Urteroko erritualari ekin diogu berriz. Leidor antzokiaren barrunbeek irentsi gaitzaten utzi dugu; urteroko aurpegiak, aurkezpen manerak, urtebete gehiago azaltzen duen kartel grisa, urtero berritzen den loreztapen minimala, eta erreferentziak galtzeraino edan dugumusika uholde parrastadatik lau egunetan zehar.
Batavia Madrigal Singers (Indonesia) genuen ikusmin handienaren eragile, eta halakoxe erantzuna lortu zuen. Denei itzal egiteko gai izan da, alde handiz gainera. Inork ez bezalako zera transmititzeko gaitasuna izaten segitzen dute. Banakako kantari prestuek zuzendari argiaren eskuei ehotzeko hari fina eskaintzen diete. Emaitza goi-goi mailakoa eta sarkorra lortzeaz gain, freskotasuna darie. Darabilten literaturari dagokionez, bizi dugun mundu globalizatuaren isla dira, AEBen ekoizpenaren mesedetan betiere. Muestrarako: Don't Stop Me Now arras ezagunaren bertsio dinamiko eta dantzakorra, Freddie Mercuryk berak ere hobetuko ez lukeena. Talde trinko, bateratu eta kontundentea.
Beste era bateko harribitxia: Robert Sund zuzendari, konpositore eta pedagogo suediar historikoaren eskuetan jardundako Tokioko JCA koru gaztea. Zuzendari-kantari harreman oso barneratua eta zehatza agertzeaz gain, antzinagoko garaietako musikaren espresibitateari zukua atera zioten maisuki. Talde zoragarria.
Beste maila batean, Basileako (Suitza) Mannerstimmen; aspaldiko partez gizonezko gazte taldea gure begien aurrean. Arriskuetan zuhur, bide labainkorregietatik galdu nahi ez duen sonoritate konpaktuko talde ederra osatzen dute. Eta Letoniako Pa Saulei ere, aurrekoen maila bertsuan.
Ahots taldeei, bestalde, bi egunez egokitu zitzaien ekitea, goizez. Art'n Voices-ek (Polonia), tinbre aberats eta zabalaz baliaturik, maila handiko musika bazka eskaini zigun. Larunbat goiz umelean, XVI. mendeko musikari zor zaion malgutasuna ataka estu bihurtu zen gehienentzat, baina ez haientzat. Musika erromantikoan ere, ñabardurarik txikienak aurretik zorrotz landurik zeuzkaten. Letoniako Era-ri tarte ederrak jaso genizkion: estetika bateratuarekin eta ahotsen amalgama eta harmoniko aberatsarekin lortutako etorri erraza; eta erromantizismoa. Glier College (Ukraina) taldeko neskek, Galina Gorbatenkoren maistratasunari men eginez, izpirituz asetako kontzeptu klasikoa eta ongi atondua lortu zuten. Musika asko dute zainetan. Gema Sangkakala-koek (Indonesia), gaztetasunaren freskuran, goxoki landutako bi euskal obra eskaini zizkiguten: Elberdinen Soleram, XX. mendeko erdialdeko Brodwayko eran jasoa; eta Ikimilikiliklik, festa algaratsua sortuz.
Horri guztiari eta gehiagori juzgua egiteko, zazpi epaimahaikide eskarmentudun aritu dira. Eman dituzten epai gehienetan haiekin bat etorri izanak ez dakit lasaitu nauen edo, gauzak txukun xamar egiten jarraitzeko intentzioan, galtzak bete lan izaten jarraituko dudala ziurtatu didan.
Tolosako Abesbatza Lehiaketa. IRITZIA
Urteroko errituala Tolosan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu