, batez ere, Damaged Goods itzelak egiten duten bezala. Bada, taldeak album honekin landatu zituen haziak beste batzuek uztatu zituzten (Bloc Partyk, LCD Soundsystemek, The Rapturek, Radio 4ek, Franz Ferdinandek…), urte batzuk geroago, post-punkaren berpizkunde komertzialagoan. Horrek arnas berria eman zion taldeari, eta are Return the Gift bezalako ariketa esanguratsuak ekarri ondorio gisa (V2, 2005), disko bikoitz bat zeinetan zorretan zeuzkaten talde horietako batzuek (Yeah Yeah Yeahsek, Ladytronek, Hot Hot Heatek…) mesedea erremix moduan itzultzen zioten Gang of Fourri, eta taldeak berak bere antzinako kantak birgrabatu zituen, kalitate hobearekin baina (ai!) arima gutxiagorekin.

The Chameleons

The Chameleons
The Chameleons

 

 

 

 

Talde niretzat kutun honen beste edozein album aukera nezakeen hemen, baina haietako batez, lehenengoaz, aritu nintzen jada, ipuin moduan, Biodiskografiak nire liburuan, eta ez nuke nire burua (are gehiago) errepikatu nahi. Eta beste hau, gainera, esanguratsua da, harekin egon zirelako lortzeko zorian: ordura arte The Chameleons, Manchesterreko laukote zentzu guztietan ilun bat (soinu gotiko-depresiboagatik, eta kultuzko estatusagatik), Statik zigilu independente txikian aritu ziren, eta hirugarren disko honetarako Geffen majorraren babesa lortu zuten, alajaina. Ba (spoiler alert), ezta horrela ere. Grabatu zuten askotarikoena da, gainera: jakina, kanta siniestroak egiten jarraitu zuten (Caution, Soul in Isolation, Swamp Thing…), baina delikatuagoak izan zitezkeela erakutsi zuten, Tears, Seriocity edo Childhood ametsezkoetan suma daitekeen bezala, eta baita epikarako jaidura ere garatu zezaketela, diskoari hasiera ematen dion Mad Jack edo In Answer kantetan. Baina, aurreratu den moduan, gauzak ez ziren atera espero zitekeen bezala: elepeak, promozioa izan arren, ez zuen arrakasta globalik izan, eta, okerragoa suertatu zena, managerra bihotzekoaz hil zitzaien handik gutxira (Brian Epsteinen garaitik ezaguna da zein txarra izan daitekeen hori). Ondorioz, taldea bitan banatu, eta azkenik poparen Olinpora eraman ahal izango zituen 4. albumik gabe geratu ziren. Urte dezente geroago haien soinuaren inguruko lezioak ondo ikasi zituzten, ordea, Interpol, Editors edo White Lies bezalako maila arruntagoko taldeek, eta horrek The Chameleonsen berpizkunde nostalgikorako aukera eskaini badu ere, ez dut uste hori konpentsazio nahikoa denik, izan zitekeenarekin alderatuta.

Timbuk 3

Greetings From Timbuk 3
I.R.S., 1986.

Timbuk 3
Timbuk 3

 

 

Gogoratzen al da inor Timbuk 3rekin? Taldeak bere momentutxoa izan zuen 1980ko hamarraldiaren bigarren erdialdean, inguruotan New American Rock deitu zen ildoaren baitako rara avis gisa: izan ere, R.E.M.-ek lehenengo elepeak grabatu zituen I.R.S. zigilu independentearen parte ziren, eta arrakasten zerrenda arinki jo zuen lehen disko honetako singlearekin (The Future's So Bright, I Gotta Wear Shades). Taldea, izenak txistetxarki aditzera ematen zuen bezala, hirukote bat zen: Pat McDonald eta Barbara Kooyman senar-emazteek gehi erritmo-kaxa batek osatzen zutena. Berez, egun americana deitzen dugun rock sustraidunetik abiatzen ziren (badakizue, hamabi sokatako gitarrak, mandolinak, harmonikak, ahots-harmoniak…), baina ohiko elementu horiei, ironia eta umore tantez gain, sintetizadoreak eta zaratatxoak ateratzen zituzten makinak gehitzen zizkioten (entzun Life Is Hard, Friction edo Just Another Movie), eta garaian horren boladan zegoen hip-hoparen apropiazio zuriko dosi doi batzuk (singlean, eta baita Hairstyles and Attitudes edo Shame on You-n ere), fusio nahiko original bat sortzen laguntzen ziena… urte batzuk geroago Beck, Grandaddy edo Eels gisako proiektuek askoz ere arrakasta gehiagorekin praktikatu zutena hain zuzen ere. Hurrengo lau elepeak arrakasta beherakorrarekin hartu zituen merkatuak, eta McDonaldtarren ondorengo dibortzioak (ez da ideia ona izaten musika-taldea bikotekidearekin sortzea, Paul McCartney eta Linda Eastman izan ezean behintzat) kitapen-agiria suertatu zen baita Timbuk 3rentzat ere. Auskalo gauzak bestela izango ziren baldin eta bide horri ekin izan baliote soilik hamar urte geroago, BeckekOdelay atera zuenean…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.