Katixa Dolhare-Zaldunbide.
HIRUDIA

'Te hotu Ma'ohi'

2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Egia erran, pentsamolde feministak berriki arte ez nau hunkitu. Alabaina, betidanik ikusi dut etxean aita barneko lanen egiten, gehienetan ama baino goizago sartzen zelako lanetik, eta egun libro gehiago bazituelako: garbiketa, xuriketak, lisaketak, bazkari-afari prestatzea... hori guzia arrunt ontsa partekatu izan dute beti. Emazte eta gizonen arteko berdintasuna eztabaidarik gabeko egoera normaltzat geneukan anaiak eta biok, horrelaxe heziak izan gara eta ez dugu nehoiz bestela amestu bikote eta familia bizitza.

Hurbileko gizartean eta munduan gaindi bi sexuen arteko harremanak uste baino konplikatuagoak zirela deskubritu nuelarik, gauza sinesgaitza iruditu zitzaigun. Orain ere, neke zait onartzea badatekeela emakumezko ikuspegia, emakumezko artea, emakumezko literatura, eta horren parean gizonezkoak, pisu ezberdinetakoak. Halere, nahi eta nahi ez, aitortzekoa dut begi bistakoa dela emazte eta gizon eraginen arteko desoreka, batez ere, horixe zaigulako interesatzen zutabe honetan, literatura munduan, are gehiago periferiako literaturan. Begira adibidez joan den astelehenean iragan den Sarako liburu azoka —Iparraldean gure «Durango»—: aspaldiko partez, emazte bat sariztatua izan da, Itxaro Borda, eta ohargarri da egun hartan emakumezko hizlari bakarra izan dela dozena bat gizonen artetik.

Gai horri gero eta gehiago interesatzen ari naizela eta, Wallis eta Futuna artxipelagotik itzuli adiskide batek deskubriarazi dizkit Polinesiako zonbait emazte idazleren lanak, plazerez ezagutarazi nahiko nizkizuenak. Kaledonia Berritik aipatuko nituzke bi. Dewe Gorode, 1949an sortua, Kanaken historia eta nortasunaren transmititzailea da, gogoetak sortuz ere emazte eta gazteen lekuaz herrian. Sous les Conques (1985) olerkietan, Chroniques du pays kanak (1999) saiakeretan, Utê Mûrûnû, petite fleur de cocotier (1994) eta L'Agenda (1996) ipuin bildumetan, kanaken dolu eta pairamenak, oldartzeak eta itxaropena ditu plazaratzen, betiere emazte ikuspegitik, kolonialismoaren aurkako borrokari uztartuz kanak herriaren baitako emazteena, askatasun gosez. Azpimarratzen du horienganako gaitzespena isiltasun ahalkegarrian iragaten dela: «Eta biziki luze bizi banintz ere/ lur gaineko hizkuntza guzietan ere/ ez nekike erraten ez idazten/ inoiz ez nezakeelako aski jakinen». Modu gordinago batean, Tahitiko Chantal Spitz asaldatzen da ere bere obran kolonialismoaren kontra. L'ÃŽle des rêves écrasés eleberrian (1991) Frantziak 1960 hamarkadan eraiki Esperimentazio Atomikoarendako Zentroa biziki gogorki salatzen du; Hombo nobelan berriz (2002), gazteriaren herratze eta zedarri eskas patetikoak ditu erakusten idazleak. Aipa nitzake ere Celestine Hitiura Vaite eta Breadfruit horren eleberria (2000), emazte tahitiar arruntaren bizitza kondatzen duena, edo Sia Figiel, Samoako lehen emazte idazlea, uharte hartako egunerokoa erakusten duen The Girl in the Moon Circle nobelaren autorea (1966).

Liburu horiek gozamen iturri handiak izan dira enetzat, irakaspen eta emozio iturritzat izan ditudalako. Baina bihotzeko ximiko mingarria sorrarazten didate ez direlako tokiko mintzairetan idatziak izan. «Zoin hizkuntzatan idatzi?» galdegiten zuen preseski Littérama'ohi aldizkari literarioaren zenbaki batek, 2003an. Galdera nahasgarria, zuen ihardetsi Titaua Peuk: hizkuntza indigenak hain dira gutietsiak izan, non elite militanteek baizik ez dituzten menperatzen aski idazteko (aitzinagoko poeten jeniotik ezin hurbilduz alta, diotenaz), irakurle bakar batzuentzat —hots, beren artekoentzat...—. Funtsean, ene adiskideak Wallisen bertako mintzaira ikasi nahi izan zuen, baina nehor ez zuen aurkitu hari kurtsorik emateko gai zenik. «Makatea ï,/ Ua rau te huru o te 'oto o tÿ 'Ç'ai,/ Tei hea ia te mau raut·?»/ «O Makatea,/ Zure leiendako soinuak anitzak dira,/ Baina nun ote hizlariak?» (Te'ura Camelia Marakai).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.