Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Wemean

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Naiz irratiko irratsaioa prestatzen aritu naiz, bi egun geroago etorriko ziren murrizketen berri izan aurretik. Wemean taldea gogoratu dut, 1990eko hamarkadaren amaierako rap, rock eta punk talde suitzarra. Lau emakume aitzindari ausartez osatua, iraultza gizonezkoek abesten zuteneko garaian agertu eta desagertu ziren, Esan Ozenki Records diskoetxeak argitaratutako disko bakarra utziz. Euskal taldetzat hartu genuen askok, emakume musikari euskaldunen eskasia bizi genuen garaian.

Hogei urte genituen, eta asteburureo Gasteizko Kutxi kaleko tabernetan haien abestiak entzuten genituen, emakume aske, independentearen ereduaren bila genbiltzalarik. Garaiko mezu iraultzaileak gizonezko ahotsetan entzuten ohituta geunden, ia konturatu gabe haiei esleitzen genien ahalmen hori, neska talde hau entzun genuen arte. Mutilak bezain ausart eta lotsagabe agertzen ziren argazki eta zuzenekoetan, euren rapero arropa nasaia eta ile dekoloratu motzarekin.

Abestiak izaten ikasteko idazten zituzten guretzat, gero kanpotik barrura jo eta abesteko: airetik, zaratatik, olatuen soinutik eta kaleko umeen oihuetatik. Kotxe barruko edo parke baten bankuko arnasestuetatik, euripean bustitzen gineneko algaratik, gaztetxeko dezibelioetatik, sirenen hotsetik eta airean botatako pilota itsuen txistutik asmatzen zituzten letren abestiak.

Krasivaja Riba abestian, amak begi handiekin maitasunez begiratzen gintuela gogorarazten ziguten, umetan ulertzen ez genituen hitzekin hitz egiten ziguten amak, haurrak bizitzaren kalean galtzea nahi ez zuten amak. Lehen, semeak kalean galtzen zirelako, orain ez bezala; etxe barruan pantaila batean galtzen dira, inork behatzen ez dituelako. Orratz artean galtzen ziren gazteak, hauts zurien artean, taberna bateko bainugelan, izerdi eta alkohol kiratsa musukorik gabe arnasten, goizaldean beste gau batez ixten zuen tabernak irentsita.

Hitz egitea dena zen. Hitz egitea besterik ez zen, gure bizitza zen. Eta orain bizitza begiratzea da, intimitatea hiru esalditan botaka egiten duenari irakurtzea da, norbaitek esandakoa norberak botaka egitea da. Etengabe irakurtzea da, begiak pantailatik azkar mugituz hatzek aurreratzen duten arte. Zerbait erantzuteko irrikaz, zerbait esan behar baita.

Joan den igandeko Bi ahotsetara atalean Gorka Erostarberi irakurri nion zerbait, Antton Iturbe lagunak adierazitakoaren inguruan aritu baitzen: Iturbek esan berri du musika ez dela soilik gau girokoa edo parrandakoa, musika kultura ere badela, eta, aldiz, Erostarbek dio behin baino gehiagotan horrekin bat egin duen arren, akaso «kentzen diogula potentzialitatea ondo pasatzeari, elkarrekin dantza egiteari, gorputzen gertutasun kolektiboari, traszendentziaz ahaztuta gertatzen ari denaz hezur-haragiz gozatzeak zerbaiti, norbaiti konektatuta sentitzeari, heldua sentiarazteko. Hori guztia kultura ez ote den ere». Eta Wemean taldea gogoratzen ari naizen aste honetan, ezin aproposagoak iruditu zaizkit hitz hauek, Wemean gogoratzeak horren guztiaren falta mugitu egin didalako barruan, orain hogei urte izan bazen ere. Kaleak gureak zireneko egunak, musikak batzen gintuenean, uda jendetsuak, txosnak eta kontzertu libreak, zutik, edaten, dantzatzen, besarkatzen edo muxukatzen, kultura askatasunez entzuten genueneko garai ez hain urruna burura datorkidan bezala.

Asteburuan inozoki kexatzen nintzen kontzertuak ez genituelako libreki gozatzen, jakin gabe hiru egun geroago nire herrian eskainiko ez diren ekitaldietarajoateko eskubidea ere kenduko zidatela.

Musikari hura gogoratu nuen, eskaintzen duen kontzertu batetik bestera etxetik irteten ez dena, positibo madarikatua emateak bira osoa bertan behera uztera behartuko lukeelako. Kontzeptua bera izugarri krudela da, eta are krudelagoa irtenbide bat dela onartu beharra. Nork esango zion entzulea bera izango zela huts egingo zuena.

Nork esan behar zion talde bati osasun-neurri zorrotzei aurre egin diezaioketen areto eskasetan bira txiki bat lortu, eta ezin izango zuela aurrera egin, disko berria ilusioz aurkezten jarraitu, baldintza mugatuetan bada ere. Bertoko entzuleek ez dituztela aforoak betetzen, erdira murriztu badira ere.

«Stop al pánico» dio Wemeanen garrasiak, badirudi iraganetik itzuli direla bizitzaren kalean galdu behar ez dugula berriz ere irakasteko. Orduan, ez zekiten hogei urte geroago kaleak ez galtzeko moduan diseinatuko zizkigutela, besteek egindakoari jarraituko geniola, aurrera jarraitzea onartuko genuela norabiderik gabe, zirkulazio-arauak eta murrizketak onartuz, eta gure ekintzen erantzukizuna geure gain hartuz, mundua salbatzeko. Besteak salbatzeko, haien erantzule bakarrak sentitzeko.

Wemean. Axola dugu. Esan nahi dugu. Eguneroko moldatu honetan zirrikitu txiki bat aurkitu, eta entzun diskoa, denboran ez hain urrun gozatzen genuen askatasunaz blaitu; emakume izatearekin konformatu ez ziren haiek entzun, indarrak hartzeko. Why? abestian bezala, gero eta txikiago sentiarazten gaituen egoeran, galdetu zergatik, ez kopiatu erantzunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.