Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

Tontodromoa

2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Badirudi Bretxa merkataritza guneko zinema aretoak itxi behar dituztela. Ez da harritzekoa. Zinemaldia ez den egunetan geroz eta gutxiagotan joaten gara zinemara. Zinema aretoa desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da. Dinosauroa. Batzuk salbatuko dira, baina ekosistema ez da garai batekoa izango. Zinema aretoak, ikus-entzunezkoen eremuan, zoologikoak natura eremuan betetzen duen toki bera betetzen du egun.

Zergatik? Zinema aretoak pelikulak ikusteko gune bilakatu direlako. Horretarako soilik erabiltzen ditugulako. Eta ez da beti horrela izan. Ni nerabe nintzenean, zinema bilgunea zen. Eguraldi txarreko arratsalde batean ez zegoen plan hoberik. Guk ez genuen lokalik, eta gazteegiak ginen tabernen zirkuituan hasteko. Kalera nora ezean ateratzen ginen. Denbora pasa.

Nerabe donostiarrok, gure lehen neska edo mutil horrekin, maitasuna deskubritzera gune beretsuetara jotzen genuen. Portura, adibidez. Tontodromo gisa ezaguna zen moilara. Bertan, bikote ugari biltzen zen elkarri hortzak jatera. Tontolitoz gainezka egoten zen moila hark zuri-beltzeko italiar pelikula batetik ateratakoa zirudien.

Neguan, ordea, arratsaldeak luzeegiak izaten ziren Tontodromoan, eta zinemaren babesa bilatzen genuen. Eta iluntasuna. Zinema areto horietako asko desagertzen joan dira. Astoria, Savoy, Amaia, Miramar eta Rex aretoetako atzealdeko ilaretan, orduak eman genituen munduko pelikularik ederrenean aktore gisa. Bretxa zinema aretoak ez dira Tontodromo izan niretzat, eta zalantzak ditut egun zinema aretoak Tontodromo direnik ere. Donostiako kaia nagusiki turisten pasealeku den moduan, zinema aretoak galtzen joan dira beren hôtel d'amour izaera. Baina tarteka, oraindik, nostalgikoren batek alboan duen maiteari«nahigabe» eskua jarriko dio hankartean.

Horregatik, zinema areto bat ixten den bakoitzean ez da soilik zinema areto bat ixten. Tontodromo bat desagertzen da. Eta horrekin batera, eserleku deseroso horietan maitasuna eta sexua deskubritu genuen azken mohikanoen memoriaren paisaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.