Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

Wisla, Ewa, Krys, Tad

2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Primeran datorkit zure galdera, Patxi, Poloniako literatura ia guztiz arrotza zaigunez, poeta batzuk aipatzeko aitzakia eman baitidazu.

Egonaldi honetan Szymborska berraurkitu dut. Ezin izan bestela. Goizero leitzen ditut haren lerro batzuk, ea kutsatzen didaten bizitzako kontuak arretaz baina umorez arnasteko tenplea. Osasungarria da eszeptizismoa eta paradoxak uztartzeko duen abilezia; bitxia, beste errealitate batzuen tokian jartzeko duen gaitasuna, izan heriotza, hondar-alea, izarra edo kakalardoa; eta miresgarria, intentsitate lirikoari izkin egiteko dohaina friboloa eman gabe.

Haren poemetan ez dago min izendunik, ez odolik, ez gorputzaren krakadarik, ez gorabehera historikoengatiko lanturik, ez patuak eraginiko etsipenik. Oin-puntetan dabil munduan eta, aldi berean, nahi barik bezala jotzen du kezken muinera. Esaten omen zuen hitz arranditsuetatik ihes egiten zuela ezen, idaztera jartzen zenean, iruditzen baitzitzaion baten bat zeukala atzean, imintzioka. Apaltasunak eta lotsak elikatuko zioten ironia.

Ohartu naiz uste nuena baino mitozaleagoa naizela. Egizue barre: neka-neka egin naiz Krakoviako dorre, beirate eta estatuei begiratzean Wislaren urtxintxa-begirada haietan pausatzean zenean zer otutzen zitzaion imajinatu nahian. Edo Ewa Lispka, gaurko poeta bat, zein etxetan bizi ote den asmatu ezinik: «Jainkoak kutxa automatiko batetik ordaintzen du gaitza», dio bere inguruari buruz. Bertso-lerro horren haritik, derrigor izan behar errezeloren bat literaturaren ahalmen eraldatzaileaz, Katixa.

Bere historiaren ondorioz —independentzia behin eta berriz lapurtua—, poloniar poesia identitate nazionalaren funtsezko euskarria izan zen luzaro. Halaber, inbasio naziaren eta osteko sobietar diktaduraren ondoren,azken hamarkadetako poetek eginahalak egin dituzte hizkuntza askatzeko komunismoaren propaganda ideologikoaren tresna izatetik. Hirietan ere ondotxo nabari da bilakaera, kapitalismo-eredu berantiar baina geldiezinaren aurrerakada.

Bitartean, Krystyna Rodowska sustraigabetzeaz kezkatuta agertzen da (bide batez esanda, gaztelaniazko idazle ugariren itzultzailea da Rodowska, Nicanor Parra edo Juan Rulforena tartean). Izan ere, historiaren abusu handienetakoa da gauza batzuk memoria hutsa izatera kondenatzea. Bere hiria, Lwow (Leopolis, Lemberg), —gizaldietan etnia askoren bilgunea izana, ghetto handiena ezarri eta 5.000 zahar eta gaixo bertara heldu baino lehen fusilatu zituzten hiria— inorena bihurtu zuten Yaltako itunek. Poetaren erbestea ez da berarena soilik, kolektibitate oso batena baizik: «Ni jaio nintzen hiria / orain ez da jada, / baina topatuko duzu Ekialdeko Europaren mapetan. / Hainbat mendetako / denborazko errealitatetik erbesteratua, / ez da arimarik gabeko fatxada eta horma mordo bat besterik. / Gaur, hango biztanleak ez dira / beren begiekin / mirespenik gabe izurik gabe / behatzen dituzten irudien zamaz ohartzen. / Haien ustez hiriak ez du azala aldatu besterik egin. / Lehoi mitikoek ez dute jada / herri eta hizkuntza askoren memoria zaintzen. / Oraindik ere odoletan dute bizkarra Domadorearen zartailupean. / Erauzia izan nintzen etxeak / bizirik dirau —esan didatenez, bertako hildakoek leialtasunez bisitatua».

Ez dakit poesiak mundua aldatzen duen, baina etxeak, behintzat, eraikitzen ditu. Gurean ere badakigu horretaz. Eta denbora mitikoaren eta denbora praktikoaren artean, Tadeusz Rozewichen gogoeta: «Zabortegiko poeta egiatik hurbilago dago hodeietako poeta baino».

Arrazoia, bakoitzak bufoi bat daukagu bizkar aldean plantaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.