Inigo Astiz

Urdaibaiko izurdea

2024ko urtarrilaren 23a
13:25
Entzun

«Etorri naiz esatera banoala». Duela hamabost urtetik hona, Serge Gainsbourgen letra zati horretan kateatua dirudi Guggenheimen museoaren Urdaibairako proiektuak. Denbora horretan guztian, hoztuz eta berotuz joan da erakundeen haren aldeko babesa, eta, justu, aurrekontu sail adostu batzuekin, eraikinentzako kokapena erabaki eta haiek eraikitzeko lege esparruak ere argitua zirudiela, sorpresa, bi urteko hausnarketarako epea adostu dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Solomon R. Guggenheim fundazioak. Proiektuaren aurkako mobilizazio jendetsuek eta hauteskunde deialdi batek ere eraginda, seguruenik.

Hiru sorpresa izan dira oraingoan Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua atzeratzeari buruzko erabakian. Horretarako erabili duten argudioa izan da lehena: bideragarritasuna aipatu baitute hausnarketa beharrerako motiboen artean. Hain justu ere, orain arte bermatuta balego bezala aurkezten zen elementua. Eraikinari eta proiektuari buruzko datu lanbrotsuak baino ez zeudenean ere datu ekonomiko baikorrez eta eskualdean izango zuen eragin ekonomikoari buruzko oharrez jantzita joan direlako beti gaiari buruzko filtrazio guztiak. Orain, kuantifikatu dute 127 milioi euro beharko liratekeela museoa altxatzeko. Eta orain heldu da zalantza.

Bigarren sorpresa: Solomon R. Guggenheim fundazioan ekainean egitekoak diren zuzendaritza aldaketa argudiatu da proiektua atzeratzeko motiboen artean. Hamasei urtez, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak proiektua lehenengoz aurkeztu zuenetik, bestelako paper banaketa bat izan du proiektuarekiko jarrerak, eta berria da horregatik fundazioaren aipamena. Ahaldun nagusiz ahaldun nagusi, Bizkaiko Aldundia beti aritu delako tiraka —proiektua «nahitaez» egingo zela esan zuen Elixabete Etxanobe egungo ahaldun nagusiak azken hauteskunde kanpainan Gernikan egindako agerpen batean—, Guggenheim fundazioa beti egon delako alde, eta Eusko Jaurlaritza beti izan delako animo hotzenak izan dituena. Eta, aldiz, orain, fundazioaren zuzendaritza aldaketa baten esperoan dagoela esanez, bi urteko gogoeta aldia zabaldu dutelako.

Guggenheim fundazioaren barruan, gehienbat, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari eta fundazioko mundu mailako estrategien alorreko zuzendariak jarri du proiektuaren aldeko ahotsa. Eta zirt edo zart egin behar zela adierazi zion iazko abenduan Deia egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. «2024 eta 2025eko biurteko honetan erabaki bat hartu behar dugu, zentzu batean edo bestean». Eta erabakia ezezkoa izango balitz «alternatiba» bat bilatzeko beharra ere aipatu zuen. «Museoa handitzeak mahai gainean jarraitzen baitu, eta museoak zerbait egin beharko baitu 2030erako».

Erabakia komunikatzeko moduak ez du sorpresarik piztu, ordea. Orain jakin denez, patronatuaren iazko azken bilkuran adostu baitzuten erakundeek eta Guggenheim fundazioak Urdaibaiko museoaren bideragarritasunaz gogoeta egiteko bi urteko tartea. Eta horri buruzko informazioa, ordea, urtarril amaieran eman dute. Eta ez da herritar xehea bakarrik, oraingoan, informazio zehatzagoaren faltan dagoena. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, museoaren alde ote zegoen galdetuta, hala erantzun baitzuen prentsaurrekoan: «Ez da erraza proiektuaren alde kokatzea, proiektu zehatz baten faltan eta nola kudeatuko den jakin gabe».

Erakundeek, oraingoz, jarraitu egingo dute museoaren etorrerarako eman beharreko pausoak ematen. Hala adierazi dute. Busturialdeko museoaren aurkako mobilizazioek, hauteskundeek, fundazioaren zuzendaritza aldaketek, zalantzazko bideragarritasunak eta hain bistara ez dauden beste hamaika elementuk erabakiko dute Urdaibain izurde honek agertzen eta desagertzen jarraituko duen edo, azkenik, bertan behera geratuko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.