Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen III diskoa hartuz gero, Etorkizuneko nostalgia izeneko kanta dator, Xabier Gantzarainen testu batean oinarritutako hitzekin. Hemendik puska batera oraintxe bizitzen ari garen momentuarekiko izango dugun nostalgiari buruz ari direla uler daiteke. Baina, lehen begi kolpean, Etorkizuneko baino, Etorkizunarekiko nostalgia zentzuan ulertu nuen, eta ideia aldrebesa dirudi, iraganarekin lotuta egon ohi delako nostalgia. Behinolakoaren lilurari eta jada hemen ez dagoenaren miraz egoteari deitu ohi zaio hala. Baina, bestalde, aldrebeskeria horrek ondo irudika dezake honakoa: lehenago gutxi-gehiago onbidean zirudien etorkizuna zapuztu izanaren sentsazioa. Izan ere, bada denbora bat geroa ilun irudikatzeko joera dugula.
Iraganarekikoa ez den nostalgiaz batera, beste ideia aldrebes bat izan daiteke erretrotopia. Zygmunt Baumanek asmatutako hitza da, iraganean proiektatzen den utopia izendatzeko, etorkizunean ordez. Geroaldi itxurosorik irudikatzeko ezintasunaren aurrean, atzerantz begiratzen dugula zioen, ona lehenagokoa zela pentsatuz. Irazoki eta lagunek hala diote kantari: «Atzera begira bidaiatzen duzu malenkonia lagun, eta etorkizuneko nostalgiak zugan egin du pum». Eta hor egongo ginateke, pum, joandako iraganaren eta ilun omen datorren etorkizunaren artean. Hala dio kantuan errepikatzen den leloak: «Ez dut nahi, ez dut nahi, ez dut nahi; etorkizuneko nostalgia».
Erakargarria ere izan daiteke desastreari segurtasun distantzia batetik begiratzea, edo ez lirateke bestela errentagarriak izango hainbeste ikus-entzunezko distopia. Badute zerbait kitzikagarria. Ez da gauza bera, baina Susan Sontagen Regarding The Pain Of Others hartuta, hala dio: «Auto istripu beldurgarri baten ondotik pasatzerakoan, badakigu autobidean ilarak sortzen dituena ez dela jakin-min soila. Gehienentzat, zerbait lazgarria ikusteko desira ere bada. (...) Eszena horien erakargarritasuna ez da arraroa, eta barneko tormentu iturri dira». Dostoievskiren Deabruak nobelako pasarte batean ere aipatzen da, nola zaila den sute baten aurrean plazer pixkaren bat ez sentitzea, arrisku sentsazioa eta eszitazioa batuta. Sutan dagoena norbere etxea ez den bitartean. Distantzia txikitu ahala, inork ez du hondamena bere gainean nahi.
Desastrearekiko erakarpen hori erabilia nago ni ere nolabait, artista bezala egindako lanen batean, eta erretrotopiaren ideiaren bueltan gainera. Ez zuzenean, baina bazegoen zeharka horren aipamenen bat. Momentu honetan berriz egingo ez nukeen zerbait da, lehendik zegoena baino gehiago ilundu delako giroa azken hiru urteetan batez ere, eta oraingo ikuspegitik —segurtasun distantzia mehetzen ikustetik— esango nuke, paralizatzailea izan daitekeela ezkortasun horretan ibiltzea, utzikeriara eraman gaitzakeelako.
Itomenetik ateratzeko laguntza dira Layla Martinezen hitzak, egunkari honek abuztu erdialdean zekartzanak. Hala zioen: «Eliteek neoliberalismoa sortu zuten (...) errepresio izugarri bat gauzatzeko. Arlo ideologikoan, mezu bat errepikatzen da: ez dago alternatibarik, ez dago etorkizunik». Eta utopiaren beharra aipatu zuen segidan, «utopiarik gabe oso zaila delako mobilizazio politikoa egotea». «Pentsatzen baduzu etorkizuna halabeharrez okerragoa izango dela, zauden tokian geratu nahi duzu». Ez da paradisuaz ari, «gizarte hobe bati buruz baizik. Horietan, gatazkak bere hartan dirau oraindik, baina gatazka hori kudeatzen da guztientzako modu justuago batean, eta ez elite ekonomiko batzuen behar eta nahien arabera. Ari naiz gizarte erradikalki hobe bati buruz, guztiontzat, baina ez arazorik eta ikuspegi aniztasunik gabeko bati buruz». Utopiaren ideia ere paralizatzailea izan daiteke agian, helburua urrunegi jarriz gero eskuraezina irudituko zaigulako, eta, horregatik, bi mailatan jardun behar dela dio Martinezek: «Bihotza ortzi muga utopikoan jarrita eta, aldi berean, momentu honetan hartu beharreko neurrien pragmatismoarekin».
Duela gutxi konturatu naiz gaizki ulertzen nuela Morauren Nork daki kanta ezagunaren letra. «Kokakola lata bat baino gehiago, dena utopia» entzuten nuen nik. Hortik gora dena inposiblea dela ulertzen nuen, utopia eskuraezinak. Dagoena dagoela eta kitto, ironiaz esana izan zitekeela pentsatzen banuen ere. Baina ez omen da dena, baizik eta ote da. Hala ere, bere erara entzuten du bakoitzak, eta gehien-gehienentzat dela dela konturatu naiz. Horren adibidea ikusi nuen egunkari honetan, Iñaki Petxarromanen azaroko artikulu batean. Kantaren aipamena egin zuen, eta memoriaz ari zelako edo, dela idatzi zuen. Hizki bakarraren aldeak beste muturrera daramakit esanahia: utopia gauza urruneko bat bezala aurkeztetik —nonbaiteko urrunen batean dagoen dena—, gauza gertuagoko bat bezala ikustera —badela—. Bada, halaxe noa artikulu hau amaitzera, Etorkizuneko nostalgia kantak dakartzan tentsio eta erritmo zurrunari Nork daki-ri darion alaitasuna gehituta, dela erabilita: «Ez dut nahi etorkizuneko nostalgia», «kokakola lata bat baino gehiago dela utopia». Utikan distopia paralizatzaileak.
LAUHAZKA
Utopiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu