Haizea Barcenilla
Begiz

Umerik gabeko emakume katuzaleak

2024ko irailaren 17a
05:05
Entzun

Donald Trumpek JD Vance lehendakariorderako hautatu zuenean, horrek elkarrizketa batean egindako adierazpen bat biral bilakatu zen. Haren aburuz, Kamala Harris umerik gabeko emakume katuzale bat zen heinean, ez luke aginterik izan beharko, halako emakumeek euren erabaki okerrek eragin dieten frustrazioa lurralde osoari igorri nahi diotelako. Estereotipoa ez da berria: Disneyk asko elikatu du ipuin tradizionalek eskaintzen zuten pertsonaia mota hori, Edurnezuriren amaordetik —hobe esanda, edozein amaordetatik—, Cruella de Vileraino. Sorgin zahar bakarti gaiztoak guztiak.

Ulergarria da, beraz, JD Vancek umerik gabeko emakume katuzaleen aurrean duen erreparoa. Baina horren atzean ez dago emakume horien ustezko frustrazioak eragin dezakeen hondamendia, emakume horiek arrakasta profesionalerako dituzten traba gutxiagoak baizik. Ez daudenez behartuta euren bizitza umeen zaintzari eskaintzera, lehiakide indartsuak izan daitezke, eta zilegitasuna kendu behar zaie.

Jakina da umeak izateak modu desberdinean eragin izan diela gizon eta emakumeen ibilbide profesionalei: gizonei ez die eragiten edo laguntzen die, eta emakumeei, aldiz, kalte egiten. Artearen esparrua adibide ona da, argi ikusten baita ibilbide profesional esanguratsua izan zuten artista emakume ugarik umerik ez zutela —katuzaleak ote ziren guztiak, ezin ziurtatu—. Sofonisba Anguissola, Angelica Kauffman, Rosa Bonheur, Mary Cassatt, Georgia O’Keeffe edota Hannah Höch dira horren adibide. Emakume askok ezkontzearekin batera utzi zuten artea, eta jarraitu zutenen artean –senar artista edo galeristak zituzten gehienek, edo dibortziatu ziren–, garaian ohikoa zen baino ume gutxiago izan zituzten: bakarra Elisabeth Vigée-Le Brunek, lau Jacques-Louis Davidek; bana Sonia Delaunayk, Berthe Morisotek eta Tamara de Lemickak, bost Renoirrek eta lau Picassok. Euskal Herrian joera antzekoa da: Menchu Galek ez zuen umerik izan, Mari Paz Jiménezek bakarra pintatzen hasi aurretik, eta Txillidak, aldiz, zortzi. Noski, bazen umerik gabeko gizon artistarik ere, Oteiza kasurako, baina zaila egiten da zortzi ume dituen emakume artista profesional bat imajinatzea, ezinezkoa ez esatearren.

Ez dut datu enpirikorik hau baieztatzeko, baina ziur nago artearen esparruan, proportzioan, ume kopuru nabarmen txikiagoa izan dutela emakumeek gizonek baino, eta handiagoa dela umerik gabeko emakumeen kopurua. Beste esparru askotan joera hau errepikatuko denez, ez da harritzekoa JD Vancek halako emakumeen gaineko konfiantza murriztu nahi izatea. Patriarkatuak beti erabili izan du ugalkortasuna emakumeen kontrolerako, politikan zein artean zein bizitzaren edozein esparrutan: gogoan zaituztegu, erretako sorgin katuzale guztiak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.