Artea. Begiz

Udako Euskal Unibertsitatea

Ismael Manterola
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Errenazimentua Europan UEUk 2004an argitaratutako liburua da. Gasteizko EHUko Letretako Fakultateko irakaslea zen Inazio Zendoiak ilusioz idatzi zuen, hil baino zerbait lehenago. Argitaratu zenetik, Arte Ederretako eta Arte Historiako ikasleentzat oinarrizko eskuliburua izan da Errenazimentuko irakasgaian erabiltzeko.

Ez da kanpoko eskuliburu baten itzulpena, sarritan euskarazko liburu urriekin gertatzen den modura, euskaraz sortutako unibertsitate mailako eskuliburua da.

Oro har, ez da arteari buruz asko argitaratzen euskaraz. Argitaratzen diren liburu gehienak itzulpenak dira; horregatik, balio izugarria du UEUk egindako ahalegina unibertsitate mailako materiala euskaraz argitaratzeko. Orain arte arteari buruz esan dudana beste edozeinarlori buruz esan dezakegula iruditzen zait, nahiz eta aditua ez izan.

Baina, ekonomiaren egoera kaskarra aitzakiatzat hartuta, hemendik aurrera zalantzan dago UEUk horrelako ekimenak bultzatzeko aukera izango ote duen. Ipar Euskal Herrian, 1973an, egoera okerragoetan sortutako Udako Euskal Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren diru laguntza galdu du. Isabel Zelaak murrizketak egiteko orduan ahulenak aukeratu ditu (eta, esan beharrik ez dago, euskaraz lan egiten dutenak). Ez dut uste diru gehiegi aurreztuko duenik, baina UEUrentzat bizirik jarraitzeko behar-beharrezkoa zen. Gainera, urtero-urtero errepikatzen zen diru laguntza finkoarekin ordaintzen ziren UEUko azpiegitura gehienak. Hemendik aurrera, UEU Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen mapatik desagertu da.

Ez dago krisia zalantzan jartzerik, baino agintean daudenak gero eta gehiago estrategia jakin baten arabera erabiltzen ari dira, gustatzen edo interesatzen ez zaiena desegiteko. Urte asko behar izan dira euskalgintzaren sareak ehuntzeko eta, batez ere, finkatzeko. Hala ere, beti izan da alor ahula (ekonomia aldetik, behintzat), eta orain desagertzeko arriskuan daude amaraun hauskor horren hainbat hari.

Zendoiaren liburuaren antzeko gehiago behar ditugulako (nik dakidala artearen epe jakin baten gaineko euskarazko eskuliburu bakarra da), UEUk bizirik jarraitu behar du, baldintza duinetan, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.