Veneziara bueltatzen naizen bakoitzean, bertan denboraldi luzeagoa pasatzeko gogoa sartzen zait.
Hiri ezerosoa izan behar du: turistaz beteta egonik urte guztian, edozein tokitara joateko bide luzea hartu behar da, kanalek bide zuzena oztopatzen dutelako; hezetasuna etxeetako hezurretaraino sartuta dago; irlek bakartze sindromea izaten dute, eta abar. Hala eta guztiz ere, bertan bizitzea nolakoa izango den jakiteko jakin-mina sartzen zait han.
Hiria baino gehiago, parke tematikoa dirudi, eta ez du bizitzeko gogo handirik ematen; baina artearen parke tematikoa dela kontuan hartzen badugu, artea gustuko dugunontzat bertan bizitzea ez litzateke sufrimendu handia izango.
Hala ere, parke tematikoetan gertatzen denaren aldean, artea bizirik dago Venezian. Hirian sakabanatutako museo ugari dago, baina harrigarria iruditzen zait oraindik zenbat artelan dauden egin ziren tokietatik mugitu gabe. Artista handien lan asko, Carpaccio, Bellini, Tiziano, Tintoretto, Veronese, Tiepolo eta abarrenak, elizetan eta eraikuntza ofizialetan ikus daitezke, eta ez museotan.
Artelanak garai batean bete zuen funtzioa ezagutzea ezinbestekoa da hobeto gozatzeko eta ezagutzeko; beraz, Venezian konturatzen gara artelan asko ez zirela izan hormetan eskegitzeko koadro hutsak; aitzitik, funtzio erlijioso eta zibil garrantzitsua betetzen zuten, eta betetzen dute, uretan itotzen ari den hiri horretan.
Veneziako bisitariak goi mailako artea ikusi nahi badu, elizetara sartzea gomendatzen diot, kalez kale dabilenean. San Markoren urrezko mosaikoak, Belliniren Madonna San Zaccaria elizan eta triptikoa Frarikoan, Tizianoren Frariko igokundea eta Pesaro pala eliza berean, Tintorettok San Rocco eskolarako pintatu zituen koadro serieak, Veroneseren San Sebastianoko freskoak eta Tiepoloren Carmini eskolako sabaia... Esperientzia estetiko gozagarriaz gainera, zertarako eta orduan nola ikusten zituzten ulertzen laguntzen digute.
Arte garaikidea ikustera joan ginen Veneziara, baina biurtekoaren aitzakiarekin, garai askotako artearekin topo egiteko aukera ematen digu kanaletako hiriak.
Artea. Begiz
Venezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu