Lucrecia Martel zinemagile argentinarrak, pelikula apartak egiteaz gain, zinemaren ofizioaren inguruko hausnarketa borobilak botatzen ditu maiz. Elokuentzia handiz esaten du zinema akademietan erakusten den narrazio ereduaren oinarrian gatazka dagoela, logika belikoaren defentsa bat. Eta egia da, zinema edota gidoigintza ikasketak egin dituen edonork erruz entzun izan duela ikasketa prozesuaren une ezberdinetan «konfliktorik gabe ez dago istoriorik» leloa. Baieztapen horren arabera, film bat arrakastaz egiteko elementu zentrala da konfliktoa —edo konfliktoak— identifikatzea, ondoren, horren inguruan egituratzeko narrazioa bera. Konfliktoa erdigunera ekarriz gidoiaren trama guztia ardaztu behar omen da horrela: narrazioaren puntu gorenak, erritmoa, gidoi biraketak eta baita pertsonaien arku narratiboa ere.
Martelek, ordea, auzitan jartzen du aipatu logika eta sarritan galdekatzen du entzulea haren seminario eta lantegietan: «Benetan uste al duzue gure eguneroko bizitzan gertatzen dena azaltzeko —behinik behin, gure bizitza xume eta ordinarioetan— balio duen egitura dela honakoa?». Hala, ez du ukatzen egoera gatazkatsuak ez daudenik; alabaina, onartzen du gure bizitzek ezerezetik eta asperduratik asko dutela, gehientsuena dela iragate hutsal bat eta intentsitateak badirela, baina askotan konflikto agerikorik gabekoak. «Atera leihora eta begiratu kalean gertatzen denari; ba al du horrek zinemagintza klasikoaren narrazio eredu horretatik zerbait?». Gonbit interesgarria egiten du Martelek, sotila eta arrunta denari begiratzeko modu berriak behar ditugula, alegia, giza egoerei begiratzeko beste modu batzuk, gerruntzerik gabekoak, doktrinarik gabekoak, begiradari utziz bestelako harreman batzuk ezartzen inguruan duenarekin.
Arantza Lazkanoren Urte ilunak (1993) filma ikusterakoan gogora etorri zaizkit Lucrecia Martelen hausnarketa hauek. Urte berean estreinatu zen filma Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean, eta ezetz asmatu, haren ibilbideak ez zuen luze jo, Goya sarietarako zuzendari berrietarako izendapena jaso eta aste pare bat zinema karteleran egotetik haratago (lorpen hauei distira kentzeko inolako intentziorik gabe). Santiago de Pablo zinema ikerlariak 1997. urteko artikulu batean adierazi zuen errekonozimendu lauso horren arrazoien artean egon zitekeela «oinarri gehiegirik gabeko argumentua, filmaren balizko ahuldade narratiboa eta akaso, estilo hotz samar bat». Opera prima bati onar dakizkiokeen inperfekzioetatik haratago, Lazkanoren filmean narrazio modu ezberdin bat dago, indarra konfliktoan eta, hortaz, egitura borobil batean bainoago, eguneroko gertakizun ustez hutsaletan kokatuz arreta. Konfliktoak egon badaude —ez bat, ez bi, gehiago ere badira— baina tramaren harilkatzea Itziar pertsonaiaren eguneroko gertakari xume eta arruntetan ematen da.
Esan bezala, ordu eta erdi irauten duen fikzio honetan protagonistaren —Itziarren— haurtzarotik nerabezarorako urteak kontatzen dira. Testuingurua oso presente dago titulutik hasita, zeinetan jadanik aurreratzen den denbora historiko bati buruzko film bat dela, zehazki 1946 eta 1965 gerraosteko urte ilunei buruzkoa, hain zuzen ere. Gerra zibilaren ondorengo abertzaletasun jeltzalearen egoera sumatzen da filmaren gibelean, Bigarren Mundu Gerrako aliatuen alde egin ostean ohartu zirenean hauek ez zirela etorriko euskaldunak salbatzera. Horrela, Itziarren aita, Juan, EAJko militante nekatu eta mingostua da, akzio politikoan sinesteari utzi diona eta lau alaba-semez osatutako familiaren salbaziora dedikaturik bizi dena. Horrekin batera, modu ederrean erakusten du Lazkanok Zumaia bezalako herri bateko garaiko giroa: eskolan mojek euskararen kontra praktikatu zuten bortizkeria, haurren jolasak eta mundu imajinarioa, herrietako zinema aretoek betetzen zuten funtzio soziala, eta beste hainbeste ekintza xume, ez-ikusgarri eta, aldi berean, bizitzaren logika ez-beliko hori erakusteko hain nahitaezkoak.
Lazkanoren saiakera zein dohainak dira frogatzea, garai historiko baten konfliktoak erakusteari uko egin gabe, jar daitekeela tramaren pisua elementu narratibo sinple, eguneroko eta baita intimoetan ere.
Eritasun baten ondorioz Itziar haurra Gaztelako barnetegi batera bidaliko dute senda dadin. Mingarria egin daiteke despedidaren unea, ez amak ez aitak besarkadarik arinena ematen ez diotenean: bihotz apurtzailea zinez gerrateek belaunaldiz belaunaldi utzi duten oinaze afektiboa, oraindik orain guganaino iristen dena lausoki. Eta amaierako eszenetako batek gogorarazten digu ETA amildutako EAJ hartako eszisio batetik sortu zela: gazte bat ageri da Donostiako tren geltokitik korrikan polizia segika duela «Gora Euskadi Askatuta» oihukatuz.
Lazkanoren saiakera zein dohainak dira frogatzea, garai historiko baten konfliktoak erakusteari uko egin gabe, jar daitekeela tramaren pisua elementu narratibo sinple, eguneroko eta baita intimoetan ere.
'urte ilunak'