Aste honetan hil da, eta komunikabide guztiek jakinarazi digute. XX. mendeko artista handienetakoa omen zen, eta hala uste dut nik ere. Jenio hitza hainbat tokitan idatzita ikusi ez banu.
Antoni Tapies artista interesgarria izan da, Espainiako gerra zibilaren eta Bigarren mundu gerraren ondoren Europako artea berritu zuen horietakoa, abangoardien lekukoa hartu eta aurrera egitea erabaki zuen horietakoa, nahiz eta Espainiako politika eta kultur giroa kontrakoa izan.
Miroren miresle sutsuak ziren Dau al Set taldeko kideak; gerra aurreko artearen ausardia eta konpromiso soziala eredutzat hartu zuten, nahiz eta Francok eta ingurukoek guztia ezabatzeko ahalegin izugarria egin —masakreak eta guzti—. Hala ere, Joan Ponç, Arnau Puig eta Joan Brossarekin batera, Tapiesek abangoardiako artea aldarrikatzeko taldea eta aldizkaria osatu zituen.
Gero etorri zen Francoren diktaduraren onarpena, baldintzatutako onarpena hala ere. Artista berritzaile batzuk Espainiatik kanpo geldiezinezko arrakasta lortzen ari zirela ikusita, ez zuten beste aukerarik izan; hori bai, muga barruan edozein mugimendu berritzaile eta askatzaile gogor zapaldu edo urretik zelatatzen zen bitartean.
Joaquin Ruiz Jimenez izan zen lehenetarikoa konturatzen arteak diktaduraren zabaltasun itxura emateko aukera zuela. Horregatik, kanpoan egiten ziren erakusketetara Tapiesen lana eramatea onartu zuten, eta gero bultzatu, atzerrian Espainia iraganean gelditutako herrialdea ez zela erakusteko.
Horrek kontraesan handiak sortu zituen artisten artean, eta gaur egun ere, zaila da asmatzea jarrera haiekin Francoren diktadura legitimatzen edo, aldiz, diktadura ataka zailean jartzen ari ziren. Baina Espainiako mugetatik begiratuta egoera ez zen hain erraza. Kanpotik zetorren informazioa eskasa zen, eta arte modernoa egiten zutenentzat erakustea eta saltzea oso zaila zen, txantxetarako edo isekarako erabiltzen ez zituztenean.
Tapiesi kanpoan lortutako arrakastak immunitate antzekoa eman zion; artista ezagunegia zen kartzelatzeko edo beste modu batera zigortzeko, horregatik behin baino gehiagotan aurre egin zion diktadurari, batez ere Kataluniako kultura eta hizkuntza defendatzeko eta heriotza zigorrak salatzeko.
Artista jenioaren ideiarekin edulkoratu nahi duten komunikabideen aurrean, bere garaiarekin eta gizartearekin lotuta egon delako merezi du Tapiesek handien artean txoko bat.
Artea. Begiz
Tapies
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu