Jolifanto bambla ô falli bambla / grossiga m’pfa habla horem / égiga goramen / higo bloiko russula huju. 1916, Zurich, Suitza, Hugo Ball alemaniarra Cabaret Voltaire klubeko eszenatokira igo da, eta hitzok errezitatzen hasi. Karawane du poemak izena, esanahirik gabeko hitza, testuko beste guztiak bezala. Amaitu duenerako, Ball trantzean dago oholtzan eta bertatik atera behar izan dute; publikoak hartu du berak utzitako tokia.
Gertakari hura gogoan sortu dute Za! rock talde kataluniar martzianoak —ez duzue haiena baino zuzeneko dibertigarriagorik topatuko inguruotan— eta Perrate flamenko kantari sevillarrak Jolifanto izeneko diskoa, Hugo Ballen poesiaren lehen hitzari erreferentzia eginez. Rave kutsuko elektronika, quejío-ak, jazz esperimentazioa, kraut ukituak, txaloak, polirritmoak eta molde guztietako rock egiturak nahasi dituzte, zuzena, etereoa, indartsua eta askea ere baden disko eder batean. Oso freskoa da emaitza, asko baitu esperimentaziotik, jolasa ere baden esperimentaziotik: aukera posibleak irudikatzen dituen hori, mugarik ez balego bezala aritu nahi duena. Nabari da gozatu dutela bilaketa horretan, zehazten zaila baina agerikoa den energia bat dario diskoari. Iñaki Segurolak zioen: badago dena, dagoen guztia, baina ez dena ere badago. Segurola hitzekin jolasten zen, Hugo Ballek hitzen hertsiduretatik askatu nahi zuen, haietatik harago eta honago joan. Ez den hura zuen helmuga eta antzera, nik uste, Za! onomatopeikoek eta Perratek ere. Horretarako, ezinbestekoak dira sena, intuizioa eta, zergatik ez, baita magia ere. Lilura galdu duen gizarte honetan, hori guztia artean baitago, inon izatekotan. Hala behar luke, behintzat.
Artea tresna bat dela entzuten dudan bakoitzean oroitzen naiz Jolifanto diskoaren azalaz. Gailu arraro bat ageri da bertan: badu biratzeko heldulekua, zanpatu daitekeen malguki parea, gitarra puska, balantza batena izandako neurgailu baten zatia. Bihurritu, kolpatu, iradoki, eraldatu, txunditu egiteko gai den trastea dirudi, zail da igartzen beste zenbait kontutarako ere balio lezakeen zera horrek. Mailua? Noski, baita beste hamaika gauza ere.