Zer pentsatua eman zidan Donostiako Tabakaleran ikusgai dagoen Visiones Cuánticas (izenburuak ez dauka euskarazko bertsiorik) erakusketak. Azalpen eskuorriaren arabera, Zientziaren eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen barruan kokatu behar dugun erakusketak kuantikoaren alderdi poetiko, filosofiko eta estetikoaren artelanak bildu nahi ditu.
Kasualitateak eraginda edo giroan dagoelako, azken boladan artearen eta zientziaren arteko elkarlana aztertzeko gaia jorratu dugu hainbat tokitan; horregatik pentsatu nuen Tabakalerako erakusketa elkarlan horren beste adibideren bat izango zela. Baina, nahiz eta nire jarrera gogotsua izan, erakusketak ez zidan aukera handirik eman bi munduen arteko harremanaz gozatzeko. Lehenik eta behin, erakusketa artelanen bilduma bat baino gehiago delako, eta alderdi horretatik ezin izan nion jarraipenik edo hari zehatzik topatu begi aurrean neuzkan eta elkarren ondoan zeuden artelanei. Artelanak proiektu isolatu moduan ikusteak ez dio mesede handirik egiten erakusketa bati, eta, nahiz eta askotariko erakusketa ugariren arazoa izan, kasu honetan gehiago zainduko nituzke muntatzea edo erakusteko moduak.
Bestaldetik, zaila da artelanak bere horretan gozatzea aldamenean dituzten azalpen txartelak irakurri gabe, eta, irakurrita ere, kasu batzuetan ez dira erraz ulertzeko proiektuak. Ados nago gaur egun arteak ez direla zentzuen bidezko ezagupenera mugatzen; kontzeptuak eta proiektuaren gaineko bitartekoak interes berezia dute artelan bat aurkezteko orduan, baina hasieran esku-orriak aipatutako alderdi estetikoa faltan sumatu nuen behin baino gehiagotan. Arteen ezaugarrietako bat zentzuen parte hartzean dagoela uste dut, horregatik zaila egiten zaizkit testuetan edo filosofia hutsean oinarritzen diren proposamenak.
Erakusketan zehar behin bakarrik gertatu zitzaidan kontrakoa; hain zuzen, Yunchul Kim artista korearrak aurkeztutako lanak erakargarritasun estetiko handia izan arren, zaila da ulertzea hain prozesu konplikatua eta zientifikoa erabiltzea emaitza hain bisualerako. Ez dakit bide errazago batetik ez ote litzatekeen toki berera iritsiko. Azken finean, zalantzan nago noraino interesatzen zaigun jakitea algak hidrogel bihurtu diren edo ez, aurrean dugun objektua ikusten dugunean.
Erakusketatik irtendakoan, neure buruari galdetu nion ea hain teknikoak eta konplexuak diren bitartekoak beharrezkoak ote diren toki sinpleetara iristeko. Batzuetan pentsatzen dut arkatza dela arteak eskura duen tresnarik eraginkorrena (eta jasangarriena, gehituko nuke, gaur egunean modan dagoen hitza erabilita).