Zenbait aldiz hirugarren eta bigarren izan ostean, jantzi du azkenik Alaia Martinek merezitako txapela. Saio osoan zehar oso goitik kantatuz, une bakoitzak eskatzen zuena egin du hasieratik bukaerara oiartzuarrak: zirikatzaile eta jostari bertsoaldiak horretarako bidea irekitzen zuenero, entzuleengan irri bihurriak marraztuz, eta diskurtso sakonagoak maisuki harilkatzen, entzule berberak kitzikatuz, are hunkituz. «Nik nahi dudana egin behar dut, berorrek hala egin beza», «kartzela bat dirudi gure pentagramak». Buruz burukoa aurrera zihoan heinean gaur bai, gaur txapela jantziko zuela sinestera iritsi dela esango nuke.
Aspaldiko auskalo zenbat finaletan buruz burukoan kantatu eta azken bi txapelak jantzitako Beñat Gaztelumendik egindako finalari ez dago aitzakiarik jartzerik. Akatsik gabeko saioa, ohi bezala, kilate askotako betelanak eta arrazoiak, dena egin du ondo. Buruz buruko ganbarakoan bere zigilua utzi du, beste behin ere, Euskal Herriarekiko atxikimenduaren beherakadaren gaiaren harira. Bigarren bertso ikaragarria ondu du lan horretan, berak zer-nolako Euskal Herria amesten duen zirriborratuz. Inork egin gabeko ibilbidea egin du Gipuzkoakoan eta utzitako arrastoa hor dago.
Oihana Iguarani puntu erdi falta izan zaio buruz burukora sailkatzeko. Hirugarren postu «krudela», bainarik gabeko saioa ondu ostean. Irudiak sortuz sinesgarritasun handia eman die bere bertsoei, eta bakarkako lan zirraragarri bat oparitu badigu ere, ez da nahikoa izan azken txanpara iristeko. Gipuzkoak buruz buruko bat ez ezik txapel bat zor dio Iguarani, eta iritsiko da zor hori kitatzeko eguna.
Ane Labakak ariketa guztiei atera die zukua, eta ganbarakoan bertsoaldi bikaina ondu du, erditze gelako indarkeriaren harira. Deigarria izan da ganbarako gai ustez ireki samarretan zenbait kasutan bertsolariek aukeratutako heldulekuak errepikatu izana, erditze gelako indarkeria obstetrikoa eta soziolinguistika azterketen ingurukoa, kasu. Labakarengana itzuliz, entzuleengana iritsi eta hunkidura sortzeko sekulako gaitasuna dauka lasartearrak, eta gaur ere eman du beretik. Txapelketa honetan gora egin du bere itzalak, baina esango nuke oraindik ez duela sabaia jo.
Gaueko argazkietako bat, zalantzarik gabe, Patxi Goikolea eta Aner Peritzen arteko besarkada izan da, irudiaren sinbolismoak hamaika ertz baitauzka. Kantaera melodikoa eta bertsokera zuzena, mezu zorrotz eta garbiak neurri eta errimara errendituak, milaka lagunen aurrean ausart eta bere buruarengan sekulako konfiantzarekin. Uneren batean arratsaldeko sorpresa izango ote zen sinestera ere iritsi gara. Zeresan handia emango du datozen urteotan, pixkanaka baina atzera bueltarik gabe eraldatzen ari den bertsolaritza munduan.
Nerea Elustondori kosta egin zaio final batean gora begiratzeko ezinbestekoa den erregulartasuna mantentzea. Ariketa batzuetan ez du zorterik izan, eta barruan gordetzen duen kriseilua igurtzi ezinda bezala sumatu dugu tarteka.
Jostari ekin dio saioari Andoni Rekondok neurri «libreko» lehen ariketa berritzaile bezain arriskutsuan. Peritzekin batera ariketa txinpartatsua, bilobak zaintzeko orduan iritzi ezberdinak dituzten bi jubilatuen azaletik, eta jatetxeetan beti protestan aritzen denaren azaletik itzel, Iguaranekin. Bertsozaleak biziki eskertu du bere freskura.
Eneritz Artetxek hasieratik hartu dio neurria Illunberi, halako plaza batean berria den arren. Bere estiloari leial, erasokor aritu da saio osoan zehar, entzuten eta erantzuten, eta txapelketa bikaina osatuta harro egoteko moduan da, bere bertso ibilbidean koxka bat edo gehiago igota hilabete gutxitan. Eskerrik asko denei, eta bejondeizuela!