Jean-Marie Broucareti egindako elkarrizketaren bidez —Ainhoa Sarasola, BERRIA, 2015-03-15— jakin dugu Translatines festibala ez dela ez udazken honetan ez hurrengoetan ere errepikatuko. Era horretan zabaldu da bertan behera geratuko dela hiru hamarkada baino gehiago zeukan ekimena, Baionako udal gobernu berriak ez duelako aurrerantzean diruz lagunduko.
Aurrera jarraitu baino lehen, esan dezadan ni behintzat minduta nagoela erabaki ulergaitz horrekin. Bistan denez, ez naiz Lapurdiko hiriburuan erroldatua, baina Euskal Herriko herritar eta munduko herritar bezala, antzematen dut garrantzi handiko zerbait galdu dugula, munduari begirako leiho bat hertsi zaigula eta Europara Euskal Herritik sartzeko atea blokeatu zaiela Latinoamerikako antzerki militanteari, pentsamolde desberdinei, kultura minorizatuei. Argi dago bai Baionako hiriak, eta bai Angeluk eta Miarritzek ere nabarituko dutela aukera horren gabezia.
Broucaretek elkarrizketan zioenez, «ez dute ongi neurtu publikoarentzat jaialdiak duen garrantzia». Eta nik gehituko nuke ez dutela ondo neurtu hiriarentzat eta, neurri txikiago batean, BAM osoarentzat duena. Alde horretatik, gogora dezagun festibalak Baionako hainbat leku baliatzen dituela —Hiriko antzokia, Euskal Museoa, Mediateka, Atalante zinema, Lauga aretoa...— eta baita Miarritzeko Decouvertes eta Colisee antzokiak, Angeluko Liburutegia eta Baroja karpa ere, besteak beste. Jardunaldien gune nagusia Baionako Elkarteen Etxean dago, eta benetan ikustekoa da bertako ekitaldietan biltzen den jendetza eta sortzen den giroa.
Izan ere, Translatines jardunaldietan ez dira bakarrik antzerki emanaldiak programatzen. Haiekin batera ugariak dira festibalak antolatzen dituen jarduera osagarriak; hala nola, kontzertuak, topaketak zuzendari eta egileekin, irakurketa dramatizatuak, aperitifa kritikoak eta liburu aurkezpenak, ikasleekin egindako lana ahantzi gabe, noski. Neure begiekin ikusi dut jarduera horiek guztiek arrakasta itzela dutela, eta behin baino gehiagotan geratu naiz kanpoan —eta ez naiz bakarra izan—, lokalak goraino beteta zeudelako adin guztietako zaletuekin. Zein beste ekimen edo proiektuk erakutsi ahalko du horrelako gaitasunik?
Diruz lagundua da festibala, ez bakarrik Baionako Herriko Etxearen aldetik, baina bai nagusiki. Ez ote da, bada, beraren betebeharra funtzionamendu miresgarriz, antolatzaileen entusiasmoz eta onarpen zabalaz bizi den proiektuari babesa ematea? Esango dute orain Culture-Sport delako gauza bat antolatu nahi dutela. Nork antolatu, ordea? Herriko Etxeak antolatu? Zerbitzu-enpresa buruargiren batek? Eta, bide horretatik hasita, zergatik ez proposatu Astronomie-Cuisine edota Opéra-Équitation kontzeptu ezin berriagoak?
Urrun geratzen dira 2011n jardunean zegoen Kultura zinegotziaren hitzak: Baionako udalak bere areto nagusian artistei egin zien harrera, eta niretzat pozgarria izan zen berari entzutea zinezko ohorea zela Ñi Pu Tremen antzezlaneko emakume maputxeak gurera etorri izana. Arlo pertsonalean ere, bihotzean gordetzen dut beraiekin mapudunguneko eta euskarazko esaldiak trukatu, eta kultura kontuak konpartitu izanaren pribilegioa. Lan teluriko haren paraleloan Emabide izeneko euskarazko antzezlan dokumentala sortu zen —Donostian ere eman zen gero— Iparraldeko bederatzi emakumeren bizipenekin osatua, eta beste lan batzuk ere etorri dira Donostiara, gure hirien arteko sarea gehiago ehunduz.
Denok izan gara hasiberriak, eta asko ikasi behar dugu akatsetatik. Helduak garenean eta ardura publikoak ditugunean, ordea, zuhurragoak izan beharra dugu eta bat-bateko burutazio estralurtarrak tiraderan gorde. Kontrako bideak Munduko Auzapez Onenaren titulua eskuratzera darama, Bilboko alkateari gertatu zitzaion bezala. Bera pozik geratuko zen, baina Bilbon jaio eta bizi garenok behintzat ez genion inoiz domina hura eman.
IRITZIA
Translatines gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu