Andoni Imaz
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Teshigahararen mundua

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zaila izaten da ezer gogoratzea Zinemaldiko egun frenetikoetan, baina datu hau ez zait ahaztu: Hiroshi Teshigahararen Suna no onna pelikulak (Emakumea hondarretan, 1964) 50 bat kilo pisatzen du, jaialdiko proiekzionista bati entzun diodanez. Izan ere, zinemagile japoniarrari buruzko atzera begirakoa osatzen duten filmak formatu analogikoan ari dira ematen —bai nik ikusitako guztiak behintzat—, eta horrek are bereziago bihurtu du jaialdiaren babesleku hori.

Teshigahararen fikziozko lehen hiru film luzeak beste mundu batekoak dira: Otoshi-ana (Tranpa, 1962), Emakumea hondarretan eta Tanin no kao (Bestearen aurpegia, 1966). Badute loturarik herrialdearekin eta garaiarekin, eta Bestearen aurpegia-k, esaterako, bonba atomikoen arrastoei buruzko pasarte esplizituak ditu, baina orokorrean espazio zehaztugabeetan gertatzen direla dirudi, mundu pertsonal arraro batean.

Hiru gidoiak Kobo Aberenak dira —Wim Wendersen Perfect Days zoragarriko protagonistak irakurtzen duen Abe berberarenak—; absurdoaren poetika batek biltzen ditu bai gaiak eta bai irudiak. Oso agerikoa da Tranpa-n, hildakoak mamu bihurtzen baitira, Toru Takemitsuren musika misteriotsuak ezin hobeto lagunduta, eta Emakumea hondarretan funtsezkoan ere bai, hareaz betetako inguru itogarri hartan. Dena dela, zinema aretoan Bestearen aurpegia-k liluratu nau gehien, batez ere espazioak, objektuak eta pertsonak filmatzeko modu irudimentsuarengatik. Psikiatraren kontsultako plano bakoitza da zehatza eta bikaina, eta sinbolismoak badu bere mamia.

Joan den eguneko hitzaldian, Albert Serra zinemagileak azaldu zuen, haren ustez, dokumental batek galdera bat piztu behar diola ikusleari, beste ezeren gainetik: «Hau nola demontre egin dute?». Berak hori sentitu izan omen du Wang Bingen eta Ulrich Seidlen lanak ikustean, besteak beste, mugak lausoak direlako, inoiz ez dagoelako garbi pantailan ageri direnek ba ote dakiten film batean daudela. Ideia interesgarria da —Serrak gauza interesgarriak esaten ditu maiz—, baita kontrakoa pentsatzeko ere.

Teshigahara 1959an joan zen lehenengoz Bartzelonara, eta Antonio Gaudi arkitektoaren lanak filmatzeari ekin zion; 1984ko Antonio Gaudí dokumentala da emaitza. Irudiak eta soinuak badira ikusleak katigatzeko gai, eta kontenplazio bidaia horrek izan lezake misterio kutsu bat, baina esperientziaren logika bestelakoa da. Nola egin duten? Argi dago: kamera hartu, eta filmatu. Horrek erakusten du, akaso, badela beste era bateko lilura bat, begien bistako detaileak harrapatze soilak eragiten duena.

Ezinezko giroak imajinatzen zituen zuzendaria, eta dokumentalista behatzailea; bien eskutik iristen da benetan Teshigahararen mundura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.