Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Svante eta Annie

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Suediar edo norvegiar bat jartzen da kameren aurrean eta iragarri egiten du urliak edo sandiak urte horretako Nobel saria irabazi duela. Normalean, lehenengo aldiz ari naiz entzuten saridun horren izena. Literatura Nobelarena izan daiteke salbuespen bakarra, eta hori ere, ez beti: handiak dira nire ezjakintasunaren bataila-eremuak, egunero zabaltzen dira gainera. Aurten, ordea, Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria ezaguna zitzaidan izen bati egokitu zaio: Svante Paabo delakoari, suediarra bera. Ilusioa egin dit.

Orain dela pare bat urte, oporretan nengoela eta irakurgairik-gabe-geratuko-naiz-oporraldiaren-erdian ohiko antsietatea piztu zitzaidala, museo bateko dendan ikusi nuen Neandertala eta bere genomari buruzko dibulgazio liburu bat: Neandertalgo gizona, genoma galduen bila. Ikusi eta erosi. Svante Paabo zen egilea, paleogenetista prestigiotsua antza.

Ez dakit zer ikusi nuen azalean edo izenburuan, ez nintzen orduan bereziki Neandertal zalea, genoma zer zen ere nekez esan nezakeen, baina kontua da liburua erosi eta berehala murgildu nintzela bere orrialdeetan. Detektibe nobela delako berez kontaketa, izenburuak berak agerian uzten duenez. Bertan, Svante Paabok berak kontatzen du nola bizitza osoa eman duen gauza oso zehatz baten bila: orain dela milaka urte hildako bizidunen DNA berreskuratu eta sekuentziatu nahian. Azkenean, lortu egin zuen. Bere lantaldearen ahaleginarekin batera, Neandertalaren genomaren sekuentziazioa argitaratu zuen 2010ean, eta, harekin batera, sekulako errebelazioak ere bai. Aztoragarriena: denok dugula egun Neandertalaren genomaren portzentaje bat gure DNAn txertatua. Batez ere euroasiarrok. Gu gara, beraz, neandertalenak. Baina gaur Lurra zapaltzen duen Homo sapiens orok darama bere baitan orain dela milaka urte gertatutako gurutzaketa baten emaitza: Homo sapiens guztien arbasoen artean neandertala ere badago. Espezie hori ez da, beraz, erabat inoiz desagertu.

Deskubrimendu harrigarri honekin nahikoa ez, eta Paaboren liburua argigarria da oso zientziaren funtzionamenduaren gainean. Hitz gutxitan esanda: zenbat zailtasuna burokratiko, ekonomiko eta are politiko gainditu behar diren egun zientzia egin ahal izateko. Eta punta-puntako zientziaz ari naiz, Nobela irabazten duten horiek egiten dutenaz. Bada horiek ere gorriak ikusten dituzte laborategiak zabalik mantentzeko, gazteak behar bezala formatzeko, politikari lokalen ika-mikek beren lanari kalte egin ez diezaieten saiatzen.

Hirugarren arrazoi batengatik ere egin zitzaidan interesgarria paleogenetista honen liburua. Arrazoi literarioengatik. Edo hobe esanda: moda literarioen uhin hedakorra noraino hel daitekeen jabetu nintzelako zientzialari honen liburua irakurriz. Kontatzen duen hau guztia zirraragarria izanik, oraindik sentitu du Paabok bere kontaketaren baitan zertzelada autobiografikoak han-hemenka sartzeko bulkada. Laborategi saio luzeen erdian bisexuala dela konturatzen dela esaten digu —gaztetan gaytzat zuenean bere burua—, bileraz bilera ezkonduta zegoen lankide batekin maitemintzen dela eta berarekin afera adulteroa bizi izan duela, are maitalea zenarekin ezkontzen denean ere Hawaiira doazela oporretan eta maitasuna egiten dutela hondartzan, izarren pean.

Zergatik, Svante? Zergatik kontatzen didazu hau? Nik FOXP2 geneari buruz gehiago jakin nahi dut, zure deskubrimenduek geure esentziarengan duten inpaktuaz zurekin hausnartu. Zuk errebelatutakoak, Svante, humanoa izateaz pentsatzen duguna kolokan jartzen du. Kontaidazu gehiago horretaz, arren, eta ahaztu momentu batez zure maite-kontuak, erabat lekuz kanpo daudenak.

Hori pentsatzen nuen, apur bat lotsatuta, pasarte horiek irakurriz.

Paaboren Nobela iragarri eta hiru egunetara, Annie Ernauxi egokitu zaio Literatura Nobel saria. Benetako euforia sentitu dut inguruan. Asko da Ernauxek gaurko idazleei eman diena, bereziki emakumeei. Niari buruzko goi literatura egin daitekeela berresten du liburu bakoitzarekin, bere kasuan niari buruz hitz egitea gizarteari buruz hitz egitea delakoa azken finean, eta ariketa erabat politikoa beraz. Liburuz liburu, emakumearen intimitatearen potentzia iraultzaileaz konbentzitu gaitu.

Bere arrakastari, ordea, ikusten diot ere desabantailarik. Denok iritsi baikaitezke pentsatzera guk ere egin dezakegula Ernauxek egiten duena. Azkenean denok dugu intimitate bat, bizitza pribatu bat, ni kuttun bat. Eta horretaz idaztera jartzen gara. Edozein modutan. Zabarki eta ondorio estetiko, literario eta politikoak kontuan hartu gabe. Orduan Svante Paaboren liburuan nabaritzen dena gertatzen da: irrelebantzia barregarria, banitateari egindako kontzesioa edo moda literarioari hausnarketarik gabe jarraitzeko ahalegina.

Gure garaiaren ajeak.

Hala ere, zorionak, Paabo jauna, gizakia izateko beste modu batzuk badaudela zientifikoki frogatu duzu eta nire miresmena baduzu.

Eta, nola ez, zorionak, madame Ernaux, idatzi behar ez zen horretaz idatzi duzu, bazeudela beste bide batzuk enpirikoki frogatu duzu, eta orain mundu guztiak nahi du zuk bezala idatzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.