Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Urteko diskoak

2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bukatu da 2011 ere, eta hasi dira urteko diskoen zerrendak argitaratzen aldizkari espezializatu paperekoetan nahiz digitaletan, egunkarietan, blogetan. Eta, egia esan, fabore handia egiten digute joan berri den urteko disko gutxi entzun ditugunoi. Gustuko ditudan musika estiloetako zerrendak begiratzen ibili naiz, eta badira gehienetan errepikatzen diren 20-30 disko; beraz, ez zait oso konplikatua egingo musikazaleen elkarrizketetan enteratuarena egitea. Zerrendak begiratuta, konplikatuegia ere ez zen, aurreko urteetan onenen zerrendan egondakoak begiratu, haietatik diskoa zeinek atera duen ikusi, eta gutxi gorabehera iazko diskorik onenak zein ziren jakin nezakeen. Baina ordena ez, eta urteko zerrenda gehienetan ordena inportantea da. Garrantzitsua da PJ Harveyrena Tom Waitsenaren aurretik dagoela jakitea, eta hau Wilcoren diskoaren aurretik. Ze axola du kolaboratzaile denen gustuak zerrenda bakarrean jarrita guztia homogeneizatzen bada, ze axola mundu osoko kolaboratzaile guztiek gustu berak dituztela badirudi, ze axola musika lehiaketaren esparrura eramaten bada: orain badakit urteko diskoa PJ Harveyren azkena izan dela.

Eta diskoa entzun dut, jakina: polita baina kontserbadorea iruditu zait, zerrenda asko bezala —komunikabide espezializatuak zaharrunotzen ari dira?—. Baina zerrendetako disko berritzaileagoak ere urtean berritzaile zer den erabakitzen dutenen arabera direla berritzaile pentsatu dut—hypnagogic esaten ikasi dut, bai—. PJ emakumea dela konturatu naiz gero, eta agian goratze horrek zerbait adierazten duela, eta emakume gehiago bilatu ditut zerrendetan, baina betikoa aurkitu dut: batzuetan bat ere ez, besteetan bizpahiru, inoiz ez % 15 baino gehiago, fanzine eta blog feministetan ez bada —salbuespenen bat kenduta—. Eta ez diot kontua emakumezko kolaboratzaile faltari egotziko, arazo sakonago baten adar baino ez dira biak ala biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.