Iritzia

Txatalak

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Zein zen Lasarte galdetu diot neure buruari eta erantzunak pilatu zaizkit, perratokiko burdin-txatalak bezala, bata bestearen gainean. Lasarte zen lehenik Manueltxoren aitona, Ikastolako atean bilobaren zain egoten zen gizon argal eta zurbila. Txapelaren koloreko begi-zuloak zituen, haiek ere sakonak. Gero bertso-eskolan irakasle jardun zuen gizon hark, gu hara hurbiltzen hasi ginenerako erreleboa pasa bazuen ere.

Lasarte zen disko bat, gure etxean zegoen binilo bat, buelta eta buelta ibili zena, alaba galduaren bertsoak kanta eta kanta, hogeita hamahiru bira minutuko. Etxean kontatu ziguten bizimodu gogorra izan zuela diskotik zetorren ahots hark, auzo izateko zoria izan zutenek ederki zekitenez. Leitzatik Aiara, eta Aiatik Oriora etorri zen ahotsa zen.

Lasarte zen baserriko mutil edarizale bati jarri eta guk aurreko larunbateko parrandan kantatu genituen seiko motzen egilea. Ziria bezain zorrotzak ziren bertso haiek, umoretsuak baina atzean drama handi bat ezkutatzen zutenak. Drama, baina umorea ere bazelako Lasarte.

Loretxu tabernan egoten zen gizon isila zen Lasarte. Kalean apenas egingo zigun kaixo eta agur, baina gure aitari beti galdetuko zion gure berri. Erantzuna bazekien galdetu aurretik. Zurruna izan arren, estimutan jende asko zuen gizonak.

Lasarte Zaldibiako bertso-bazkari bat zen, Uztapiderekin. Doinu gozoz hasi eta buka, edonor ahozabalik uzteko moduko jarduna izan zen hirurogeita bederatziko hura. Bertso-bazkari haren zinta oraindik ere bertsolari askoren kotxean bueltaka ibiliko da, digitalaren aroan.

Lasarte kortse bat zen. Beti bere lekuan,bai bera, bai berak inguratzen zuena. Haikuak egiten zituen, errima estuz baina inoiz esaldirik behartu gabe. Batzuk kontatu egiten dugu: Lasartek esan egiten zuen.

Zaharren egoitzan birbiloba ezti, ez sinesteko moduan hartzen zuen birraitona zen Lasarte. Ezti bai, baina serio eta sendo. Bere kantaera bezalaxe.

Oroitzapen txatalak hartu eta elkarri txukun josteko bezain errementari onak ez garenok halaxe gogoratzen dugu Manuel Lasarte. Bere edozein bertsok bezala, oihartzun luzea izango du berak ere gure artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.