Otsaila da. Entsegu gelan sartu da Arantza, argien diseinua egiten ari den lankidea, eta zera esan dit: «Kanpoan bero egiten du eta barruan hotz. Zein mundu aldrebesa!». «Agian planetaz aldatu beharko genuke», erantzun diot nik. Kaskarotak. Maskaradak. Mozorro zuriak. Puska biltzea. Koko marruak eta koko-dantzak.
Zezeila da. Leioako Kultur Maratilan estreinatuko du Lauka Teatroak bere lehen lana. Duela hamar urte baino gehiago Xabier Mendigurenek idatzi zuen Amodioaren ziega antzerkia. Preso dagoen baten eta bere bikotearen arteko aurrez aurreko bisitan (bis a bis-ean) gertatzen den istorioa kontatzen da. Gai latza. Gai gordina. Zoritxarrez, oraindik, gure artean hurbil sentitzen den gaia da euskal gatazkarena. Eta gai hau teatroan gehiago tratatu ez izanak beti harritu izan nau. Interes falta, beldurra, edo tabua? Batek daki! Teatroak gizartearekiko duen hurbiltasunean edo urruntasunean pentsatzen dut. Intxixuak. Kaldereroak. Santibate. Toribio. Zanpantzar. Aldabikaren erreketa. Inude eta artzainak.
Barantaila da. Le Petit Theatre de Pain, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedramako kideak elkartzen gabiltza hurrengo lana zein izango den adosteko. Gaia bilatzen gabiltza. Errautsak obran, lagun baten hileta eguna abiapuntu hartuta, belaunaldi bateko kuadrillakoak zertan bilakatzen ziren kontatzen genuen. Hamlet-en ostera, greban zeuden langile batzuen muturreko egoera bat plazaratzen genuen, antzokia eta publikoa sinbolikoki bahituz. Batzuek espero zuten benetako Hamlet bat. Honekin euskal teatroa salbatuko balitz... Baina tira! Ez da gaia. Harira! Jarraitzen dugu gai bat xerkatzen, irudi bat, hitz bat, esaldi bat, zeinaren bitartez publikoari zerbait mugiaraziko diogun, zerbait kontatuko diogun, zerbait galdetuko diogun. Zerbait unibertsala? Atorrak. Elegante eguna. Mamuxarroak. Sorgin-dantza. Marrauen sokadantza. Zarramuskeroak. Cascabobos eta Mascaritak.
Laura Bohannanek 1966an idatzi zuen Shakespeare in the busch (Shakespeare oihanean) artikulua etorri zait gogora. Lehen aldiz irakurri nuenean deigarria egin zitzaidan. Afrikako Tiv tribuko zahar eta gazteei Hamlet-en istorioa kontatu eta azaltzeko izan zituen zailtasunez idazten du antropologoak. Tanpi! Zortzikoa. Urdelarderio eguna. Axeri-dantza. Porreteroa eta Sorgina. Jardinzayen konpartsa. Ihauteak.
Kataila da. Beste herrialde askotan bezala Euskal Herri osoan ere aratuste edo inauteriak ospatzen dira. Jendeak bestea izateko aukera probesten du. Maskarek, pinturek, mozorroek, pelukek, jantziek eta denetarikoek balio dute zerbaiten atzean ezkutatzeko. Beldurra eragiteko, kritika pizteko eta festa egiteko garaia da. Nire kasuan, urte osoa bestea izaten pasatzen dut eta bitxia izan arren, ez dira hauek gehien maite ditudan festak, ez. Gehiago gozatzen dut ikusle bezala eta maite ditut Behe Nafarroako libertimenduak. Antzerki forma honek festa eta kritika giroan elkartzen ditu, plaza biribilduan, ikusle, dantzari, musikari, bertsolari eta zirtzilak (aktoreak). Duela urte batzuk geldotu bazen ere, Mattin Irigoienek Donapaleun eta Antton Lukuk Donibane Garazin lortu dute piztea eta arraberritzea. Udaberriaren miran, urtean zehar eskualdean gertatutako kontuak aipatzen dira era irrigarrian. Ez dakit gurea den (edo tziganoek ekarri zuten), baina gutaz ari dira. Unibertsoan gaude beraz, baina ez gara unibertsalak. Trapujaleen jaitsiera. Markitos. Talaik. Txantxoak. Txino-dantza. Zakuzarrak. Zahagi-dantza eta Hartza.
Duela gutxi entzun diot euskal zinemazuzendari bati bere azken filmak gai unibertsalak ukitzen dituela. Adierazpen honek harritu nau. Nik ere garai batean askotan erabiltzen nuen esaldia, Antzerkiola Imaginarioa zuzentzen nuenean batik bat. Egia esan, oso errekurrentea da! Baina, zer ari gara esaten unibertsala dela esaten dugunean? Mundu guztiak ulertuko duela? Mundu guztiari iritsiko zaiola? Zer da mundu guztia? Zer da unibertsala? Shakespeare? Bach? Picasso? Telebista eta Interneteko irudi zaparradak? Lander Garroren Gerra txikia eleberria unibertsala al da? Eta Otamendiren Kapital publikoa? Ziortzako Mikel Lertxundiren eskulturak? Itziar Bastarrikaren argazkiak? Berri Txarraken azken diskoa? Kukumarro. Martingala. Estudiantina. Sagar-dantza. Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak.
Egiten dugun teatroak geografia bat irudikatzen du, hizkuntza bat, kultura bat, imajinario bat, politika bat, erresistentzia bat. Egun pentsatzen eta egiten dugun teatroa ez da unibertsala. Agian, beste planeta batekoa da, edo beste galaxia batekoa, edo zulo beltz batetik irteten diren istorioak kontatzen ditugu. Guretzat. Zuretzat. Izan ere, hitzek denborarekin zentzua galtzen dute. Eta batzuetan, hobe inoiz zentzurik izan ez balute. Zentzu unibertsala! Bluk nire lagun-minak esango lukeen bezala: «Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten, unibertsoko plazan!».
LAUHAZKA
Unibertsala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu